• Mota: Bestelakoak
  • Hitz gakoak: liburu, elur, ilargi, koldo, izagirre, prosa, txorimalo, poetiko, bidezain, gauzetan

Gauzetan


HABE aldizkariaren 28. alean eman ziren argitara bi pasarte hauek, 1983an. Testuak eguneratuta ekarri ditugu orain IPUINAK atalera.

 

Gauzetan. Koldo Izagirre. Zertxobait egokitua. 1979.ean argitara eman zuen Izagirrek liburu hau. Bertan narrazio laburrak, denak prosa poetiko batean, eskaintzen dizkigu.
Izagirreren beste zenbait obra: "Zergatik bai", "Itsaso ahantzia", "Guardasol ahantzia", "Euskal lokuzioak".


LEHEN ZATIA

Ilargia nahi zuen harrapatu eta arbola gainera igo zen.

Neguan arbolak biluzik bizi izaten dira, eta hotzak daude gau eta egun.

Ilargia nahi zuen harrapatu eta negu gorria zen.

Hotzikara batek astindu zituen arbolaren beso ihartuak, eta haien artean geratu zen gatibu.

Arbola gainera igo zen negu gorria izanik.

Biharamun goizean hezur izoztu batzuk aurkitu zituzten arbola inguruan.

Arbolak ezin baitzion ilargiari neguan traizioa egin.

BIGARREN ZATIA

Ez ateratzeko esan zigun artzainak, eguraldia ilun zegoela, haize zoroa zebilela. Kasurik egin gabe, motxilak hartu eta bidean gora abiatu ginen. Artzain zaharra bordan geratu zen, guregatik gaizki esaka.

Nafarroako Arantzatik gora Mendaur dago. Tontorrean Trinitate ermita, eta beste aldean, behean, Ituren, gure helburua.

Ordu erdi bat ere ez genuen egingo mendian barrena, elurra hasi zuenean. Atzera egin, inondik ere ez. Nora jo ordea? Bi metrotara ez zen ezer ikusten. Horrela geunden eta giza irudi bat agertu zitzaigun ondoko pinuen artean, bere elurrezko besoaz bidea erakutsiz.

Beste bitan galdu genuen arrastoa, eta bietan elurrezko txorimaloa azaldu.

Lau egun igaro genituen Trinitate ermitan; zopa egiteko elurra urtu, hankak berotzeko sua egin. Bosgarrenean atea jo zuten: eguzkia ageri zen, eta han, ehunen bat metrotara, elurrezko irudia, Iturenerako bidea seinalatuz.

Berriro hasi zuen elurra, berriro galdu ginen. Gure bidezain zuria azaldu zenean, lepotik heldu eta kolpe-ostikoka desegin genuen: elurrezko jantziaren azpian, artzain zaharraren gorputz izoztua.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ARRASTOA.- Rastro.
BIDEZAIN.- Bideko gidari, bide-erakusle.
GAIZKI ESAKA.- Marmarrean.
GATIBU.- Preso/a.
HOTZIKARA.- Dardara.
IZOZTUA.- Hormatua, jelatua.
NEGU GORRIA.- Gorria adjektiboa era askotan erabiltzen da euskaraz: Larru gorria, gosete gorria, miseria gorria, etab.
NORA JO.- Nora joan. "Jo" esaldi askotan erabiltzen den aditza da: behera jo. hondoa jo. adarra jo, sagarra jo, begiz jo, etab.
TONTOR.- Gailur, mendi-punta.
TXORIMALO.- Espantapájaros.
 

B1
1983-08-11
16168770
1615