• Mota: Bestelakoak
  • Hitz gakoak: ipuin, alaba, ezkontza, senar, eguzki, haize, habia, arratoi, aberats, horma, ortzi, xarmant, arratoikume, hodeitzar, marraskatu, ufada

Arratoien ezkontza


HABE aldizkariaren 10. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Bazen behin batez arratoi bikote aberats bat. Oso aberatsak ziren, urtetan garia, artoa, ilarrak eta zenbait barazki erruz biltzea lortu zuten.

Ez zuten seme-alabarik, ordea, eta familia izatea zen beren ilusiorik handiena. Sekulako ahaleginak egin zituzten eta, azkenean, arratoi amak alabatxo bat izan zuen.

Munduko arratoirik politena izatera heldu zen eta aitak bere alaba kuttuna ezkontzea erabaki zuen. Ez zuen, ordea, inguruan bere alabarentzako moduko inor ikusten.

Gogoeta asko egin ondoren, guraso arratoiek esan zuten: «Gure alaba munduko arratoirik ederrena da. Berarentzat munduko senarrik hoberena aurkitu behar dugu».

Eta aitak asko pentsatu ondoren, erabakia hartu zuen: «Ortzian nagusi den Eguzkia da munduan lehena».

Bikotea eta beren alabatxoa ortzira joan ziren. Heldu zirenean, aitak Eguzkiari begirune handiz esan zion:

«Eguzki Jauna, zu zara munduan lehena, Nire alaba emaztetzat hartzea eskatzen dizut, bera baita arratoirik xarmantena. »

-Eskertzen dizut - erantzun zion Eguzkiak-, baina bada ni baino gehiago dena.

-Zein da, bada, Eguzkia baino gehiago?

-Hodeitzarra. Nik berotu nahi badut ere, aurrean Hodeitzarra jartzen bazait, ezinezkoa gertatzen zait; ni baino gehiago da bera.

-Halaxe da, eta gu konturatu gabe - baieztatu zuen arratoi aitak.

Eta Eguzkia agurtu ondoren, Hodeitzarraren etxera joan ziren. Aitak eskari bera egin zion Hodeitzarrari.

-« Eskertzen dizut, biziki eskertu ere - erantzun zion Hodeitzarrak - bada baina ni baino gehiago dena.»

-Zein?, galdetu zioten harriturik.

-Haizea. Bere ufadaz bultzatzen nauenean, nik baino indar gehiago du.

-Egia da!

Eta Haizearengana joan ziren, gauza bera eskatzera.

-Oso harro jarri zen haizea, baina gero apalki aitortu zien: «Bada ni baino gehiago dena».

-Zein, bada?

-Horma- erantzun zien. Hormak gerarazten nau ni; haren aurrean amaitzen dira nire indarrak.

Lasterka irten ziren Hormaren bila eta beren eskaria egin zioten.

-Ez zabiltzate zuzen- erantzun zien Hormak. Ezagutzen dut ni baino gehiago dena.

-Nola? Esan azkar, zein da hori?

-Zu zeu, arratoi jauna. Sendotzat hartzen nauzu, baina arratoiek nire oinarria marraskatzen badute, bertan behera erortzen naiz. Ezin, bada, nik halako arratoirik emaztetzat hartu.

Aita txunditurik geratu zen eta Hormak esandakoari bueltak ematen ari zelarik, oihuka esan zuen:

«Ez naiz orain arte konturatu; arratoiok gara munduan indartsuenak.»

Etxera heldu zirenean, arratoien artean Txusuke aukeratzea erabaki zuten beren alabaren senar bezala.

Senar gaztea pozik bizi izan zen munduko arratoirik xarmantenarekin. Arratoikume pila ederra izan zuten eta beren habian zoriontasunik gozoena izan zuten.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

APALKI AITORTU- Umilki esan.
BAIEZTATU - Afirmar.
BARAZKI - Ortuaria: Hortaliza.
BEGIRUNE- Errespetu; begiramen.
ERABAKI - Decisión. Erabakia hartu; deliberatu.
ERRUZ – Ugari.
ESKARI - Petición.
EZINEZKO - Imposible.
GOGOETA- Hausnarketa.
HABIA - Kabia. Nido.
HODEITZAR - Hodei handia.
ILAR - Guisante.
MARRASKATU- Roer.
ORTZI - Firmamento.
TXUNDITURIK – Harriturik.
UFADA - Putzaldia. Soplido.
XARMANT - Xarmagarri; liluragarri: Encantador/a.
 

B1
1982-06-01
16168343
2034