• Hitz gakoak: erreka, ipuin, harri eta zur, oihu, zubi, beherakada, gezurti, azeri, ehunka, izerditan blai

Azeriak


HABE aldizkariaren 9. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Bazen behin batez mutil gezurti bat. Halako batean aitarekin irten zen inoiz izan gabeko herri batera. Pozik zihoazen aita-semeak, semeak bat-batean bota zuenean:

-Herenegun bai ikusi nituela azeriak! Zenbat azeri ikusi ote nituen?

-Zenbat ikusiko zenituen, bada -esan zion aitak, nondik herren egiten zuen ondo jakinik. Lau ikusiko zenituen?

-Alajainkoa! Lau! Ez ba! Gehiago!

-Zortzi?

-Gehiago!

-Hamabi?

-Gehiago!

-Hogei?

-Gehiago ..., gehiago!

-Hogeita hamarren bat ikusiko al zenituen, ba?

-Askozaz gehiago, aita.

-Berrogeita hamar izango al ziren?

-Ez, aita, ehun baino gehiago.

-Asko iruditzen zaizkit, seme.

-Ba ehunka ikusi nituen.
 
Bukatutzat eman zuen aitak elkarrizketa, Bideari jarraitu zioten, Hitz egiten aspertu ziren eta bide-zati luzea isilik egin ondoren, eguzkia ezkutatu zenean eta iluna nagusitu, etengabeko hots bat hasi ziren entzuten. Mutila beldurtu egin zen eta aitarengana hurbildu.

-Aita zer hots da hori?

-Ez izan beldurrik, ur-hotsa da. Hemendik ordu laurden batera, zubi baten gainetik pasatuko gara.

-Zubi bat?

-Bai!

-Ez al du arriskurik?

-Ez. Gezurtiren bat pasatzen denean bakarrik erortzen da.

Harri eta zur geratu zen mutila. Baina ez denbora luzez. Isiluneak ez zuen bi minutu ere iraun. Bat-batean bota zuen:

-Aita, ba al dakizu azeri asko iruditzen zaizkidala?

-A! Esan dizut nik asko zirela.

-Asko ziren, aita, baina ehunka ez.
-Laurogeita hamarren bat ba ote ziren?

-Gutxiago, aita, gutxiago.

-Hirurogei?

-Ez ba, aita, ezetz, ez zirela hainbeste!

-Bai, bai... badakit nik hainbeste azeri batera joatea zaila dela. Berrogeita hamar ere asko dira!

-Azkar, azkar; ken azeriak, aita, ez ziren hainbeste eta

-Ez zirela hainbeste?

-Ez, ez, beldurtu egin nintzen, baina,..

Presa zuen mutil gezurtiak, gero eta gertuago entzuten baitzuen erreka-hotsa, Zubitik hogei bat metrotara heldu zirenean, aitak:

-Beno, baina, bost izango ziren!

Semeak, izerditan blai:

-Bost, bost, ez dakit ba.

Aitak aurrera egin zuen eta oinak zubi gainean jarri zituenean, semeak oihuka:

-Itxoin, aita, itxoin, ez ziren bost ere izango eta.

-Beno, beno, zirenak zirela, utz ezazu gai hori!

-Ez, aita, ez; ez zirela hiru baino gehiago!

-Baina zertan gelditzen gara?

-Aita, bat, bat bakarra ikusi nuen.

Hori da beherakada, hori! Ehundik batera, alajaina! Oraingoan ez da ez zubia eroriko.

-Ez, ez, baina agian erori egingo da.

-Zergatik eroriko da ba?

-Ez baitakit seguru ikusi nuena azeria ala enborra zen. Horra!


HIZTEGI LAGUNGARRIA

ALAJAINKOA- Interjekzioa. Caramba!
ASKOZAZ GEHIAGO - Askoz gehiago, Muchos/as más.
AZERI- Zorro/a, raposo/a.
BAT-BATEAN- Tupustean; derrepente.
EHUNKA - Cientos (a), centenares.
GERO ETA GERTUAGO- Gero eta hurbilago. Cada vez más cerca.
GEZURTI - Gezurrak esaten dituena.
HARRI ETA ZUR- Erabat harriturik.
HERENEGUN - Anteayer.
HERREN EGIN - Cojear.
HORI DA BEHERAKADA, HORl! - IVaya bajonazo!
HURBILDU – Hurreratu, gerturatu.
IZERDITAN BLAI- Izerdi-patsetan.

 

B1
1982-05-31
16168330
1387