• Egilea: Theodore Roszak
  • Mota: Bestelakoak
  • Hitz gakoak: ipuin, talde, iraultza, zomorro, hegazti, putzu, filosofo, akabatu, zizare, igel, 1982, hegatxabal, larretxori, roszak, taldeburu, theodore, igeltzar

Larretxoria eta igelak


HABE aldizkariaren 6. alean eman zen argitara ipuin hau, 1982an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

OHARRA: Ipuin hau euskaraz moldatua eta egokitua da. Ikus: Theodore ROSZAK, El nacimiento de una contracultura
Edic. Kairós. Barcelona, 1973; 135-137. orr.

Behin batean bazen igel-talde bat. Putzu sakon eta ilun batean bizi ziren igelak, eta ez zuten kanpoko ezer ikusten. Igelen taldeburuak Igeltzarra zuen izena. Hura zen putzu hartako jauntxoa, igel guztien jaun eta jabe bakarra. Igeltzarra, noski, lanik egin gabe bizi zen, putzuko igel gaixoen bizkarretik janez. Hauek, berriz, gau eta egun lanean jarduten zuten, ur eta lokatz artean. Zizare eta zomorro bila ibiltzen ziren putzuan, etengabeko joan-etorrietan. Kezka bakarra zuten: Igeltzarraren sabela betetzea.

Noizean behin, ordea, larretxori bitxi bat etortzen zen hegan putzura eta igelei kanpoko mundu zabalaren berri ematen zien. Eguzkia, ilargia eta izarrak, mendiak eta itsasoa zituen larretxoriak mintzagai.

-Merezi du putzuko mugak gaindituta kanpora ateratzea. Esaten zien behin eta berriro larretxoriak.

Larretxoria etortzean, Igeltzarrak ondo entzutera eragiten zien igel gaixoei.

-Bizitza garratz honen ondoren izango duzuen sariaren berri ematen dizue; mundu zoriontsua duzue zain.

Igeltzarrak, noski, ez zuen larretxoriaren hitzetan sinesten. Erdi zoratuta zegoela pentsatzen zuen. Igel gaixoak, berriz, ez ziren gehiegi fio Igeltzarrarekin. Azkenean haiek ere erotzat jo zuten larretxoria Haiek zioten gezurrak zirela larretxoriaren kontuak, ez zegoela hark esandako zerurik.

Baina bazen igelen artean igel filosofo bat ere. Honela mintzatzen zen:

-Txoriak dioena ez da gezurra prexixo. Ezta erokeria ere. Larretxoriak benetan esan nahi diguna zera da: posible dela putzu triste hau leku eder eta zoriontsu bihurtzea. Nahikoa dela horretarako guk hala nahi izatea. Zer egin behar dugun? Igeltzarra akabatu, noski. Eta orduan bukatuko dira hemengo ilunpeak eta usain txarrak. Gureak izango dira eguzkiaren eta ilargiaren argiak, gureak zeruko airearen garbitasuna eta itsaso zabalaren askatasuna. Ez diogu, beraz, barrerik egin behar txoriari, eskerrak eman baizik. Hari zor diogu askatasunaren esperantza.

Igel filosofoari esker, igel gaixoek maitasun handia hartu zioten larretxoriari. Eta, azkenean, iraultza gertatu zenean (zeren eta iraultzak beti gertatzen baitira),han joan ziren igel gaixoak borrokara. Larretxoriaren irudia zeramaten banderetan, larretxoriaren kantua bihotzetan.

Igeltzarra bere jarlekutik bota zutenean, putzua ederki argitua eta aireratua ageri zen, bizileku ikusgarri bihurturik. Arrazoi zuen igel filosofoak.

Larretxori bitxiak, hala ere, putzura etorriz segitzen zuen istorioak kontatuz. Eguzkia, ilargia eta izarrak, mendiak eta itsasoa aipatzen zituen beti.

Eta, behin batean, honela hitz egin zuen igel filosofoak:

-Agian, ondo pentsatuz gero, txori hau benetan erotuta dago.Gainera, ez dugu honez gero haren kanta misteriotsuen beharrik. Izan ere, aspergarria gertatzen da zenbait fantasia entzun beharra, fantasia horiek gizartean beren garrantzia edo interesa galdu dutenean.

Horrela bada, egun batean, igelek larretxoria harrapatu zuten eta, disekatu ondoren, herriko museo berrian jarri zuten ... ohorezko toki batean.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AGIAN - Beharbada. Quizá.
AKABATU - Hil (animaliekin erabiltzen da, batez ere).
DIOENA - Esaten duena.
ERAGIN - Bultzatu: Motivar.
EROTZAT JO - Zorotzat hartu. Considerar como/tomar por loco/a.
GAINDITU - Sobrepasar.
GARRATZ - Latz, gogor.
HEGAN - Volando.
IGEL - Rana.
IGELTZARRA - Gran Rana.
IRAULTZA - Erreboluzioa.
LARRETXORl – Hegatxabal arrunta. Alondra.
LOKATZ - Lohia, basatza: Barro, lodazal.
MINTZAGAI - Objeto de conversación.
OHOREZKO TOKI BATEAN - En un lugar de honor.
TALDEBURU – Jefe/a de grupo.
ZERAMATEN - Llevaban.
ZIOTEN - Esaten zuten.
ZIZARE - Lombriz.
ZOMORRO - Mozorroa. Bicho.