• Egilea: Jose Mª Satrustegi
  • Mota: Euskal tradiziokoak
  • Hitz gakoak: ipuin, seme, irin, satrustegi, umezurtz, jauregi, katu, gizotso, ondasun, errota, errotari

Errotariaren katua


HABE aldizkariaren 1. alean eman zen argitara ipuin hau, 1981ean. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

 

Errotari batek hiru seme zituen. Haurrak gazte zirelarik aita-amak hil eta bakarrik gelditu ziren munduan. Ezin bizi eta, buruhauste askoren ondoren, bakoitza bere aldetik joatea erabaki zuten.

Aitaren ondasunak banatu behar zituzten horretarako: errota, ahuntza eta katua. Zotz egin eta, zaharrenarentzat izan zen errota, ahuntzaren jabe gelditu zen bestea eta katuarekin utzi zuten hirugarrena.

Errotaren jabea pozik bezala, nahigabeturik zegoen txikiena. Ahuntzak esnea ematen zion bigarrenari, baina katuak hori ere ez.

Egunsentian hasi zen errota lanean. Aitak egiten zuena eginez, ez zion etorkizunari beldurrik nagusi berriak. "Besterik ez bada, txapelari eraginez biltzen du errotariak irina", esaten zion bere buruari. Ez zen gehiago bere anaia gazteez oroitu.

Eguzkia ateratzean, ahuntza larreratzera joan zen bigarrena. Erreka ondoko sasitan utzi zuen, belar guriak zapaltzen zituela.

- Esnea dudalarik ez naiz goseak hilen, esaten zion bere buruari. Gutxiago ematen du katuak.

Eguerdi garaian ohetik jaiki gabe zegoen hirugarrena.

- Norako nago? zioen bere baitan.

Ezinbestean ohe hura utzi eta joan zen katuaren bila sukaldera.

- A zer etorkizuna nirea!! esan zion katuari.

- Zuk uste baino hobea, erantzun zion mixino beltzak .

- Zer egiten ahal dut nik zurekin.

- Gero ikusiko duzu. Gauza bat esaten dizut bakarrik; ez zara nirekin gaizki aterako. Goazen hemendik.

Basorako bidea hartu zuten katuak eta biek. Joan eta joan, oihan barnean gorderik zegoen jauregi batera iritsi ziren.

Katuak bazekien ongi etxe hartako berri. Gauez izana zen barnean ere.

- Gizotsoaren jauregia!!! , esan zion mutilari.

- Nora ekarri nauzu? erantzun zion nagusiak. Galduak gara betiko!.

- Egon lasai. Ikusiko duzu zer sorginkeriak egiten dituen ...

Harriz atea jo eta sortu zen jauregiko nagusi hori.

- Egun on, Jainkoak!, esan zion gizonak.

- Utz ezazu beste nonbait izen hori, erantzun zion besteak.

- Gizotsoa zarela entzun dut, esan zion katuak.
- Izan ere, hala naiz.

- Eta ez edozein gizotso; oihan hauetan beldurgarriena omen zara, basoko abere, eta pizti guzien indarren jabe, nahi bezala antza aldatuz.

- Hori ere hala da.

- Zure jauregi aurrera etortzean, beraz, galduak gara.

- Ez da etxe hau ikusi duen begirik biharamunean esnatu.

- Hiltzera doanaren eskaria: ezetz gure aurrean otso bihurtu:

- Besterik ez bada, zuek .jateko hori bera egin beharra nuen. Prest zarete?.

Ikaratu egin zen katua eta askoz gehiago mutila.

- Zaude, zaude!, erantzun zion katuak. Afaltzeko goizegi da. Indar guziak dituzunez gero , sagu-larrua ere izango duzu. Sar zaitez hantxe.

Eta gizotsoa sagu bihurturik, hasi zen katuari irri egiten. Hori nahi zuen mixino beltzak ! Atzaparkada batez ito eta kris-kras jan zuen sagua.

- Goazen barnera! esan zion mutilari. Honek egin du berea.

Ondasunez beterik aurkitu zuten jauregia eta bertan gelditu ziren bizitzen.

Ahuntzaren jabea gertatu zen, noizbait, eskale eta jakinarazi zion errotan zenari zein aberats zen anaia txikiena bere katuarekin.


(Testua zertxobait egokituta dago). IPUI MIRESGARRIAK -Jose Mª Satrustegi- ELEXPURU HNOS., S.A. Argitaldaria, 1979


HIZTEGI LAGUNGARRIA
   

ABERE -Animalia. PIZTIA.- Basa animalia.
AITA-AMAK.- Gurasoak.
ANTZ.- Itxura.
BAKOITZA BERE ALDETIK.- Bakoitza bere bidetik.
BARNEAN.- Barruan.
BELAR GURIAK.- Belar bigunak.
BIHARAMUNEAN.- Hurrengo egunean.
BILTZEN-BILDU.- Batu.
BURUHAUSTE.- Gorabehera, arazo edo problema.
EGUERDI GARAIAN.- Eguerdi aldera, eguerdi inguruan.
EGUNSENTIAN.- Eguna argitzean.
ERAGIN-. Mugiarazi, bueltak eman.
ERROTA- Irina egiteko tokia.
ERROTARI.- Artoaz edo gariaz irina egiten duen pertsona. "-Ari "edo "-lari "atzizkiek, ofizioa adierazten dute, hala nola: txistulari, aizkolari, txalapartari, dantzari, zerbitzari ...
ETORKIZUN.- Geroa, etortzeko dagoena. Porvenir.
EZINBESTEAN.- Derrigorrean.
GERTATU ZEN, NOIZBAIT, ESKALE.- Halako batean eskeko bihurtu zen.
GIZOTSO - Gizon-otsoa, hau da, otsoa den gizona.
HONEK EGIN DU BEREA.- "Honenak egin du ", hil egin da.
Irakurri duzun hau ipuin miresgarri bat da. Mundu guztian dira mota honetako ipuinak. Gainera, antz-antzekoak izaten dira; oso gutxi aldatzen dira herri batetik bestera. Beraz, mundu zabaleko herri-literaturarenak direla esan dezakegu eta ez herri konkretu batenak bakarrik. Nahiz eta gizatalde bakoitzak bere kutsua erantsi, unibertsalak dira.
IRITSI ZIREN -Heldu ziren.
JAUREGI.- Palazioa.
KATUAK ETA BIEK.- Euskaraz askotan "ni" izenordea erabili ordez, numeralaz baliatzen gara. Adibidez: "Mendira, Isabel, Mikel eta hirurok joango gara". "Hirurok" numeral horretan sartu naiz "ni" ere. "Platero eta biok".
KATUAREN BILA.- Katua topatzera.
MIXINO BELTZA.- Katu beltza.
NAHIGABETURIK.- Triste.
NORAKO NAGO?.- Nora joango naiz?
OIHAN.- Oso baso handia.
ONDASUNAK.- Aberastasunak.
OROITU.- Gogoratu, akordatu.
PREST IZAN.- Preparatuta egon, prest egon.
SASI.- Zarzal.
SORGINKERIAK.- Sorginen ekintzak. Brujerías,
ZOTZ EGIN.- Zozkatu, zotzetara jokatu.
 

C1
1981-04-22
16168024
2875