"Jario"
JaitsiK.- Aipa dezagun gaur "jario" edo "jariatu" aditza. Denok dakigunez, tokiren batetik isurkari bat irteteari esaten diogu "jario" edo "jariatu". Adibidez, ura iturbegitik, odola zauritik edo malkoak begietatik. Hau da, gaztelaniaz "fluir" edo "manar" esango genukeena. Baina, hona hemen ariketa: zein aditz laguntzaile erantsiko diogu "jario" aditzari?
N.- Egia da zalantza batzuk izan ohi dituela hiztun batek baino gehiagok. Beraz, aditzaren nondik norakoak argituko ditugu (hori bai, izen-moduan ere erabil daitekeela jakinda; adibidez, "ur-jarioa", "odol-jarioa", "hitz-jarioa", etab.).
K.- Beraz, zer argibide "jario" aditzari buruz?
N.- Bi nagusiki. Batetik, "jario" aditzak "nor-nori" formak hartzen ditu; baina, bigarren, hori egitean, bi aditz-forma bereiziko ditugu. Hau da, aditz-forma burutuetan eta etorkizunean, soilik, "jario" aditza erabiliko dugu; eta, alderantziz, aditz-forma ez buruetan "jariatzen".
K.- Alegia, lehen kasuan, aditz-forma burutuan, zer esan norbait malkotan ikustean?
N.- "Malkoak jario zaizkio begietatik".
K.- Eta, etorkizuneko denboran, iturri batzuek ura eskas izango dutela esateko?
N.- "Udan ur gutxi jarioko zaie iturri horiei".
K.- Beraz, esan duguna, aditz-forma burutuetan eta etorkizunean "jario" erabiliko dugu. Eta aditz-forma ez burutuetako esaldi bat, adibidez?
N.- "Ahotik odola jariatzen bazaie, deitu sendagileari!".