• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Barazkiak

Kalabaza-taloa

Familian egiteko errezeta aproposa da kalabaza- edo kuia-taloa. Barazkiak jateko beste modu bat da, erraza, sinplea eta osasuntsua, gainera.

Osagaiak, lau lagunentzat:
  - Arto-irina (150 g)
  - Intxaurrak (12 ale)
  - Kalabaza-zati bat (200 g)
  - Bi tipulin
  - Ura (50 cl)
  - Oliba-olioa
  - Gatza


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denoi! Gaurko errezeten atalean familian egiteko errezeta bat prestatuko dugu: kalabaza-taloa. Erraza, sinplea eta osasuntsua. Has gaitezen!

Ondoko osagaiak behar ditugu: arto-irina, intxaurrak, kalabaza edo kuia, tipulina, ura, oliba-olioa eta gatza.

Lehenik eta behin, taloa egingo dugu. Horretarako, ontzi batean irina eta gatz apur bat jarriko ditugu eta nahasi egingo ditugu. Hauek ondo nahasi eta erdian zulo bat egingo dugu. Bertan, ura gehituko dugu. Osagai guztiak ondo nahasten jarraituko dugu masa lortu arte.

Behin masa eginda dagoenean, bola-forma emango diogu. Bola zapaldu eta talo-itxura emango diogu.

Jarraian, intxaurrak aletuko ditugu. Intxaur-aleak ontzi batean jasoko ditugu. Ondoren, tipulina garbitu eta juliana eran moztuko dugu. Gero, kalabaza prestatzen hasiko gara. Kalabaza garbitu eta karratu-forman moztuko dugu. Zartagin batean oliba-olioaren zurrustada bat bota eta tipulina eta kalabaza salteatuko ditugu.

Talo-masa prest dugu. Hurrengo urratsa taloak egitea izango da. Zartagin batean oliba-olioaren zurrustada bat bota eta berotzen jarriko dugu su baxuan. Oliba-olioa berotzen denean taloa gehituko dugu eta hiru bat minutuz egingo dugu alde bakoitzetik.
Osagai guztiak prest ditugu. Orain zerbitzatzeko platera prestatuko dugu. Plateraren erdian taloa jarriko dugu, eta gainean kalabaza eta tipulina jarriko ditugu. Jarraian, intxaur-aleak gehituko ditugu.  

Hauxe gure gaurko errezeta! Itxura bikaina eta usain ederra du honek! On egin!