• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Barazkiak

Barazki-pistoa

Gaurko errezetan, gure auzoko barazki-dendan edo baratzean aurki ditzakegun zenbait barazki erabiliko ditugu plater osasuntsu, erraz eta merkea egiteko: barazki-pistoa da. Has gaitezen!

Osagaiak, lau lagunentzat:
  - Bi tipulin
  - Zortzi baratxuri-ale
  - Bi kuiatxo
  - Bi piper gorri
  - Bi piper berde
  - Bi alberjinia
  - Hiru tomate
  - Perrexila
  - Gatza
  - Azukrea
  - Oliba-olioa


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denoi! Gaurko errezeten atalean barazkiak izango ditugu protagonista, eta  plater osasuntsu bat prestatuko dugu: barazki-pistoa.

Barazki-pistoa pasta eta arrozarekin maiz nahasten den jakia da. Guk, gaurkoan ordea, ez diogu bestelako jakirik gehituko.

Egon adi jarraitu beharreko pausoei zuen barazki-pistoa prestatzeko.

Lanean hasi aurretik gaurko osagaiak aurkeztuko ditugu: tipulina, baratxuria, kuiatxoa, piper gorria, piper berdea, alberjinia, tomate freskoa, perrexila, oliba-olioa, gatza eta azukrea. Has gaitezen!

Lehenengo eta behin, tipulina moztu eta txiki-txiki egingo dugu. Jarraian, lapiko batean, oliba-olioaren zurrustada bat botako dugu eta bertan jarriko dugu tipulina. Baratxuri-aleak, zuritu gabe noski, gehituko ditugu segidan. Su motelean edukiko ditugu 15 bat minutuz.

Hurrengo urratsa piper gorria eta piper berdea karratu forman moztea izango da. Bota zartaginera oliba-olioaren zurrustada bat, piper gorria eta berdea eta bost minutuz salteatuko ditugu su ez oso bizian. Salteatu eta gero, piperrak tipulina eta baratxuriak dauden lapikora botako ditugu.

Kuiatxoa eta alberjinia hartuko ditugu orain. Biak karratu forman moztuko ditugu. Zartaginean oliba-olioaren zurrustada bat bota eta kuiatxoa eta alberjinia salteatuko ditugu bost minutuz, su ez oso bizian. Salteatutako barazkiak lapikora gehituko ditugu.

Jarraian, tomatea salteatuko dugu. Horretarako, lehenik eta behin, tomatea zurituko dugu eta karratu forman moztu. Oliba-olioaren zurrustada bat gehituko dugu zartaginera, eta minutu batez salteatuko dugu. Azukre pixka bat bota eta gainerako barazkiak dauden lapikora gehituko dugu.

Barazki guztiak lapikoan ditugu eta azken urratsa su motelean berotzea eta perrexila gehitzea izango da. Su baxuan edukiko ditugu hamabost minutuz. Hamabost minutuak igarota baratxuri-aleak kenduko ditugu lapikotik.  

Barazki-pistoa prest dago, orain platera zerbitzatzeko prestatuko dugu. Horretarako, barazkiak plateraren erdian ipiniko ditugu koilara baten laguntzaz.

Hauxe gure gaurko errezeta, merkea, osasuntsua eta erraza! On egin!

B1
2022-01-25
29102716
00:05:39
1342