• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Barazkiak

Brokoli egosia baratxuri-saltsarekin

Brokoliak nutrizio-balio handia du. Barazki hori protagonista duen plater osasuntsua prestatuko dugu.

Osagaiak, lau lagunentzat:

- Brokolia (500 g)
- Baratxuria (4 ale)
- Piper-hautsa
- Oliba-olioa
- Gatza

 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denoi! Gaurko errezeten atalean brokolia izango dugu protagonista eta plater osasuntsu bat prestatuko dugu: brokoli egosia baratxuri-saltsarekin. Brokolia nutrizio-balio handiko barazkia da.

Lanean hasi aurretik, gaurko osagaiak aurkeztuko ditugu: brokolia, lau baratxuri-ale, piper-hautsa, oliba-olioa eta gatza.

Hasteko, lapiko batean ura botako dugu eta gatza gehituko diogu. Lapikoa su bizian jarriko dugu.

Ura irakiten hasi bitartean brokolia garbitu eta zatituko dugu. Horretarako mulkoak edo sortak banandu egingo ditugu.

Ura irakiten ari da eta brokolia garbitu eta zatitu dugu.

Hurrengo urratsa brokolia lapikoan egostea izango da; su motelean egingo dugu 10-15 minutuz. Ondoren, lapikotik atera eta plater batean utziko dugu baratxuri-saltsa egiten dugun bitartean.

Horretarako lehenengo pausoa: baratxuriak salteatzea. Oliba-olioaren zurrustada bat botako dugu zartaginera eta baratxuri-aleak gehituko ditugu. Hiru-lau minutuz salteatuko ditugu su bizian, eta gero, zartaginetik atera eta plater batean jarriko ditugu.

Segidan, ontzi batean, oliba-olioaren zurrustada handi bat eta pare bat koilarakada piper-hauts botako ditugu. Ontzi berera gehituko ditugu salteatu ditugun baratxuriak ere. Koilara baten laguntzarekin nahasiko dugu guztia, saltsak baratxuri-zaporea hartzeko. Guztia ondo nahasita dagoenean baratxuri-aleak aterako ditugu.

Brokolia prest dago, baita baratxuri-saltsa ere.

Orain, platera zerbitzatzeko prestatuko dugu. Horretarako, plateraren erdian brokolia ipiniko dugu, eta gainetik, baratxuri-saltsa botako diogu.
 
Hauxe gure gaurko errezeta, merkea, osasuntsua eta erraza! Itxura ederra du honek! On egin!

A2
2021-11-09
28882644
00:03:34
584