• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Barazkiak

Gernikako piperrak tenpuran

Gernikako piperra Bizkaiko Busturialdea eskualdean ereiten den piper mota bat da. Gaur, haiekin egindako errezeta prestatuko dugu.

Osagaiak, lau lagunentzat:

- Gernikako piperrak (400 g)

- Irina (150 g)

- Ura (30 cl)

- Azukrea (5 g)

- Legamia (15 g)

- Oliba-olioa

- Gatza


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denoi! Gaur, errezeten atalean Gernikako piperrak tenpuran prestatuko ditugu. Gernikako piperra Bizkaiko Busturialdea eskualdean ereiten den piper mota bat da.  Eusko Label kalitate-zigiliua eta Jatorrizko Izendapena ere baditu.

Egon adi jarraitu beharreko pausoei Gernikako piperrak tenpuran prestatzeko.
Lanean hasi aurretik gaurko osagaiak aurkeztuko ditugu:

Gernikako piperrak, irina, ura, azukrea, legamia, oliba-olioa eta gatza.

Lehenik eta behin tenpura egingo dugu. Horretarako,  irina, gatza, azukrea eta legamia ontzi batera botako ditugu eta hatz-muturrekin nahasiko dugu guztia.

Jarraian nahasketari ur epela botako diogu, pixkana-pixkana, legamia ez hondatzeko. Legamiak ur guztia zurrupatu arte itxarongo dugu.

Tenpura prest dago eta sukaldeko trapu batekin estaliko dugu. Ordu erdi inguru utziko dugu pausatzen leku epel batean.
Jarraian, piperrak garbituko ditugu: uretan pasatu eta sukaldeko paper-zati batekin lehortuko ditugu.
Hurrengo urratsa piperrak tenpura-orearekin nahastea izango da.

Zuztarretik banan-banan hartu eta tenpuraren orean sartuko ditugu. Oliba-olioaren zurrustada batekin zartagina berotzen jarriko dugu su bizian. Tenpura-orean pasatako piperrak zartaginera gehituko ditugu, eta pare bat minutuz egingo ditugu su bizian.
 
Piperrak eginda daude; orain platera zerbitzatzeko prestatuko dugu. Horretarako, piperrak ongi xukatuko ditugu gehiegizko olioa kentzeko eta plateraren erdian ipiniko ditugu.

Hauxe gure gaurko errezeta, bertako produktu bat protagonista duena. Orain zuen txanda da! On egin!

A2
2021-10-13
28794899
00:03:47
470