• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Barazkiak

Udaberriko zainzuriak ozpin-olioarekin

Udaberrian gaude eta sasoiko produktuak erabiltzea proposatzen dizuegu errezeta honetan. Zainzuriak, hain zuzen, eta osagarri gisa, ozpin-olioa.

Lau lagunentzako osagai hauek behar dira:
    - Zainzuriak (20 ale)
    - Piper berde bat
    - Piper gorri bat
    - Tipulin bat
    - Oliba-olioa
    - Ozpina
    - Gatza
    - Azukrea


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo, denoi!

Gaurko gure errezetaren osagai nagusia zainzuriak izango dira. Zainzuri freskoak salgai ikusi bezain pronto jendeak badaki udaberria hasi dela.

Gu, gaur, azokan izan gara eta eta gaurko errezeta prestatzeko zainzuriak erosi ditugu. Osagarria udaberriko ozpin-olioa izango da.

Hasteko, osagaiak aurkeztuko ditugu: zainzuriak (20 ale), piper berdea, piper gorria, tipulina, oliba-olioa, ozpina, gatza eta azukrea.

Has gaitezen!

Lehenik eta behin zainzuriak moztuko ditugu. Zurtoinaren aldetik zentimetro inguru kenduko diegu.
Ondoren, zuritu egingo ditugu. Horretarako, patatak zuritzeko tresna erabiliko dugu, baina kontuan izan zainzurien punta ez dela zuritu behar.

Jarraian, zainzuriak egosi egingo ditugu. Lapiko bat urez beteko dugu eta gatz apur bat eta goilarakada azukre gehituko ditugu. Irakiten hasten denean zainzuriak sartuko ditugu eta ordu laurden batez egosiko ditugu. Zainzurien lodieraren arabera, agian, denbora gehiago eduki beharko da sutan.

Gero, sua itzali eta zainzuriak uretan utzi platera zerbitzatzeko prestatzen hasi arte.

Zainzuriak egosita ditugu eta, orain, ozpin-olioa prestatuko dugu. Piper berdea, gorria eta tipulina txiki-txiki egingo ditugu eta ontzi batean jarriko ditugu.

Gatza, ozpina eta oliba-olioaren zurrustada bat gehituko dugu. Oliba-olioak ozpin kantitatearen hirukoitza izan behar du. Gutxi gorabehera, 30 cl olio eta 10 cl ozpin.

Zainzuriak eta ozpin-olioa prest ditugu. Orain, platera zerbitzatzeko prestatuko dugu. Zainzuriak erditik moztu eta platerean ipini eta, gainetik, ozpin-olioa bota.

Itxura bikaina du honek! On egin!