• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Pastak eta arroza

Espagetiak barazkiekin

Gaurko errezetan, espagetiak dira osagai nagusia. Espagetiak prestatzeko hamaika modu daude, baina guk barazkiak erabiliko ditugu osagarri gisa. Hauek dira errezeta prestatzeko behar ditugun osagaiak, lau lagunentzat:
    - Espagetiak (400 g)
    - Kuia (150 g)
    - Txanpiñoiak (250 g)
    - Ziazerba sorta bat
    - Bi baratxuri ale
    - Bi tomate
    - Oliba-olioa
    - Gatza
    - Piper hauts beltza
    - Parmegiano gazta zati bat


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denoi! Gaurko gure errezetaren osagai nagusia espagetiak izango dira. Pasta produktu askorekin nahasi daiteke: haragiarekin, arrainarekin, tomatearekin... Guk, gaur, barazkiekin prestatuko dugu.

Hasteko zein osagai behar ditugun esango dizuet: espagetiak (400 g), kuia (150 g), txanpiñoiak (250 g), ziazerba sorta bat, bi baratxuri ale, bi tomate, oliba-olioa, gatza, piper hauts beltza eta Parmegiano gazta zati bat. Has gaitezen!

Lehenik eta behin barazkiei helduko diegu. Kuia, kalabaza,  garbitu eta zati txikietan moztuko dugu. Gauza bera egingo dugu txanpiñoiekin eta baratxuriekin.

Jarraian, zartaginean oliba-olio zurrustada bat botako dugu eta oliba-olioa berotzen denean baratxuria, kuia eta txanpiñoiak erregosiko ditugu hiru minutuz su bizian.

Bitarte horretan, tomateak zuritu eta zatitu egingo ditugu, eta ziazerbak ere zatitu egingo ditugu. Askorentzat espinaka izenez ezagunagoa izango da ziazerba.

Txikitu ondoren, tomatea eta ziazerbak  ere zartaginera gehituko ditugu erregosten ari diren barazkiekin batera.  Guztiari gatza eta piper beltz hautsa botako diogu; ondoren dena nahastu eta sua motelduko dugu. Hamar bat minutuz su motelean edukiko dugu.

Espagetiak egosiko ditugu orain. Horretarako, lapiko batean, ura eta gatza berotuko ditugu su bizian. Irakiten hasten denean espagetiak gehituko ditugu. Koilara baten laguntzaz espagetiei birak emango dizkiegu elkarrekin ez itsasteko.

Zazpi bat minutu nahikoa izango dira espagetiak egosteko. Zazpi minutu igaro ostean atera pasta lapikotik.
Osagai guztiak eginda ditugu. Orain platera zerbitzatzeko prestatuko dugu.

Jarri espagetiak plater batean eta koilara baten laguntzaz zartaginean prestatu dugun barazki-nahaskia gainean jarri. Bukatzeko, Parmegiano gazta gainetik xehatu eta oliba-olioaren zurrustada bat bota.

Platera mahaira ateratzeko moduan dago. Itxura ederra du honek! On egin!

 

B1
2021-05-04
28210661
00:04:31
2128