• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Haragiak-hegaztiak

Txerri-azpizuna txanpiñoi eta Roquefort gaztarekin

Txerritik guztia aprobetxatzen dela esaten dute, eta guk azpizuna aukeratu dugu. Lagungarri gisa, txanpiñoiak eta Roquefort gazta jarriko ditugu. Ikusi nahi duzue nola prestatzen dugun?

Osagaiak, lau lagunentzat:
    - Txerri-azpizuna (2 pieza)

    - Txanpiñoiak (250 g)

    - Esne-gaina (200 cl)

    - Roquefort gazta-zati bat

    - Oliba-olioa

    - Piper beltz hautsa

    - Gatza


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denoi! Gaurko errezetako osagai nagusia txerri-azpizuna izango da. Txerritik guztia aprobetxatzen dela esaten dute, eta gaur, azpizuna aukeratu dugu. Eta osagarri, txanpiñoiak eta Roquefort gazta.

Ohikoa den bezala, hasteko osagaiak aurkeztuko ditugu: txerri-azpizuna, nola ez; txanpiñoiak, esne-gaina, Roquefort gazta, oliba-olioa, piper beltz hautsa eta gatza.

Hasteko, txanpiñoiak garbitu eta laurdenetan moztuko ditugu. Badakizue barrengorri ere esaten zaiela txanpiñoiei. Lapiko batean olio-zurrustada bat bota ondoren berotu egingo dugu, eta txanpiñoiak gehitu. Lau bat minutu pasa eta gero, esne-gaina eta gatza gehituko ditugu. Hiruzpalau minutuz irakiten utzita, lortu dugun txanpiñoi-krema gorde egingo dugu. Txanpiñoiak ere plater batean utziko ditugu.

Bigarren pausoan txerri-azpizuna frijituko dugu. Dagoeneko xerratan moztua dugu eta zartaginera bota aurretik, bi aldetatik gatza botako diogu. Eta gustuko duenak, piper beltz hautsa ere bota dezake, baina pasatu gabe. Aurrez, zartagina sutan berotzen jarri dugu, olio-zurrustada batekin. Nahi dugun tenperatura lortu dugunean, txerri-azpizunaren xerrak zartaginean frijituko ditugu, nahikoa da alde bakoitzetik minutu bat. Aholku gisa, bi edo hiru xerra baino gehiago ez frijitu aldi berean.

Azpizun-xerrak frijitu ditugu, eta soberan geratu den olioa erretiratuko dugu. Xerrak plater batean gorde ondoren, Roquefort gazta sutan jarriko dugu berotzen eta jarraian, txanpiñoi-kremarekin nahastuko dugu. Irakiten hasten denean kendu sutik.  

Osagai guztiak eginda ditugu. Orain platera zerbitzatzeko prestatuko dugu. Plateraren erdian txanpiñoiak jarriko ditugu, eta txerri-azpizunaren xerrekin inguratuko ditugu. Roquefort saltsarekin busti, eta platera mahaira ateratzeko moduan izango dugu.

Ederra usaina! Hurren arte!!!