• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Postreak

Sagarra labean erreta neguko frutekin

Postreak gogoko dituzue? Eta frutak? Horrela bada, bete-betean asmatu dugu errezeta honekin. Neguko frutez gozatzeko aukera paregabea, zapore ezberdinen fusioa eginez.


Osagaiak, lau lagunentzat:

    - Pomelo bat

    - Bi sagar

    - Mango bat

    - Granada bat

    - Laranja bat

    - Irina (250 g)

    - Azukrea (250 g)

    - Azukre beltza (50 g)

    - Gurina (150 g)

    - Mugurdi-marmelada

    - Zortzi mugurdi

    - Kanela-makila

    - Esne-gaina (200 cl)


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Kaixo denori! Gaurko errezeten atalera postrerako proposamena ekarri dugu: sagarra labean erreta neguko frutekin. Errezeta honek, sasoiko frutez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Zapore ezberdinen fusio bikaina.

Horretarako erabiliko ditugun osagaiak hauek dira: pomeloa, sagarra, mangoa, granada, laranja, mugurdia edo frambuesa, irina, azukrea eta azukre beltza, gurina, mugurdi-marmelada, kanela-makila eta esne-gaina. Osagai guztiak mahai gainean ditugu, has gaitezen!

Lehendabizi, sagarrekin hasiko gara lanean; bihotza kendu eta izkinak moztuko dizkiogu. Egindako zuloa gurinez beteko dugu eta sagarraren goiko aldean azukre beltza jarriko dugu. Sagarrak ontzi batean sartu eta kanela-makila gehituko dugu; zatituta bada, hobe, zapore gehiago hartzeko. Sagarrak labean sartuko ditugu, 25-30 minutu beharko ditugu erretzeko, 180 gradutan.

Sagarrak erretzen ditugun bitartean, saltsa prestatzen hasiko gara. Horretarako, esne-gaina berotzen jarriko dugu. Bitartean, pomeloari eta laranjari zukua aterako diegu. Zukua iragazi eta esne-gainari gehitu ondoren, azukre-koilarakada bat bota eta dena nahasiko dugu. Egosten doan heinean, saltsa kolore eta loditasun gehiago hartzen joango da.

Postrearen oinarria prestatzeko, mahats-lurra egingo dugu. Ontzi batean irina, gurina eta azukrea jarriko ditugu, eta eskuekin nahastuko dugu. Nahasketa prest dugunean, zartagin batean jarriko dugu eta su baxuan berotu. 10-15 minutu pasa ondoren, mugurdi- marmelada gehituko dugu. Horrela, lurraren kolore iluna lortuko dugu. Plater batean gordeko dugu, zartaginean uzten badugu testura kurruskaria galduko duelako.

Goazen sagarrak prest dauden ikustera. Egosita daudela ematen du eta, hortaz, labetik aterako ditugu.
Azkenik, frutak nahastuko ditugu. Lehendabizi, labean erre ditugun sagarrak xafletan moztuko ditugu. Mangoa ere xafletan zatituko dugu. Eta koilara baten laguntzaz granadaren aleak aterako ditugu.

Platera dotore-dotore jartzen hasteko garaia da. Bost urrats hauek jarraitu: 1) Brotxa marmeladan busti eta platera marratu. 2) Mahats-lurra gehitu. 3) Frutak jartzen joan: sagarra, mangoa, granada-aleak eta mugurdiak. 4) Azken ukitua, pomelo- eta laranja-saltsa gainetik bota.

Ikusi duzuen bezala, neguko koloreak dituen platera osatu dugu. Gozatu sasoiko frutez,eta on egin! Hurren arte!

B1
2021-03-30
28096788
00:05:32
279