• Egilea: Kultur Atelier
  • Mota: Barazkiak

Neguko barazki- eta patata-pastela

Neguko barazkiekin inoiz prestatu al duzue pastelik? Errezeta honetan, neguko barazki- eta patata-pastela egiteko urratsak azalduko dizkizuegu.

Osagaiak, 4 lagunentzat:   

    - Patatak (800 g)

    - 2 xerra antxoa gezatu

    - 4 gari-zainzuri

    - 4 txanpiñoi

    - 2 azenario

    - Brokolia (75 g)

    - Azalorea (75 g)

    - Kuiatxoa (75 g)

    - Oliba-olioa

    - Gatza


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Osagaiak 4 lagunentzat:
Patatak (800 g), 2 xerra antxoa gezatu, 4 gari-zainzuri, 4 txanpiñoi, 2 azenario, brokolia (75 g), azalorea (75 g), kuiatxoa (75 g), oliba-olioa eta gatza.

Kaixo denoi! Gaurko errezeta egiteko, neguko barazkiak erabiliko ditugu. Askotariko pastelak prestatu eta jango zenituzten, ziur naiz. Baina inork prestatu al du inoiz neguko barazki- eta patata-pastela? Adi egon, ez da-eta oso zaila.

Lanean hasi aurretik gaurko osagaiak aurkeztuko ditugu: patatak, antxoa gezatuak, gari-zainzuriak, txanpiñoiak, azenarioak, brokolia, azalorea, eta kuiatxoa edo kalabazina.
 
Has gaitezen. Lehenik, patatak zuritu eta zatituko ditugu. Gauza bera egingo dugu azenarioekin, hauek ere zuritu eta zatitu egingo ditugu. Brokolia eta azalorea ere zatitu egingo ditugu. Zatitutako barazkiak egosiko ditugu jarraian.

Bitartean, gari-zainzuriak, kuiatxoa, txanpiñoiak edo barrengorriak, eta beste azenario bat txikitu eta gorde egingo ditugu. Horrela, prest izango ditugu azken unean zartaginean jarri eta salteatzeko.

Lurrunetan egositako osagaiak prest ditugu. Brokolia, azalorea eta azenarioa plater batean utziko ditugu eta, patatak birrindu egingo ditugu purea egiteko. Antxoa gezatu xerra pare bat gehituko dizkiogu pureak zapore gehiago hartzeko.

Azken urratsa baino ez zaigu falta: aurrez txikitu eta gordetako barazkiak salteatzea. Oliba-olioa botako dugu zartaginera, eta beroa dagoenean barazkiak gehituko ditugu. Bost bat minutu nahikoa izango dira.

Orain, osagaiak platerean jarriko ditugu. Azpian, patata purea; eta patata purearen gainean, egositako eta salteatutako barazkiak. Hauxe gaurko menua, merkea eta osasuntsua.

B1
2021-03-16
28060658
00:04:04
286