
- Egilea: Kultur Atelier
- Mota:
Garbantzuak kalabaza eta kuminoarekin
Neguko osagaiak bildu ditugu errezeta honetan. Osasuntsua eta merkea da, eta egiteko erraza.
Osagaiak, 4 lagunentzat:
- Garbantzuak (400 g)
- Kalabaza (300 g)
- Porru bat
- Kuminoa (25 g)
- Oliba-olioa
- Gatza
Kaixo denoi! Gaurko errezeten atalean neguko osagaiak biltzen dituen errezeta osasuntsu eta merkea prestatuko dugu: garbantzuak kalabaza eta kuminoarekin. Sasoiko barazkiez elikatzeko aukera bikaina eskaintzen du errezeta honek, eta neguan jateko aproposa da, bero-beroa.
Kalabaza neguko barazki-saskira maiz iristen den produktua da. Kalabazak salda loditzen laguntzen du eta horrez gain, oso zapore ona emango dio!
Gaurko errezetarako erabiliko ditugun osagaiak hauek dira: garbantzuak; kalabaza zati bat, 300 gramo ingurukoa; porru bat; kuminoa, 25 gramo; oliba olioa eta gatza. Osagaiak hemen ditugu, lanerako gogoa ere bai eta gosetzen hasiak gara. Has gaitezen!
Sukaldean hasi baino lehen, ordea, gogoratu garbantzuak bezperan beratzen jartzea, pauso hau egiten ez badugu gure garbantzuak gogor geratuko baitira.
Lehenik eta behin, garbantzuak egosiko ditugu. Horretarako, eltzean sartuko ditugu eta ura eta gatza gehituko diegu. Garbantzuak 30 bat minutuz egosiko ditugu presio-eltzean.
Garbantzuak egosten ari diren bitartean, barazkiekin hasiko gara: porrua eta kalabaza. Porrua txiki-txiki egingo dugu. Kalabaza, aldiz, karratu forman ebakiko dugu.
Barazkiak ebaki ostean, porrua eta kuminoa salteatuko ditugu su bizian. Bota zartaginera olio pixka bat eta gehitu txiki-txiki egin ditugun porru zatiak eta kuminoa.
Bota diezaiogun begirada bat garbantzuei. Hogeita hamar minutu igaro dira eta honek itxura ona du, itzaltzeko moduan daude.
Garbantzuak prest ditugu eta porrua eta kuminoa salteatuta daude. Beste lapiko batean olio pixka batekin garbantzuak eta kalabaza zatiak erregosiko ditugu. Garbantzuak eta kalabaza zatiak lapikoan ditugu eta ura gehituko dugu garbantzuak estali arte. Irakiten hasten denean, sua jaitsi eta hamabost bat minutuz su ertainean mantendu, kalabaza ondo egin arte.
Garbantzuak eta kalabaza erregosita ditugu eta porrua eta kuminoa salteatuta. Plater sakon batean jarriko dugu guztia: garbantzuak, kalabaza zatiak, porrua eta kuminoa. Itxura bikaina du honek!
Hauxe izan da gure gaurko errezeta. Orain zuen txanda da. On egin!