Barrubiak: Eleder Autenetxe Pildain

Alaia Martin esatariaren eskutik dator Euskadi Irratiko “Barrubiak” saioa. Bizi ibilbideak kontatuko dituzte gonbidatuek. Gai eta herri desberdinetako pertsonak.

Barrubiak izenaren hitz jokoa bi hitzen nahasketatik dator: barrua eta marrubia. Mokadu batean jateko elkarrizketak dira: txikiak, laburrak eta zaporetsuak. Gutiziak.
Barrubiak saioan entzungo diren elkarrizketetan aniztasuna da nagusi.

Saio honetako protagonista: Eleder Autenetxe Pildain.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Alaia Martin. Gonbidatu berezi batekin nago, Bilbon. Bilboko goiz bat da. Lehenik eta behin eskatuko dizut zerorri, Barrubiakeko gonbidatu zaitugun horri, nor zaren esatea eta nongoa zaren.  

Eleder Autenetxe.  Eleder Autenetxe Pildain naiz, Bilbon sortua 1969an, eta gaur egun Mundakan bizi naizena.  

Alaia Martin. Zure ibilbideaz hizketan hasiko gara eta haurtzarotik hastea gustatzen zait holakoetan. Haurtzaroa nolakoa izan zenuen edo zer oroitzapen dauzkazu zure haurtzaroaz?    

Eleder Autenetxe. Jaio, lehen esan deutsudan (dizudan) moduan, hemen, Bilbon, Zazpi Kaleetan, hemendik oso gertu. Orain Areatzan gagoz (gaude)... Taberna zan (zen) amaren etxea, Guria taberna, Barrenkalean barrena, sasoi batean jende asko zebilena. Eta hor 3 urtera  arte ama, hirugarren semea izanda, ba taberna, jatetxea utzi eta hor, Solokoetxera igo ginen bizitzen. Beti Bilbon bizi izan naiz duela 10 urtera arte. Eta umetan zer egiten gen(d)uen? Asko... Edo oroitzapen politak zeintzuk?: asko jolastu, kalean egon... Aita itsas-gizona izanda ba, ama, amama, izeko... Esango nuke mimatua. Eta pozik hartzen dut hori. Argazkiren bat ikusi izan dot (dut) duela gutxi eta andrazkoen artean, altzoan eta, oso gozo. Gure etxeko bidea eta, asko izan zan (zen) hori, ikastea nor bere kabuz bizi ahal izateko, ahalegintzea, karreraren bat egin eta norbere lanpostua lortu ahal izatea. Pentsa, gure ama eta aiataren sasoia izan ziren ba, gerra zibilagaz (zibilarekin) haurtzaroa hautsitako belaunaldia, oso umetan lanean hasi behar izandakoa, eta ikasketarako aukera gabekoa. Eta hurrengoentzat oparia zen, juxtu, beste muturrekoa. Ahalik eta gehien ikasi, eta ahalik eta gauza gehien emon (eman), ikasteko aukerak, eta, eta esfortzuaren eta ahaleginaren, eta ikasketaren eta horren balioak azpimarratu eta, eta holaxe.  

Nik gogoratzen dut hemen, nik ikasi Laurak ikastolan bukaerara arte, gero ingenieritza karrera aukeratu nuen. Aukeratu nuen nolabait be (ere) bai ba lan-aukera bermatzen zuen hori zelako, eta abar. Eta gogoratzen dut txikitatik amak musika ikasteko aukera eman zigula, eta, eta ez dakit norainoko gure gogoz. Zeren oso oroitzapen baltza (beltza) daukat han, e, Bilboko... Ba hau izango zan (zen) 75, 75. urtean hasita edo 80an edo hasita eta 90era arte edo... Urte batzuk hor musika, solfeokoa, armonia, piano, horrelako hezkuntza formal zorrotzegi hartan, ez?, Oso, garai batetik zetozen irakasleak ziren, eta gero denboragaz, urteekaz (denboararekin, urteekin), konturatu naiz zelako gozamena izan daitekeen musika ikastea eta beste modu batean eginda, eta norbere gogozago, eta beste erabateko giro batean, ez?  

Alde batzuetatik izan da behartuegia, beste alde batetik, ez dakit, hori dela eta, edo orokorrean horrelakoak garelako gizakiak, nik hori, horri eutsi egin deutsot (diot). Eta oso ikaszalea naiz, eta beti gustatzen zait ikasten jarraitzea. Gaur egun nire kabuz, eta askoz ere askeago. Orduan askoz gozagarriago iruditzen zait. 

Alaia Martin. Zeintzuk dira zure jardunbideak, edo zeintzuk izan dira?                     

Eleder Autenetxe. Gaur egun horrekiko jarrera, nahasia, berezia... Ez dakit zelan esan, daukat. Gaur egun pentsatzen dut "lan" hitz hori birpentsatu behar dugula edo, eta asko pentsatu behar dugula lanari buruz, eta lanaren balioari buruz. Eta niretzat gaur egun, nire lana da bizitzea eta ahal dudan ondoen bizitzea, ahalik eta denbora gehien jan egiten ari naizen horrek zentzua izatea niretzat. Aldundian, Bizkaiko Foru Aldundian aldi baterako plaza bat daukat, jardun-erdia egiten dot (dut), lau seme-alaba daukadaz (dauzkat), ama nagusia... Eta egunerokoan, ba esnatzerakoan baditut zeregiteko, zeregin batzuk eta beste asko egunean zehar sortzen direnak. Eta horr(er)i jarraituz ibiltzen naiz. Eta Aldundiko enplegu-egoera hori oso berezia da be (ere) bai. Hor barruan egonik ere, gaur egun hor barruko agindurik eta jaso barik ibiltzen naiz bestelako zeregin batzuetan. Batez ere esango nuke gaur egun ekarpen publikoen artean daukadala irratian aritzea, astean bitik behin elkarrizketa bat eginez Bilbo Hiria irratian. Eta beste alde batetik, Gune Irekiaren Lagunak dalako (delako) kolektibo baten barruan ba Gune Irekiko batzarrak bideratzen, edo eratzen laguntzen. Orduan Gune Irekiaren inguruan nabil, irratiaren inguruan ere nabil gaur egun, eta nire bizitzako bestelakoetan, ez? Seme-alaben hezkuntza, hori iruditzen zait oso lan polita, garrantzitsua eta seguru aski, denbora gehien ekartzen didana, energia gehien eta orduan hori izan daiteke seguru aski nire gaur eguneko ekarpen nagusia. Eurentzat sukaldatzea, eurekin egotea, matrakan egitea batzuetan, gorabeherak izatea... Eta lehenagokoei buruz ba Aldundiko bide horretan ba, ba ibili izan naiz antzutasun-sentsazio batekin... Lehen esan deutsodan (dizudan) moduan, beti saiatzen naiz egiten dodazen (ditudan) gauzak balio bat izaten dutela sinetsita, sinetsita ibiltzea. Holako asko baztertu izan ditut, eta bestelakoetan ibiltzen naiz satorren moduan. Baita suertatzen jat (zait) noiz edo noiz halako norbaitek galdetzea: guk bedaukagun proiektu honetan laguntza behar dugu eta pentsatu dugu ideia batzuk eman ahal deikeguzula (diezagukezula). Unibertsitatean ere irakasle ibili izan nintzen urte batzuetan, Estadistika eta lan-antolaketa eta hoakoak irakasten, ingenieritzan eta enpresa-eskolan be (ere) bai eta Lan-harreman eskolan eta, eta bueno, inkestak egiten, catering-a aireportu batean... Sasoi laburreko lantxoak.                    

Alaia Martin. Zer da Gune Irekien kontu hori? Eta non du bere garrantzia? 

Eleder Autenetxe. Gune Irekia deitzen deutsagu (diogu) guk talde handiekin egindako batzar auto-eratu modu bat(er)i.  

Alaia Martin. Eta batzar horiek zer helburu izaten dute? edo zer ohitura? 

Eleder Autenetxe. Era askotako batzarrak izan daitezke. Eta Gune Ireki batean erabiltzeko egokiak izan daitezke gai konplexuak, urgenteak, gatazkatsuak... Jende anitz, talde dibertso handi bat behar dutenak zerbaitetara heltzeko. Horreek (horiek) izango lirateke Gune Irekirako baldintza optimoak. Agenda hasieran zuri edukinda (edukita), gaia oso argia, zer egin behar dugun Fagorren etorkizunagaz (etorkizunarekin), edo gure bizimoduarekin hemendik aurrera. Hori, gai hori argi edukinda (edukita), agenda hasieran zuri izatea, etorritakoek eurek jartzeko egun osoan zehar edo urte-erdi, egun bi eta erdi horietan zehar landu behar ditugun gai guztiak jartzeko. Alde horretatik da irekia, batez ere. Agenda hasieran zuri dago eta gaian interesatuta etorri dan (den) jende horrek osatuko dau (du) egunean zehar, eta bat-batean osatuko, egunean zehar zertaz hitz egin behar dan (den). Agenda hasieran zuri egonda, jendeak proposatutako gai guztiei helduko jake (zaie), gai guztiek daukate, biribiltasuna da beste ezaugarri bat, ez? Hor ez dago baten iritziak besteak [bestearenak] baino gehiago balio duela esango duenik. Guztiek daukate lehen tokia, eta gainera, baten iritziak gehiago balio dezake Alaiarentzat eta bestearenak gehiago niretzat, eta nik jaso dodan (dudan) horrekin egingo dot (dut) aurrera eta zuk bestearekin. Ez dugu zertan helburu, ondorio bateratu bakar batera iritsi. Gainera, horrela izatekotan, guzurretakoa (gezurretakoa) izango litzateke: ondorio desberdinak gertatuko dira pertsona desberdinentzat eta guztiek eduki dezakete toki eta, eta guztiak izan daitezke erabilgarri, ba era osasuntsu batean elkarrekin harremanetan jarriz gero. 

Bestea, esan deutsudana (dizudana), zeri buruz daukagun irekiera laster, ba orain Bilbon izango dugu hementxe, Jon jauregian, Zazpi Kaleetan, Gune Irekiko goiz bat, Sumendi, Opaybo eta Gune Irekien lagunen artean deitzen duguna, eta gaia oso argia da: atseden-etxe, osasun-eskola iraunkor eta herrikoi bat martxan jarri nahi dugu Euskal Herrian. Zein jende dago horretarako gogoz? Zelan egingo dugu?  

Orduan, aspaldiko urteetan, tradizio bat egon da hemen: osasun-etxeak, osasun-eskolak, atseden-etxeak... Eta azken urteetan ba badira batzuk, baina nahiko, ez dira hain herrikoiak, garestitsuak dira, eta jende askoren esku ez dagozenak (daudenak) dira, eta holako egoerari Sumendiren aspaldiko tradiziotik berriro ekin nahi zaio ea gai garen holako bat martxan jartzeko. 

Horri buruz elkarrekin pentsatzen hasteko Gune Ireki bat daukagu. Irekia, zergatik da Gune Irekia be (ere) bai? Ba aipatu deutsut (dizut) agenda zuri dagoela eta etorritakoek osatuko dabela (dutela) agenda, zertaz hitz egingo dan (den), eta gainera, ondorioetan be (ere), ez da ondorio itxi bat, ondorio irekiak dira, eta pertsona ezberdinentzat onartu behar dugu ondorio ezberdinak egoten direla, eta ekintza ezberdinak sortuko direla eta guztiak direla bateragarri eta elkar lagundu dezaketela, eta orduan ba pentsamendu horrekin abiatzen gara.  

Baina baita ere irekia da, han batzar, egun, egun eta erdi, egun bi eta erdi horietan askatasun handia dagoelako: mugimendurako,  pentsamendurako, elkar-ekintzarako, askatasun handia. Ez dago, batzar askotan bideratzaile edo rol bat egoten da, eta hark markatzen du egunean zehar zer talde osatu behar diren, zertaz hitz egiteko, zenbat denbora eta bestea. Gune Irekikoetan hori askoz ere zabalagoa da, eta norberak dauka jardunaldi osoan zehar, eta hori esplizituki azaltzen da, eta gonbidatzen da jendea une oro euren barruak agintzen dionaren arabera ibiltzeko, bai gaiak proposatu edo ez proposatzerakoan, bai gai ezberdinei buruz dauden taldetxoetan batetik bestera mugitzeko. Zeri buruzko interesa daukazun ba batzartxo horretara joan zaitez. Goizean, gero egun osoan batzar ezberdinak daude, ba mugitu zaitez. Batzar horrek ezer ekartzen ez dizun unean, edo zer aportatzeko moduan ez zagozela (zaudela) igartzen dozunean (duzunean), mugitu zaitez beste toki batera. Orduan zu zara zeure denboraren eta zure ekarpenaren jabe eta, eta arduradun. Aske zara eta arduradun zeure egunean zeharreko denbora hori ahalik eta ondoen erabiltzeko. Eta ahalik eta ondoen erabiltzeko modua etxera itzultzea bada, ba hori be (ere), noski, oso onartua dago, eta animatzen zaitugu horretan edo siesta bat egin behar badozu (baduzu) eta kalera buelta bat egin eta itzuli... Orduan alde horretatik ere, ohiko kongresu, biltzar edo horien artean, oso irekia da.                                 

Alaia Martin. Tamalez, bukatzen joan behar dugu Barrubiakeko elkarrizketa hau. Hitz egin dugu auto-eraketaz, hitz egin dugu Gune Irekiez, zeuri buruz, haurtzaroaz... Eta bukaeran egitea gustatzen zaidan galdera. Zuretzako, bizitzan, garrantzitsuena, zer den. Horixe galdetuko dizut. Zuretzako, bizitzan, garrantzitsuena zer da?     

Eleder Autenetxe. Garrantzitsuena bizitzan, nik, e, azkenaldian lagunekin brometan beti esan izan dut amorea eta umorea. Eta aurrekoan Logroñon lagun batzuekin egonda, han ere gazteleraz bota gen(d)uen, eta gero sortu zen bariante bat, eta horren euskarazkoa da, amorea, umorea eta porrusald(e)a. Horixe.    

Alaia Martin. Eskerrik asko, Eleder, tarte hau eskaintzeagatik, eta jarraitu barrua zabaltzen eta zabalarazten.  

Eleder Autenetxe. Eskerrik asko, Alaia, aukera emotearren (emateagatik) eta gora bihotzak.  

B2
2018-04-04
  • Alaia Martin
21905348
12:38
476