Barrubiak: Oroitz Azurmendi

Alaia Martin esatariaren eskutik dator Euskadi Irratiko “Barrubiak” saioa. Bizi ibilbideak kontatuko dituzte gonbidatuek. Gai eta herri desberdinetako pertsonak.

Barrubiak izenaren hitz jokoa bi hitzen nahasketatik dator: barrua eta marrubia. Mokadu batean jateko elkarrizketak dira: txikiak, laburrak eta zaporetsuak. Gutiziak.
Barrubiak saioan entzungo diren elkarrizketetan aniztasuna da nagusi.

Saio honetako protagonista: Oroitz Azurmendi.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Alaia Martin. Izena, abizena, eta nongotarra zara.  

Oroitz Azurmendi. Oroitz Azurmendi, oiartzuarra jaiotzez eta izatez.  

Alaia Martin. Oiartzuarra izateaz gain, piska bat mundutarra ere bai. Bidaiazalea izan zara umeetatik.  

Oroitz Azurmendi. Konsziente naizela, ez dut, ez dut akorduan umetan asko amestu izana bidaiatzearekin, baina behin heldutasunera iritsita ba bai gogoratzen naizela behin baino gehiagotan amesten hasi izan nuela, ba adibidez, munduko herrialde guztiak zapaltzeko aukera horrekin. Azkenekoz erabaki nuenean nire lan-ibilbidean aldaketa bat ematea, badakit pisu handia eduki zuela lan berriak bidaiatzeko aukera, eman didan aukerak: esango nuke baietz. 

Alaia Martin. Nolako umea izan zinen? 

Oroitz Azurmendi. Ba umetan esango nuke, alde batetik mugitua banintzela, zeren  dauzkadan  oroimen denak  dira auzoan, etxe-inguruan... Ez dakit, zorionez edo zoritxarrez, gure auzoko lehenengo, eraki zuten lehenengo etxea gurea izan zen. Ditudan oroimen gehienak dira inguruko obra guztietan jolasten... Eta bueno, gure inguruan denek sartu zutela noizbait puntapiés bat hankapean, eta ibiltzen ginela teilatutik teilatura, enkofraduetan eta dena... Gaur egun, nire ilobak imajinatu ezin ditudan  jolas-lekuetan, ba gu holaxe ibili ginela... Eta behintzat mugitua bai, ze oroimen gutxi dauzkat etxe barruan, o sea, (alegia), denak etxetik kanpo eta auzoan.  

Alaia Martin. Eta eskola-garaitik ze oroitzapen daukazu, oroitzapen polita daukazu?  

Oroitz Azurmendi. Bai, batez ere, bai, batez ere irakasle batekin. Gainera, kuriosoa da, ze gaur goizean webgune batean galdera sekretu horietako bat galdetzen zidaten eta galdera zen zein zen zure umeetako irakaslerik gustukoenaren abizena eta juxtu goizean horrekin gogoratzen aritu naiz, eta zenbat gauza ezberdin eta aberasgarri egiten genituen irakasle horrekin. Gero jakin dut,  denborarekin, eta badaezbada izenik ez noa esatera, ba nire amak diskusio bat edo beste izan zuela irakasle harekin ba garai hartan gauzak beste modu bat, beste modu batera planteatzen zituela jakin dutelako... Ba normalean horrelakoetan, ausarta denak inguruaren onespena jasotzen kostatzen zaio... Berarekin gerora eduki ditudan elkarrizketetan, gogoratzen naiz berak ere aberasgarri bezala bizitu zuela gure taldearekin... Adibide bat jarriko dizut. Gogoratzen naiz garai hartan gu eta gure induruko gelakideak eduki genuela skate-rekin ibiltzen hasteko zaletasuna, eta imajinatuko duzun bezala, garai hartan Oihartzunen ez zegoen, ez zegoen ez skate-parkerik, ez antzeko ezer, eta irakasle honek, adibidez, lagundu zigun eskutitz bat prestatzen orduko alkateari zuzentzeko, eta bilera bat lortu zigun alkatearekin. Eta bera etorri zen gurekin. Gogoratzen naiz gelako bost ikaskide joan ginela orduko alkatea zenaren, alkatearen bulegora, gure gutuna eskuan ematera, eta ikastolako orduetan zen... Baina holako rekuerdo mordo bat dauzkat irakasle honekin, ba ez dakit, gauzak beste modu batera egitea, beti bultzatzen ziguna eta animatzen ziguna. Beti egongo naiz eskertua irakasle horri.  

Alaia Martin. Gero ikasketa batzuk gehiago egingo zenituen ba beste maila batekoak, jada herriz eta eskolaz kanpo... 

Oroitz Azurmendi. Nik esango nuke, piska bat bizitzarekiko eta etorkizunarekiko nire hausnarketa piska bat momentu horretan hasten dela. Eta beti gainera iruditu izan zait nahiko alukeria dela 18 urterekin erabaki behar izatea zure bizitzako ikasketa nagusienak zein izango diren. Azkenean, nahi edo ez nahi, zure bizitza asko baldintzatzen duen erabaki bat delako, gizartearen gehiengoan behintzat, inor gutxi dagoela prest erabaki konsziente eta benetan daukan pisuaren araberako bat hartzeko. Orduan gogoratzen naiz garai hartan berriz ere zalantza asko nituela eta bi aukera oso ezberdin neuzkala esku artean. Ba bat zen IVEF ikastea, baina nire alde errazionalak ere, ba bizitza guztian bezala, horrek pisua zeukan. Eta bestetik zegoen ba ingenieritza batek etorkizunera begira emango zidan ustezko estabilitatea, edo dena delakoa. Gauzak ez ziren nik nahi bezala atera, gerora pentsatu izan dut igual ez zela aukerarik txarrena izan, baina ez nuen lortu IVEFen sartzea, ba ingenieritza, ingenieritza bat ikasi nuen, nahiz eta lehenengo urtea ez zen, ez zen erraza izan, zeren nire dudak eduki nituen hori ote zen jarraitu nahi nuen bidea edo ez.  

Alaia Martin. Non eman zenituen lehenengo pausuak edo zer bide egin duzu gero lan-munduan? 

Oroitz Azurmendi. Egia esan, unibertsitate-garaian arazo, familiako arazo bat eduki genuen, eta arazo horren ondorio, familiako enpresa batean esku bat botatzen hasi behar izan nuen unibertsitateko lehen urtean, eta nire unibertsitateko  ikasketa denak konpaginatu nituen familiako enpresa horretan lanean ibiliz: elektrizitateko enpresa bat zen.  

Arrazoi ezberdinenagatik ikasketak bukatu nituenean, piska bat ordura arte egindako bidearekin eten bat egin nahi nuen eta erabaki nuen etorkizunera begira hirugarren hizkuntza bat menperatzea garrantzitsua izango zela, eta hor erabaki nuen urtebetez ba Londresa, Londresa joatea.       

Alaia Martin. Londresetik itzulera zer moduzkoa  izan zen? 

Oroitz Azurmendi. Garbi neukan joan nintzenean hasiera eta amaiera zeukan etapa bat zela. Orduan naturaltasun horren barruan eman nuen pausu hori... Ingeniari gisa lan egin nahi nuen edo ez, garbi neukan behintzat probatu gabe ezin zela gelditu eta beno, Londrsetik bueltatuta, ingeniari bezala lan bat topatu nuen: hor pasatu nituen, nire ustez profesionalki gutxien aportatu dizkidaten bi urteak, baina bueno, nik uste bizitzan egin beharreko pausu bat zela; begiak zabaldu zizkidan konturatzeko ehuneko ehun ingeniari kalkulatzaile  lan batean ez nuela neure burua ikusten, eta ez zela benetan aportatzen zidan lan bat... 

Alaia Martin. Pentsatzen dut beste zerbait eskatzen zizula gorputzak, horregatik ez zintuela asetzen. Horrek zer eskatzen zizun? 

Oroitz Azurmendi. Alde batetik, eta batez ere eskatzen zidana zela askatasuna bai pentsatzeko, bai pausuak emateko eta bai, ez dakit, gestio hitza sartuko dut lehenengo aldiz, baina niretzat gestio hitzak badu, badu pisua lanarekin lotzen dudanean. Eta horretaz aparte, garai horretan koinziditzen du baita ere, herriko kulturgintzan nahiko murgilduta nagoela, Euskal Etxean ba nahiko integratuta egon nintzelako, eta kultura-ekitaldi batzuk antolatu genituelako bertsolaritzaren inguruan, eta abar, eta garai horretan koinziditzen herriko bertso-eskolan ere nahiko, nahiko integratuta nagoela eta bueno, barrua zirikatzen didan alor bat dela. Eta bestetik ba herriko mugimenduak eta kultura-mugimenduak ba sortzen duela nire baitan nolabaiteko "inkietude" edo ezinegon bat, zeren hor sortu zitzaidan Bertsozale Elkartean lanean hasteko aukera, eta oroitzen dut, adibidez, nire etxean ba harriduraz hartu zutela aukera aztertzen ari, ari nintzeneko momentua. Izan ziren bost urte gogor, baina gogor adina [bezain] aberasgarri eta, eta gratifikanteak.  

Gutxi-gehiago nire bizitzan, esango nuke bost urteko etapatan funtzionatu izan dudala... Egia da Bertsozale Elkarteko ibilbidean hasieratik ere mugarri bat jarri niola neure buruari, garbi neukalako ez zela bizitza guzirako lan bat izango, azkenean lotura emozionala eta pertsonala daukazun proiektu bat delako, eta banekien epe luzera faktura, faktura handi, handi samarra pasatuko zidala. Orduan, hasieratik jarri nahi izan nion muga bat, helburu batzuk jarri nizkion neure buruari ba bueno, elkarte-ikuspegitik, bai kuantitatiboak eta kualitatiboak, eta garbi neukan helburu horiek beteta zeudela sentitzen nuenean, ba etapa hori itxi egingo nuela. Eta halaxe izan zen. Gainera, gauzak nahiko ondo atera ziren. Lantalde oso polita sortu genuen. Eta piskanaka helburu guztiak betetzen joan zirenean, erabaki nuen testigua emateko momentua zela, eta, eta beste ibilbide bat abiatzeko momentua zela. 

Eta hor hasten da piska bat nire... Bueno, azkeneko urteetan nik uste elikatzen joaten dela benetan, bidaiatzeko beharra sentitzen dudala, eta bueno, etapa ezberdinak daudelako tartean eta , eta abar. Eta hor hartzen dut piska bat urte bat niretzako, bai hausnarketarako... Garbi daukat neure burua gestiotik ikusten dudala eta hor unibertsitate-ikasketak berriz ere hasten ditut, ba graduondoko batekin, ba enpresa-administraritzan eta abar, neure burua gehiago hortik ikusten nuelako. Ingelesarekin ere berriz hasten naiz, bere garaian egin nuen bezala, banekielako hurrengo etapa horretan ordura arte neukan baino maila dezente altuagoa beharko nuela, eta bueno, urtetxo bat pasatzen dut bai graduondoko batekin, bai ingelesarekin eta baita ere barrura begira, erabakitzen  nondik nora joan nahi dudan, eta hor ja bueno, beste,  beste pausu profesional bat ematen dut, ba proiekzio internazional handia zuen kooperatiba batera, ze hor ere baneukan ere nire, nire barne-gatazka. Azkenean, kultura, irabazi asmorik gabeko kultura-erakunde batean lanean ibilzetik ba enpresa pribaturako salto horrek ba bertigo piska bat ematen zidan, eta pentsatu nuen momentu horretan ba kooperatiba batek, ba behintzat sozialki konpromiso  minimo batzuk eduki behar zituen enpresa mota bezala, eta bueno, ez zela aukera txarrena ba pausu hori emateko.  

Alaia Martin. Eta orain lan horretan, baina exzedentzian zaude, exezdentzia hartuta. Zergatik etenaldi hau?  

Oroitz Azurmendi. Bueno, bost urte izan dira kooperatiba honetan. Esker-hitzak besterik ez dauzkadan bost urte, ze benetan eman didaten aukera paregabea izan da, bai pertsonalki eta profesionalki... Baina aldi berean, eta kontziente izanda, zati handi batean nire, nire izaeraren erruz ere badela, izan dira bost urte intentsitate izugarrikoak. Ba nire bizitzan, zati handiena, alor profesionalak hartu du azken bost urte horietan, asko jaso dudan bezala uste dut asko eman dudala azkeneko bost urte hauetan, eta, eta gogorra izan da. Momentu oso, oso positiboak eta politak izan dituen bezala momentu gogorrak ere izan ditu. Eta bueno, atseden bat behar nuela sentitzen ari nintzen azkenengo urtebete honetan, ba tartean zeure buruari ere galdera asko egiten dizkiozulako, ba zer den bizitzari eskatzen diozuna, zer den betetzen zaituena... Bueno, piska bat bizitza begiratzen hasten zara perspektiba zabal batetik, konturatzen hasten zara ba berrogei urtetara hurbiltzen zoazen horretan, ba gutxi-gehiago,  gauzak ondo baldin badihoaz zure bizitzaren erdi bat gutxi gorabehera behintzat, sasoi betez janda daukazula, eta bueno, pentsatzen hasten zara zer, zer eskatzen diozun bizitzari hemendik aurrera, eta galdetzen batez ere zer den zoriontsu egiten zaituena, zer den betetzen zaituena, zer den nahi duzuna gelditzen zaizun bizitzaren bigarren zati honetarako eta horek bultzatu nau, ba atseden-beharrarekin lotuta, ba urtebeteko beste atseden bat hartzea beste bost urteko etapa hau eta gero, ba pentsatzen hasteko hurrengo etapak nondik nora joan behar duen.  

Alaia Martin. Eta lehenengo erabakietako bat hegaldi-txartel bat erostea izan da. 

Oroitz Azurmendi. Bai, eta gainera da aspaldi honetan poz handiena eman didan erabakia. Ba hememdik egun gutxi barru bidaia bat abiatzera noa, bidaia gainera, zentzu zabalean, ez bakarrik zentzu fisikoan, pentsatzen dut bidaia espirituala ere izango dela. Eta esan duzun bezala, joaneko, joaneko helgaldia bakarrik hartu dut. Badakit non hasiko den bidaia hau, baina ez dakit zer, nondik nora ibiliko naizen, zenbat herrialde pasatuko ditudan eta, eta batez ere zenbat iraungo duen bidaia honek.  

Alaia Martin. Zer da batez ere bilatzen duzuna bidaia horretan? Badago zerbait, edo emozio bat edo erabaki bat edo galdera bat. Zerbait bilatzen duzuna bereziki?  

Oroitz Azurmendi. Honbre, lehenengo eta behin, eta badakit piska bat mistiko eman dezakeela, dezakeela erantzunak, baina berriz ere neure buruarekin eta gorputzarekin konektatzea. Ba uste dut azken bolada honetan aparte samar egon dela neure, neure burua eta nere gorputza. Eta bueno, behar dut lehenengo behintzat konexio hori indartu. Eta gero, lehen esan dizudanarekin lotzen dut. Ba piska bat hausnartu neure baitan, irudikatu datozen urteak nolakoak, nola nahi dudan izatea, eta batez ere zerk inguratu behar nauen nire bizitzan. Eta zer den eguneroko horretan benetan bizirik mantentzea nahi dudana, zoriontasun-sentimendu horri lotuta edukiko nauena, eta, eta non, noiz eta nola ikusten dudan neure burua.  

Alaia Martin. Tamalez, Oroitz, bukatu egin behar dugu. Galdera bat beti egiteko ohitura daukadana. Zuretzako zer den bizitzan garrantzitsuena. Horixe: horrekin bukatuko genuke. Zuretzako bizitzan garrantzistuena, zer da?  

Oroitz Azurmendi. Ba topiko bat da, topiko bat da, baina zenbat eta gehiago, are eta gehiago pentsatu, are eta zailagoa egiten zaidana erantzutea. Bai, eta da zoriontasun hitzari lotuta dagoen guzia. Eta deskubritzea norberak zer konektatzen duen norberaren zoriontasunarekin. Eta ari naiz hitz egiten egunerokoan gauza txikienetik hasi eta balio material gutxien daukanetik handienera, baina tarte horretan, egunerokoan, momentu txiki askotan konekatatzea zoriontasun-sentimendu horrekin eguna joan eta eguna etorri. 

Alaia Martin. Ba eskerrik asko, eta konexio ona izan dezazula eta luzaroan. Eskerrik asko, Oroitz. 

Oroitz Azurmendi. Ez horregatik. Eskerrik asko zuei.      

B2
2018-03-27
  • Alaia Martin
21837843
12:37
641