Barrubiak: Leire Abaigar

Alaia Martin esatariaren eskutik dator Euskadi Irratiko “Barrubiak” saioa. Bizi ibilbideak kontatuko dituzte gonbidatuek. Gai eta herri desberdinetako pertsonak.

Barrubiak izenaren hitz jokoa bi hitzen nahasketatik dator: barrua eta marrubia. Mokadu batean jateko elkarrizketak dira: txikiak, laburrak eta zaporetsuak. Gutiziak.
Barrubiak saioan entzungo diren elkarrizketetan aniztasuna da nagusi.

Saio honetako protagonista: Leire Abaigar.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Alaia Martin. Barrubiak-en beste barru bat ezagutzeko aukera izango dugu gaur, eta parean daukat Leire Abaigar, ezta? 

Leire Abaigar. Hori da. 

Alaia Martin. Lehenengo galdera zail bat egingo dizut beldurtuta has zaitezen. 

Leire Abaigar. Bota. 

Alaia Martin. Nor zara zu?  

Leire Abaigar. Ba begiratu, ni naiz Itziar Elorza eta Juan Ignacio Abaigarren alaba, Gasteizen jaioa, baina odolez ba gipuzkoarra, bizkaitarra, arabarra eta nafarra. Horixe. Iparraldea bakarrik falta zait… 

Alaia Martin. konpleto egoteko.  Nongoa, leku horietakoa, zein herritakoa 

Leire Abaigar. Ba lotura zuzena Gasteizen daukat, amarena. Eta familia sakabanatuta ba Berrizen, Donostian, Iruñean, Kanpezun –Arabako herri txikitxo batean, eta hortxe, denak, inguruan, nire abizenak bezalaxe ba lau probintzietako tokietan dabiltza. 

Alaia Martin. Pertsona berezia zara, bakana, eta bekainak altxatu dizkidazu hori esan dizudanean baina badakit jakin hala dela. Esango nuke hasieratik hastea izango dela modu bat, ez beti zuzenena baina, hasieratik hasiko naiz ni. Nolako umea izan zen Leire? Nolakoa zinen? 

Leire Abaigar. Ameslaria. Begiratu, ni gelditzen nintzen lurrean etzanda, gora begira, zeruari begira, orduak eta orduak. Eta nire lehengusinak esaten zidan: Bazaude Leireren munduan”.   

Nik esaten nion: Baina zer da Leireren mundua?  Ba gelditzen zara hor, leku batean, lelotuta bezala, toki batera begira pentsatzen, eta ez diguzu kasurik egiten. Ez zuen jasaten nire lehengusinak hori; askotan egoten nintzen nire lehengusinarekin. Eta nik esango nuke ameslaria izan naizela. Bai. Zoriontsua ere bai batzuetan eta tristea beste batzuetan, eta lerdokeriak esaten zituena  beste askotan. Baina batez ere horixe, ameslaria. 

Alaia Martin. Esan eta berehala gora begira jarri zara, ez?, Leireren mundu horretan. Irudimentsua zinela esango zenuke? Asko pentsatzen zenuen etorkizunean, gertaeretan edo zer zeneukan buruan? Zer lainotan nabigatzen zenuen garai horretan? 

Leire Abaigar. Begiratu. Nire gurasoak banandu ziren 4 urte nituenean. Eta nire amak lan asko egiten zuen. Orduan, bakarrik nengoenez denbora guztian ba bilatzen nituen entretenitzeko moduak: lagun imaginarioak edukitzen nituen,  panpinekin egoten nintzen eta eurekin hitz egiten nuen pila bat… Gero, bizi ginen baita ere Gasteizko auzo txiki bateko etxe txiki batean, et animalia pila bat genituen. Ba orduan animaliekin ba hitz egiten nuen, askotan.  

Alaia Martin. Animalia asko zergatik zenituzten etxean? Animalia zaleak izan dira zure etxean? 

Leire Abaigar. Asko. Nire ama izan da medikua, da izatez nire ama. Baina berak nahi zuena zen ba lagundu. Eta jendea laguntzeaz gain, asko gustatzen zitzaion animalien laguntza. Eta orduan errepidean aurkitzen zituen, ba hilzorian zeuden edo larritua zeuden denak etxera eramaten zituen, zaindu… Gero hor ba sendatu egiten ziren batzuk, beste batzuk ez… Baina sendatzen zirenak gure etxean gelditzen ziren gurekin betirako. Eta horregatik(an) edukitzen genituen kirikinoak, oiloak, ahateak, katuak, txakurrak, noski baietz, eta txoritxoak hortik(an), hegaka. Eta han ibiltzen nintzen txoritxoei begira, eta denekin hizketan. 

Alaia Martin. Ipuinetakoa ematen du horrela esanda, oso polita.  

Leire Abaigar. Bai.  

Alaia Martin. Eta hala ere, esan duzu ume irudimentsua zinela, ameslaria, alaia, eta nolabait, umoretsua batzuetan; triste ere bai besteetan.  

Leire Abaigar. Bai.  

Alaia Martin. Zergatik egoten dira triste umeak, edo zu zergatik zeunden triste batzuetan? 

Leire Abaigar. Bueno, nire kasuan aita faltan botatzen nuelako batez ere. Esaten dute Edipo eta Elektra konplejoa dagoela hor juxtu tarte, adin-tarte horretan, 4 urte edo 5 urte dituzunean. Orduan, banandu egin zirenean, ba nik aitarekin egon nahi nuen eta, gainera momentu kritikoa izan zen amarentzako;  bera oso triste zegoen, eta nik nahi nuen ba zoriontsu zegoen pertsona batekin egon… Eta nire aita hobeto ikusten nuen, orduan aitarekin egon nahi nuen… Gauetan negarrez hasten nintzen; eta gero, ikastolan ere, pixka bat isila nintzen, lotsatia esango nuke. Orduan kostatu egiten zitzaidan harremanak egitea, lagunekin eta hitz egitea. Ba horrexegatik, oso, bakardade horretan ba penak ateratzen nituen batez ere gauetan. Gero, egunean zehar oso, oso zoriontsu nintzen, baina gero gauetan ba tristatu egiten nintzen. Eta nik uste hori ere beharrezkoa dela. Negar egitea oso ona da, eta nik uste ondo etortzen zitzaidala momentu horretan negar egitea. Um, um!  

Alaia Martin. Eta esaten duzu, e, momentu hori hola bizi izan zenuela, tristura pixka batekin, nahiz eta egunean zehar hobeto eraman. Tristura hori nola kanporatzen zenuen, malkoen bitartez batetik, eta bazenuen joaerarik, berdin zait, idaztea, marraztea 

Leire Abaigar. Bai. 

Alaia Martin. Zerk lasaitzen zintuen? 

Leire Abaigar. Bai marraztu eta abestu, egiten nuen pila bat. Eta abesten nuenean oihukatzen nuen pila bat. Eta gero, barruan neukan amorru hori, batez ere amaren kontra ateratzen nuen, ez? Baina gero marrazten nituen gauzetan ere nabaritu egiten zen. Ba aurpegi ilunak edo toki ilunak, arkatza sakatzen nuen pila bat paperaren kontra… Horrelako gauzetan nabaritzen zen asko. Eta gero, abesten nuenean, ba zoro baten moduan oihukatu.  

Alaia Martin. Eta gaur egin desberdin ikusten dituzu harreman horiek gurasoekin? Orekatu dira pixka bat? 

Leire Abaigar. Bai. Bai. Bai. Bueno, hortxe dauzkat biak. Amarekin hobeto nago, askoz hobeto nago. Aitarekin ere bai. Bueno, aitarekin beti egon naiz ondo, baina hori, igual momentu honetan nago hoberen, ez? Ba gustura nago aitarekin, ze oso pertsona alaia denez, eta bakea islatzen dizu. Orduan bake horrek niri ere lasaitzen nau pila bat. Eta oso estresatua nagoenean eta zer egiten dut? Ba aitari deitu. Aldiz, ba behar dudanean zinera joan, edo kultura-arlo gauzekin edo ez dakit, bazkari on bat edo jatetxe on batera joan, ba amarekin egoten naiz. Eta bueno, arazoren bat edo daukadanean ba amarekin egoten naiz normalean ere bai. 

Euren arteko harremana ulertu nuen, euren arteko ez-harremana ere ulertu nuen, eta horrek asko-asko lagundu nau eurekin hobeto egotera.  

Alaia Martin. Azken batean ematen du gurasoekin beti harreman idiliko bat izan behar dela. Normalean hala izaten ez dena ez garelako konturatzen askotan beraiek ere pertsonak direla, ez aita eta ama, edo ez bakarrik guraso, ez aita edo ez ama, baizik bizitza bat daukatela, beraiek ere beraien gatazkak eta beraien pozak eta ilusioak dauzkatela. Eta ez dugula zertan konpartitu haienik, hain zuzen ere, kasualitatez direla gure guraso, ezta? Harreman horietatik ahalik eta onena ateratzen ikasi duzu denborarekin 

Leire Abaigar. Dudarik gabe. Eta gainera ikasi nuenean ni naizela neure buruaren jabe eta ez beste inorena. Orduantxe hasi nintzen nire gurasoekin ondo egoten, gustura eta bakean egoten. 

Alaia Martin. Eta bueno, bizitzak leku askotara eraman zaitu. Ikasketak Bilbon egin zenituen… 

Leire Abaigar. Bai. Leioako Unibertsitatean. Txikitako kontuak azalduko ditut, ze kuriosoa da 5 urterekin amari esan nion bertsolaria izan nahi nuela ameslaria nintzelako,  gustatzen zitzaidalako pila bat errimak egitea, eta bueno, telebista jartzen nuenean esaten nuen, benga, e, ahotsa kentzen nion telebistari eta doblatu egiten nuen. Orduan saiatzen nintzen abesten egongo balira bezala egiten, eta bueno, denetarik. Baina bat-batean ikusi nuen pelikula bat, oso kuriosoa, La canguro uste dut izena zuela, eta orduan nahi nuen canguro izan, hau da, umeak zaindu nahi nituen. Bueno, zelako desilusioa amarentzat. Amak esaten zidan, baina bertsolaria izatea askoz hobea da, ez dakit zer. Bueno, lelokeriak! Gero abokatua izan nahi nuen. Denetarik. Denetarik. 

Eta iritsi zen momentu bat niretzako, nire bizitzako puntu kritiko edo txarrena izan zen batxilergoa, presioagatik, selektibitatea, dena egin behar duzu ondo, ja dena erabakita eduki behar duzu, etorkizuna: hori ezinezkoa da! 16-18 urterekin pertsona batek ezin du bere etorkizuna erabakita eduki: eta zer ikasi nahi duen, zer izan nahi duen. Auskalo ez? Oraindik! Pentsatzen duzu heriotza ere ez dela existitzen. Orduan, bueno… Eta, orduan esan nuen: aber Leire, zuk zer nahi duzu? Ez dakizunez, erabaki gauza bat gustatzen zaizuna, eta  adibidez niri kazetaritza, eta hori ikasten dudan bitartean erabakiko dut zer nahi dudan benetan ikasi. Eta hola nabil oraindik(an) ere bai. Orduan, kazetaritza ikasi nuen Leioan, karrera amaitu baino lehen hasi nintzen telebistan lanean, gero erabaki dut ezetz, telebista-mundua ez dela nirea, eta orain nabil ba komunikazio digitalean sartuta, jatetxe batean lanean, bodega/upategi batentzako egiten dut lan ere bai eta film-ekoiztetxe batean. Baina oraindik ba nire etorkizuneko lanbidearen bila. Baina beti izango da horrela. Hil arte ez dakizu sekula zer egingo duzun. Gero igual artista edo ez daki, pintorea bilakatuko naiz. Batek daki! 

 

Alaia Martin. Esan duzu ekoiztetxe batean zabiltzala. Ze ekoiztetxe da, eta zein da zure lana egun?   

Leire Abaigar. Gariza films da eta ekoiztetxearen izena, eta hor barruan egiten ditugu pila bat gauza, hamar mila. Ba Beldur Barik lehiaketarako ikastaroak ematen ditugu, stop motion-ak, Azurmedi 3 izardun Michelin jatetxeko komunikazioa eramaten dugu baita ere,  Eneko Atxa sukaldariak inauguratu berri duen Eneko jatetxeko komunikazioa ere bai, eta Gorka Izagirre upategikoa. Dena dago bertan. Orduan, batez ere egiten dugu komunikazioa, alokatzen ditugu baita ere kamerak. Soinu-kontuak eta ikus-entzunezko erramintak alokatzen ditugu, sare sozialak ere bertatik ba elikatzen ditugu… Denetarik. 

Alaia Martin. Zein pasio gehiago dauzkazu? 

Leire Abaigar. Abestea asko gustatzen zait eta dantzatzea pila bat. Dantzatzea, gainera da meditatzeko modu bat. Hau da, zu bakarrik zaude zure mugimenduan zentratua eta orduan ez duzu beste gauzetan pentsatzen. Edo horretan saiatzen naiz ni behintzat. 

Alaia Martin. Aurrera begira bizitzari zer eskatzen diozu? Konkreturik badago zerbait, helbururik, ametsik? Zerbait buruan daukazunik, egin nahiko zenukeena? 

Leire Abaigar. Bai. Neure burua aldatu, igual. Ze kanpokoa ezin denez aldatu, edo nahiz eta saiatu, badakizu, denbora guztian konstanteki aldatzen ari dela, bai klima. Nahi duzu eguzkia egitea eta euria egiten du, edo beti euria asko egiten duenean esaten duzu jo, ze eguraldi txarra! eta nahi duzu kontrakoa, eta gero nahi duzu… Beti nahi dugu kontrakoa. Orduan nik nahi dut nire barrura begiratu eta saiatu nirekin gustura egoten, zoriontsu izaten, eta bakean sentitzen eta hola… Nik uste kanpokoa ere etorriko dela; ni ondo egoten, horretan zentratuko naiz behintzat. 

Alaia Martin. Uste dut azken boladan gogoeta bat izan duzula, nola hobetu mundua. Esan nahi dut: ez dituzu erronka txikiak maite, handiak ere bai. Bai? 

Leire Abaigar. Hori da. 

Alaia Martin. Horregatik zaude Barrubitan, hain zuzen.  

Leire Abaigar. Nola aldatu mundua. 

Alaia Martin. Eta nola aldatu behar da mundua?  

Leire Abaigar. Ba hezkuntza-sistema aldatuta lehenengo eta behin, eta pertsonei esaten nola egon ondo euren buruarekin. Hau da: zu egon behar zara gustura, bakean eta zoriontsu, existitzen zarelako, eta ez beste ezergatik. Orduan, zentzu horretan, oinarrizko beharrizanak asetuta edukiz gero, janaria, oxigenoa, ura, ba beste dena da barrukoa. Eta nik uste pertsona oro baldin badago gustura, eta bakean eta zoriontsu bere buruarekin eta ez du beste ezer behar kanpotik, ba zekenkeria, inbidia eta hori dena, desagertuko liratekeela eta, eta munduko gudak eta gerrak ere bai. Horixe.  

Alaia Martin. Eskerrik asko, Leire, zure mundua hobetzeko aholkuagatik bakarrik ez, ahaleginagatik eta zorterik onena Barrubi horretara begira. 

Leire Abaigar. Ba eskerrik asko.                                         

B2
2017-08-13
  • Alaia Martin
21676970
12:40
616