Martin Luther King: I have a dream

Martin Luther King-ek I have a dream hitzaldi ospetsua egin zueneko urteurrena betetzen da abuztuaren 28an (1963an eman zuen hitzaldia).

Ameriketako beltzen egoerari buruzko datu batzuk ematen ditu audio honek.

Sarrera eta bukaera izan ezik, gainontzekoa datu estatistiko esanguratsuak dira.

Audioaren aurretik, hitzaldi ospetsu horren bideoa duzu ikusgai.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA 1: Martin Luther King, Xabier, aipatu behar dugu, 30 urte hil zutela.
XABIER MENDIGUREN: Bai, hain zuzen, apirilaren 4an uste dut izan zela, orain dela 30 urte. Eta, bueno, gaur egun, ba, bueno, aldizkari askotan aipatzen dute Martin Luther Kingen izena eta abar. Eta nik uste dute gehienek ia halako adostasun bat agertzen dutela bere iruzkinetan.
Bere martxa ospetsu hura egin zuenean, 1963an, Washingtonera martxa famatu hura egin zuenean, han hitzaldi bat eman zuen Martin Lutherrek, eta han ia esaldi mitiko bihurtu da, “I have a dream” (amets bat izan nuen). Han kontatzen zuen nola ikusten zituen beltzak eta zuriak mahai baten inguruan anai edo senideturik eta abar.
Bueno, eta galdera da, amets hori egia da?, bete da,ala ez da? Eta badirudi, tamalez, ez dela bete esan behar dugula. 30 urte pasa dira, bere odola isuri zen… Egia da, gauzak ez dago epaitzerik zuri ala beltz, gauza batzuetan aurrerapenak egin dira eta abar; baina oraindik orain dauden datuei begiratuta, ba, baikortasunerako pauso asko gelditzen zaizkigu. Eta berehalaxe ikusten da datu batzuk parekatzen hasiz gero, zer gertatzen den beltzen munduan eta zurien munduan. Eta, bueno, lehenengo esan beharko genuke beltzak, une honetan, Estatu Batuetan % 12,7 direla; zuriak, % 73,1 direlarik. Beraz, gutxiengo handiena da, ondoren datoz hispanikoak deitzen direnak –hor % 10 edo dira–, eta gero beste arrazatakoak, guztien artean % 4 bat edo dira.
Bueno, orduan, proportzioak horrelakoak izanik, hemen ikusten da gauza gogor bat. Alde batetik ikusten da, familia deseginek –hau da, ama bakarrik semea edo alaba zaintzen ari diren horietakoak– zurien artean % 13 direlarik, beltzen artean ia % 50 dira (47,9); horrek esan nahi du sekulako desegituratzea dagoela familia mailan eta hori kopuru ikaragarri bat da, horrek esan nahi duen guztiarekin.
Pobreziari dagokionez, esan behar da, pobrezia-atalaseak edo deitzen diren horiek, eta hori beti eztabaidagarria izaten da…
KAZETARIA: Pobrezia …?
XABIER MENDIGUREN: … atalaseak, edo nolabait esateko, holako kopuru batetik beherako baliabideekin bizi direnak pobretzat jotzen dira, eta, bueno, hori gizarte batetik bestera aldatu egiten da eta abar. Baina hor 6,4 zuriak sartzen diren bitartean (% 6), beltzak % 26,4 sartzen dira; orduan, hor ikusten da, parez pare beltzak eta zuriak jarriz gero, 6tik 24rako diferentzia hori sortzen dela.
Beste puntu bati begiratzen badiogu, esate baterako langabezian daudenei, une honetan Estatu Batuak, oro har, langabeziari dagokionez maila onean dago, azken urte hauetan lanpostu ugari sortu dira eta ekonomiak tirakada bat izan du eta ondo. Bueno, une honetan zuriak % 4,3 dira langabezian daudenak, ba beltzak % 11 ia 12 dira. Hor ere nabarmen ikusten da zer desberdintasun dagoen.
Gero begiratzen badiogu, esate baterako, unibertsitatean diplomatu edo titulu lizentziatuak zenbat diren, bueno, zuriak % 24 diren bitartean beltzak % 11 dira, erdira ozta iristen dira. Eta gero ikusten da hasiz gero errentak edo irabaziak eta parekatzen, garbi ikusten da beltzen maila; badago halako erdi-mailako klase bat. Hori esan dezakegu izan dela beltzen mailan egon den aurrerapen bat azken urte hauetan; baina diru-kopuruari dagokionez, beltzak askoz beheragotik daude.
KAZETARIA: Hala ere, Xabier, diru-irabaziak eta aipatzerakoan, gehien irabazten dutenak kirolariak eta, beltzak izaten dira jeneralean, e!
XABIER MENDIGUREN: Bai, baina izarrak, eta izarrak…
KAZETARIA: Bai, baina hori ere izango da, beharbada, seinale, ezta?
XABIER MENDIGUREN: Bueno, horiek ere, azken batean, asko dira beren fisiko berezi eta beren bizitzaren aurrean egin behar izan duten ekintza eta ahalegin izugarri horren ondorioz, ba, izar izatera iritsi dira, eta abar. Baina horrek populazio zabal baten barruan gutxi esan nahi du. Esan nahi dut, edozein lekutan gerta litezke estatistikoki holako zerak, baina hori anekdota bat da.
Gero kartzeletara jotzen badugu ere, garbi ikusten dugu momentu honetan, esan dut, populazioaren % 12 direla gutxi gorabehera, ba, beltzak momentu honetan zuriak baino gehiago dira kartzeletan: % 45 beltzak dira, eta zuriak % 40, eta beste arrazatakoak % 15, hispanikoak eta abar.
Horrek adierazten du, esan ditugun datu guztiek: familia deseginak, bai langabezia handiagoa, pobretasun handiagoa, kartzelan delinkuentzia-mundua izugarria da... Bueno, hori dena hor dago. Beraz, alderdi horretatik Luther Kingek esaten zuen amets hura, zuriak eta beltzak mahi beraren inguruan biltzea, agian, bai, mahai beraren inguruan izango da, baina batzuk ondo eserita eta ondo jaten, eta beste batzuk mahaipean edo mahaiaren inguruan jira-biraka edo, eta abar. Baina mahaian maila berean eserita, eta patxadaz biek gauza bera jaten ez, behintzat.
Bueno, hori da pixka bat esan dezakeguna. Hala ere, Estatu Batuetan gauzak aldatuz joan dira eta, bueno, luze doa, gauzak ez dira aldatzen, beharbada, batzuek uste zuten bezain bizkor, eta diferentzia hori hor dago, baina kontuan hartzen baldin badugu eman diren pausoak, ba, zerbait aurreratu egin da; esan nahi dut, maila batzuetan pauso batzuk eman dira, irudi-mailan ere eman dira. Garai batean, esaterako, telebistako filmetan beltzak beti holako paper nahiko negatibo eta beti bazter-eginkizunetan ikusten ziren; gaur egun irudi horiek aldatu dira. Eta, bueno, beste integrazio-maila batzuk ikusten dira eta, bueno, pausoak ematen ari dira, ezta? Baina oraindik ikusten dugu, behintzat, funtsean –ekonomian, hezkuntzan eta holakoetan– zeregin handia dagoela.
KAZETARIA: Luther Kingek amets hori, ba, zalantzarik gabe, inondik inora ere ez dela bete.
 



B2
1998-04-16
20767882
0:06:30
166