Axular

Pedro Agerre "Axular" euskal idazlea 1554an jaio zen Urdazubin (Nafarroa) eta 1644ko apirilaren 8an hil zen Saran (Lapurdi).

Euskal literaturan ezinbesteko erreferentzia eta maisua. Gero liburu ospetsua utzi zigun. Idatzi honetan, idazleari buruzko oinarrizko datu batzuk ematen dira.

 

Pedro Daguerre Azpilicueta, Axular

 

Leizarragak ireki zion bidea euskal prosari. Baina historiak norabide berri batzuk markatu zituen, egile kalbinista honen lorpenak gaindituz. XVII. mendea goren aldia izan zen euskal hizkuntzarako. Trentoko Kontzilioak aire berriak ekarri zituen, eta aldaketa politikoek eta arteak zeramaten indarra ez zen oharkabean pasatuko euskal egileentzat. Sarako eskolan Axular azpimarratu behar da, garai distiratsu honetan oso gora jaso baitzuen literaturaren maila.  

 

Benetako izena Pedro Daguerre Azpilicueta zuen, eta Urdazubin (Nafarroa) jaio zen 1556an. Axular baserrikoa zen, eta hori zela eta Axular goitizenaz ezagutzen zuten.

Ez dakigu non egin zituen ikasketak, baina Urdazubiko monasterioan egingo zituela pentsatzen da. Ondoren, Iruñera joan zen, eta han giza zientziak, erretorika eta filosofia ikasi zituen. Ziur dakiguna da Salamancan Teologiako hiruzpalau urte egin zituela; izan ere, Koldo Mitxelenaren senitarteko batek 1972an haren titulua aurkitu zuen, eta Axularrek berak Gero bere liburuan bi irakasle aipatzen ditu.

 

1596an apaiztu zen Tarbesen (Frantzia). Ondoren, Sarako erretoreak bere kargua utzi zuenean, Axularri eman zioten, 1600. urtean. Hala ere, Axularrek gogor borrokatu behar izan zuen postu hori lortzeko; dena dela, bera ez zen Frantziakoa, eta Donibane Lohitzuneko Harostegitar Joanes izeneko apaiz batek hori leporatu zion, esanez ezin zela Sarako erretorea izan frantziarra izan gabe. Axularrek Frantziako Enrike IV.aren oniritzia jaso zuen, eta Sarako erretore gisa luze bizi ondoren, 1644an hil zen.

 

Axularren garaia oso garai aberatsa izan zen. Egoera politikoari dagokionez, Espainia eta Frantzia bereizi behar dira: Espainian beherakada gertatzen ari zen bitartean, Frantzia goraka zihoan. Bi herrialdeak katolikoak ziren, baina Frantzian jakin-nahia piztu zen. Horretaz gain, 1659an Pirinioetako Bakea sinatu zuten, eta, beraz, garai baketsua zenez gero, kultura lantzeko garai aproposa ere bazen.

Erlijioari dagokionez, Axularrek Gero liburua idatzi zuenean, katolizismoa finkatuta zegoen Frantzian; beraz, guda garaia amaituta zegoen.

 

Axularren obra

 

Axularrek Gero idatzi zuen. Berez, benetako izenburua Gero: bi partetan partitua eta berezia da. Horri dagokionez, misterio txiki bat dago, alegia: zergatik jartzen du liburua bi zatitan dagoela partiturik? Emmanuel Intxauspe eta Lafitte-ren ustez, bi zati horiek liburuan bertan daude, Axularrek liburuan esaten duen bezala, baina idatzi zuenean adineko gizona zenez, lan guztia nahiko desordenaturik egin zuen. Villasante eta Haritchelharren ustez, guregana iritsi den Gero lehenengo zatia da, eta bigarrena, berriz, ez zuen idazteko denborarik izan edo galdu egin da. Hala izan ala ez izan, argi dago Axular maisu izan zela, eta askok jotzen dutela euskal prosaren maisutzat.

 

Gero liburura itzuliz, aipatu behar da mezu argi bat duela: "gizonak luzamendutan aritu gabe, ekintza onak geroko utzi gabe, Jainkoarengan bildu behar du". Bertan erabiltzen duen hizkera Urdazubiko lapurtera da: erraza eta herrikoia. Liburuaren egiturari dagokionez, hiru zati bereizten dira: "Gomendiozko carta", "Iracurtçaileari" eta "50 kapitulu".




B2
2004-10-26
20764017
29