ASIER TXAKARTEGI.- Neurri batean esan leiteke estilo liburu bat dala. Bizkaierea: oinarrizko tresnak deitzen da eta hizkuntza arloan 'Euskaldunon Egunkaria'ko 'Bizkaia' gehigarriarentzat sortua da. Gramatikea, aditza, deklinabidea eta hiztegia lantzen dabe eta kontsultak egiteko aukerea be badago. Azken batean gramatika txikitxo bat dala esan leiteke, bizkaiera estandarrean idatzi eta berba egiteko behar diran tresnak eskeini gura doguz. H.- Zein dira bere helburuak?
A.T.- 'Bizkaia' gehigarria argitaratzen hasi zanetik bi urte datoz maiatzean. Eguneroko lan horretan zalantza ugari sortzen dira eta horreri irtenbide bat eman behar jake, baina ez egoan kazetari batek edo hizkuntza egunero erabili gura dabenak bere zalantzak argitzeko gune jakin bat. 'Hona joko dot eta hemen argituko dodaz zalantzak', aukera hori ez egoan eta hori sortu dogu. Asmoa da ikustea ea ze zalantza sortzen dan, ze material dagoen ikusi eta geure bide bat hartzea. H.- Zeinen laguntza jaso dozue zeuen bide hori aukeratzerakoan?
A.T.- Labayrura jo genduan eta baita Euskararen Sendabelarrak lanera. Koldo Zuazo eta Adolfo Arejita izan dira erreferentzia puntu bi, nahiz eta gero Euskaltzaindiaren erabagiak kontutan hartu behar diran. Esan behar dogu ahalegindu garala bide ona aukeratzen, baina ez da bide bakarra eta ez dogu esan nahi hori danik jarraitu behar dan bidea. H.- Zeinek erabili leike?
A.T.- Begiratuta dago batez be hizkuntza egunero erabili behar dabenaren ikuspetigik, baina zalantzak argituko deutsoz edozein herritarri. H.- Normalean lehenengo pausua liburua izaten da. Kasu honetan web-orrialdea sortu dozue, zelan izan da hori?
A.T.- Lehenengo asmoa liburu bat kaleratzea zan, baina azkenean ez eban urten eta gero erabagi zan web-orrialde bat egitea. H.- Berezitasun nabarmenik badauka?
A.T.- Web-orrialde honek ematen daben barritasuna aditzean dago. Aukerea dago aditz bat bilatzeko bizkaieraz eta batuan. Batuko aditz bat aukeratu eta bere parekoa bizkaieraz ikusteko aukera eskeintzen dau. H.- Zenbat denpora behar izan dozue?
A.T.- Urte beteko lanaren ostean, joan den urrian jarri genduan sarean. H.- Eta nolako harrera izan dau?
A.T.- Emaitzea ona izan da, kontutan eukita web-orri hau ez dala egunero barritzen, gauza itxia dala. Urrian 116 bisita izan ziran egunero eta bakotxak zortzi orri ikusten ebazan bataz beste. Zemendian 76 bisita izan ziran egunero eta ikusitako orriak zazpi izan ziren bataz beste. Gaur egungo erabilera be hortik dago, estabilizatu egin dala esan leiteke. Pentsetan dot honek datuok erakusten dabela egarri haundia eta kuriosidadea dagoala.