Ez al da matematika unibertsoa ulertzeko behar dugun hizkuntza?

Gehienontzat matematika, eskola-garaian ikasi, ahal izanez gero gainditu, eta gerora ezertarako erabili ez eta gainera aldatu ez den zerbait da. Matematikariek, berriz, garrantzizkotzat jotzen dute, eta diotenez ezinbesteko da natur zientzietan, gizarte-zientzietan eta teknologian. Gaur egungo gizartea ulertzeko ezinbesteko da.

Zein dira bada matematikaren aplikazioak?

Gizarteko arlo gehienetan agertzen da Matematika. Teknologiaren berrikuntza bera -egungo ikerketaren eta garapenaren ikuspegitik- ezinezkoa litzateke Matematikarik eta metodo matematikorik gabe. Matematikaren aplikazioak Fisikan nabaritu dira gehienbat, kalkulu infinitesimalak fenomeno fisikoak deskribatzeko eredu matematikoak ematea posible egin baitzuen. Hala eta guztiz ere, ordenagailuei, zenbakizko analisiari eta estatistikari esker, gaur arazo konplexuak konpondu ahal izateko eredu matematikoak diseinatu eta ezartzen dira. Adibidez, Biologian eta gizarte zientzietan -Soziologian, Ekonomian...- eztabaida ezineko metodo kuantitatiboak erabiltzen dira.

Teknologia aurreratuenetan eta injinerutzetan Matematika ezinbestekoa da, esate baterako espaziora egiten diren bidaietan.

Informazioaren gizartea deitzen zaio gaur egungoari, telekomunikazioen eta informatikaren garapenaren eta elkarlanaren ondorio den gizarte honi. Gizarte honetan informazio ugari erabiltzen denez, irtenbide premian dauden arazo berriak ere sortu dira, esate baterako informazioaren transmisioa, informazioaren babesa, ulermena, informazioa sailkatzea, kodifikatzea... Arazo horiei guztiei irtenbidea Matematikatik iritsiko zaie, informazio eta datu guztiak algoritmoetan oinarritzen baitira.

Matematika gure artean

Pentsatzen jarriz gero, erraza da konturatzea, baina bestela baliteke ez ohartzea eguneroko bizitzan Matematikarekin etengabeko harremana dagoela. Edonork informazio ugari jasotzen du egunero, eta gero eta gehiago Matematikarekin zerikusi handia duen informazioa. Prezioen indizeak, langabezia-tasa, portzentajeak... bide batetik edo bestetik sarritan iristen dira guregana. Eta zer esanik ez hamaika buruhauste matematiko sortu dizkigun euroak: kalkuluak egin eta dezimalak erabiltzen hasi beharra!

Beraz, Matematikaren garrantzia begi bistakoa da. Hala ere, Matematikaren munduak ezezaguna izaten jarraitzen du. Matematikaren edukia, uler daitekeenez, ez da ezagutzen, baina ez dira ezagutzen ez bere eboluzioa, ez historia, ez eragina, ez eta aplikazioak ere. Jende arruntaren eta Matematikaren arteko harremana oinarrizko lau eragiketa aritmetikoetara eta eskola garaiko oroitzapenetara mugatzen da. Iturria: www.zientzia.net


B2
2003-10-12
16523177
2995