Hizkuntzen Portfolio Europarra

Hizkuntzen Portfolio Europarra hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko eta laguntzeko egina dago. Bere xedea hauxe da: hizkuntzaren bat ikasten ari zaren horri laguntzea zure ikasketa hori hobetzen eta ongi bideratzen, bai ikastaroren bat egiten ari bazara eta bai bakarka ikasten ari bazara ere. Era berean, hizkuntzez eta kulturez dituzun ezagutzak besteri erakusteko balioko dizu. Portfolioan deskribatzen diren gaitasun-mailak Europako Kontseiluak landutako Erreferentzia Markoan oinarriturik daude.

Zer da Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE)?
Europako Kontseiluak bultzaturiko ekimena da, gobernu bakoitza bere kasa garatzen ari dena. Hizkuntza-ikaslearen kaiera moduko bat da. Bertan jasoko dituzu ikasi dituzun edo une horretan ikasten ari zaren hizkuntzen gaineko datuak eta gogoetak. HPEa europar guztioi zuzenduta dago eta hiru atalek osatzen dute: a) Hizkuntzen pasaportea; b) Hizkuntza-Biografia, eta c) Dosierra. Portfolioa ikaslearena berarena da eta ez inongo erakunderena. Europako Kontseiluak Portfolioaren bidez ondoko helburuak lortu nahi ditu: Europako hiritarren arteko elkar ulertzea eta tolerantzia bultzatzea. Dibertsitate linguistikoa eta kulturala babestea eta sustatzea. Bizitza osoan zeharreko hizkuntzen eta kulturen ikaskuntzaren bidez eleaniztasuna sustatzea. Europan barrena mugikortasuna errazte aldera, gaitasun linguistikoen eta hizkuntza-agirien deskribapen argia eta gardena lortzea. Europako 19 herrik dute HPE ereduren bat balioztatuta eta dagoeneko 900.000 ikasle ari dira erabiltzen.
Hizkuntzen Portfolio Europarrak hiru zati ditu
Esan dugun moduan, Hizkuntzen Portfolio Europarrak hiru zati ditu: Hizkuntzen pasaportea, Hizkuntza biografia eta Dosierra. Zati bakoitzak, dokumentazioan, erabiltzeko argibideak luze eta zabal ageri dira. Hala ere, hona hemen orientabide batzuk:
1.- HIZKUNTZEN PASAPORTEA
Hizkuntzetan dituzun esperientziak eta trebetasunak jasotzeko bilduma laburra da, aldian-aldian eguneratu beharrekoa. Zure ziurtagiri eta diplomen berri jaso dezakezu bertan, baita auto-ebaluazioa egin ere.
2.- HIZKUNTZA-BIOGRAFIA
Hizkuntza ikasten egin duzun ibilbidearen erregistroa duzu. Zure helburuak zehazten lagunduko dizu, eta izan dituzun hizkuntza-esperientziez eta kulturarteko esperientziez gogoeta egiten.
3. DOSIERRA
Zure ziurtagiriak eta diplomak, edota zuk egindako lanen aukeraketa bil ditzakezu hemen, zure hizkuntza-trebetasunak eta esperientziak erakusteko. Hizkuntzen Portfolio Europarraren gaineko argibide gehiago nahi badituzu, edota gaitasun-mailei buruzko informazio gehiago, hainbat hizkuntzatan, Europako Kontseiluko Internet gunera jo dezakezu: http://www.coe.int
Hizkuntzen Portfolio Europarrean euskara sartzeko kanpaina
Hizkuntzen Portfolio Europarrean euskara sartzeko kanpaina abian jarri dute Santurtziko Udal Euskaltegiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren ekimenez, Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE) ezagutarazteko eta bertan euskara sartzeko kanpaina, hain zuzen. Europako Kontseiluak bultzatuta sortu den Portfolio horretan, jabeak ikasi dituen edo une horretan ikasten ari den hizkuntzen gaineko datuak eta gogoetak jasoko ditu.




B2
2005-01-17
16521590
3243