Iraungitze datak
Emakume psikologo argentinar batek baieztatu du. Alegia, ezkontzek ere iraungitze data omen dute, eta data horretatik aurrera zakarretara bota, edo aldatu, edo berritu egin behar izaten omen dira, jogurten antzera, gaztaren antzera, janari aurrefabrikatuen gisa.
Berriak ez du gauza berririk esaten, ordea. Epiteto asko daude dozena urtetik gorako bikote-bizikidetzari deitzeko. Gehiago esango dut, zientifikoki ziurtaturik omen dago lehen krisialdiaren data ere: zazpigarren urtea.
Delako emakume psikologoak, ordea, fenomenoaren ezaugarri bat azpimarratzen du. Hau da, itxura denez, egungo bikote harremanetan entrega gutxiago omen dago, eta, hain zuzen, bihotz emate-ez horren ondorioz sortzen dira, gero, delako krisialdi eta iraungitze datok.
Ez dakit ba, ez dakit. Nik bakarrik dakit ondokoa kafesnea zurrustaka edaten, puzkerrak edonon botatzen, atzamarrak sudurrean sartzen, orraztu gabe txandal zulatuaz pasilloak zeharkatzen, arropa zikina aulki gainean pilatzen hasten denean, iraungitze data horren ondorioak nabaritzen dituzula zuk, eta, orduan, argia amatatzen duzula, gauez katu guztiak beltzak direla gogoratuz.
Eta paktuen sasoia iristen da; beharren eta eskubideen zutabeak parekatzeko sasoia.
Inbentarioa egin ondoren, zer bota, zer berritu, zer birziklatu ekiten diozu, kafe edo te kikara beroa lagun duzula.
Eta orduan ikasten duzu maitasunari hainbeste ez eskatzen.