Giza eskubideen mugaz gaindi
Gaur egungo legedietan eskubideak eta betebeharrak gizakie soilik dagokie.
Hainbaten ustez, ordea, ez dago garbi bereizketa hori. Animaliak ere sentitzeko eta sufritzeko gai diren neurrian hainbat eskubideren jabe ere izan beharko lukete.
Artikulu honetan zuzenbidean adituak gai hori aztertzen du.
Itziar Alkorta
Zuzenbide Zibileko irakaslea EHUn
Aurki beteko dira 30 urte UNESCOk Animalien Eskubideen Deklarazio Unibertsala aldarrikatu zuenetik. Aldarrikapen hura egin zenetik hainbat arau eta erakunde berri sortu dira animalien bizitza kalitatearen alde; azkenetako bat, Peter Singer filosofoak bultzatutako Tximino Handiaren Proiektua (The Great Ape Project) da.
Aipatu Animalien Eskubideen aldeko Aldarrikapenaren filosofia azken bi mendeetako aurkikuntza zientifikoetan oinarritzen da, zeinen arabera Bizia iturburu bakar batetik sortua den, gerora izaki bizidunak batzuk besteengandik desberdintzen joan badira ere. UNESCOren aburuz jatorrian bizia bakarra izateak espezie guztien arteko oinarrizko berdintasuna ekarri beharko luke. Berdinzaletasun unibertsala ez da, berez, ideia berria; judu-kristau jatorrikoak ez diren hainbat erlijiok aldarrikatu izan du orain baino lehen. Mendebaldeko zibilizazioaren oinarri filosofikoek, ordea, gizakia jarri zuten unibertsoaren erdian, eta giza espezieari animaliak bere mesedetan, gauzak bailiran, erabiltzeko eskubidea aitortu zioten. Historiaurretik erabili izan ditugu animaliak dela garraiorako, nekazaritzarako, elikatzeko, ikerketarako, nahiz entretenimendurako; gehienetan tratu garratz eta ankerra emanez. Zoritxarrez, hain dira zabalduak animaliekiko tratu txarrak apenas ohartzen baikaren haietaz.
Mendebaldeko kulturak oinarrizko eskubideen kodea sortu du baina eskubide horiek gizakiei aitortzen dizkie soilik. Horren kariaz naturan ez dagoen hierarkia antropozentrikoa sortu zen, zeinaren arabera animaliak, gizakiari ematen dioten zerbitzua zein den, lagun izatetik pizti izatera hel daitezkeen. Espeziekeria hori dago animaliek, gizakiek ez bezala, sufrimendua pairatzeko gaitasunik ez dutelako ustearen oinarrian. Aitzitik, demostratua dago beren nerbio-sistema zentrala (NSZ) arrunt konplexua dela, eta mina ezik sentipenak garatzeko ere gai direla.
Mintzagai dugun UNESCOren Aldarrikapenak berdintasun maila batean ipintzen ditu izaki bizidun guztiak, denei ere oinarrizko eskubide batzuk zor zaizkiela; hala nola, tratu txarrak eta ankerrak ez pairatzeko eskubidea; basatiak direnei, aske bizitzeko eta ugaltzekoa; etxekoei, behar duten zaintza eta errespetua jasotzeko eskubidea, ikerketarako erabiltzen direnei, minik ez eragiteko eskubidea, eta abar. Aipatu Tximino Handiaren Proiektuak aldiz izaki bizidun guztien oinarrizko eskubideen berdintasun hori zalantzan jartzen du. Ekimen horren arabera, aurkikuntza zientifiko berriek garbi adierazten dute gizakiok genomaren ehuneko 99 inguru partekatzen dugula tximinoekin. Ez al dira tximinoak gizaki gaitasun-gabe nahiz adingabeen oso antzekoak? Bidezkoa ei da beraz gizakiei aitortzen zaizkien hainbat eskubide tximinoei ere aitortzea. Ideia horiez baliatuz Tximino Antropoide Handien Eskubideen Aldarrikapena egiteko eskatu dio Princetonetik Peter Singerrek UNESCOri.
Aldarrikapen berri horren zioak entzutean sortzen den galdera da Tximino Handiak beste espezieak baino gehiago babesteak ez al duen, lehengo lepotik, ikuspegi antropozentrikoa oinarri . Gogoan dut oraindik zein absurdoa iruditu zitzaidan aspaldi telebistan ikusi nuen monje budista hura, ahoan mozorroa eta eskuan erratza hartuta, hara eta hona zebilena, airean zeuden intsektuak eta lurrean zebiltzan xomorroak akabatzeko beldur. Pentsatzen jarrita, ordea, ez ote zuen monje hark Princetoneko jakintsuak baino intuizio hobea izango. Azken finean, nor da Peter Singer (nahiz beste inor) tximinoak, txoriak zein hipopotamoak baino hobeak direla esateko?