Segurtasun sozialaren pribatizaziorik ez
Orain dela gutxi arte, uste izan da langileriaren aurrezkiak erabiltzen zirela inbertsio zuzenak areagotzeko. Pentsio-fondoak aktibo bilakatzen ziren heinean, lan-ekonomialariek espero zuten langileek beren aurrezkiak inbertitzea lanean zuzenki erabiltzeko, etxeak eraikiz edo eta heziketarako maileguak eginez lan-indarraren egoera hobetzearren. Horrela, Alemanian kasu, sozial demokratek lan-aurrezkiak erabili zituzten industria-inbertsioa zuzenean finantzatzen laguntzeko. Modu honetan langileriak gestiogintzan parte hartuko zuela itxaroten zen. Baina alderantzizkoa gertatu da, alegia keynestarrek espero zuten «aurrezkiak berdin inbertsioak» delako berdinketatik alde egitea.
Izan ere, gaur egunean gertatzen dena erabat ezberdina da, eta segurtasun sozialaren pribatizazioa sistema desberdin horren zati garrantzitsua da. Egun, orain dela gizaldi bat uste eta aldarrikatu zenaren aurka, arazo nagusia ez datza kapitalismoaren eta «komunismoaren» arteko aukeran, baizik eta kapitalismo barruan ea finantza ala industria izango den sistema ekonomikoaren fokua.
Alde batetik, ohiko kapitalismo industriala daukagu: lan-indarra enplegatuz, superabit bat lortzearren, inbertsio berriak eginik, produkzioa eta merkatuak areagotzea, eta horren bidez mozkinak eskuratzea. Hauxe da ekonomialari klasikoek ikertu dutena azken bi mende hauetan. Beste aldetik, gero eta gehiago sistema finantzario berri eta berezi bat garatu da, zeinak industria bere xede gisa aldarrikatzen duen, baina, izatez, beste helburu desberdin batzuk dauzkan. Helburu horiek oso urrun daude inbertsio industrial zuzenetik: segurtasun soziala pribatizatuz arriskatzen dena ezin da ulertu sistema industrialaren eta sistema finantzarioaren arteko antagonismoa endelegatu gabe.
Kapitalismo industrialaren garapen konkretutik azaldu dena ez da ekonomialari askok, Marxek barne, uste zuena, ekonomia finantzarioa baizik. Gizartea aldatzen duen dinamika ez da produktibitatea eta bizimodua altxatzen eta hobetzen dituen ingeniaritza teknologikoa, paper-aberastasunerako merkatu-prezioak areagotzen dituen ingeniaritza finantzarioa baizik, hau da, gizartearen errenta eta aktiboekiko aseguru-eskarietan aritzen dena.
Segurtasun sozialaren pribatizazioaren aldekoek uste dute burtsa-baloreen merkatuan pentsio-fondoen hazkundeak kapital-sarrera handiagoa sortuko duela. Baina ondoko galderari erantzun behar liokete: zer dela-eta lotu behar diote inbertitzaileek beren kapitala lantegi berriak edo beste produkzio-medioak eraikitzeari, burtsa-baloreen merkatuaren olatua kontrolatuz, ia bermatutako kapital-gainbalioak lortu ahalko dituztenean? Kapital-makineria sofistikatu den neurrian, lan-indar garestiagoa behar izan da makineria horrekin lan egiteko. Langileek nolabaiteko oparotasuna ezagutu dute lehen munduan. Baina beraien dependentzia, izatez, finantzario bilakatu da. Lan-indarrak aurrezkiak bereganatu ditu, etorkizuneko erretreta-errentarako, pentsio pribatuen planetarako eskari gisa, baita etxeak, automobilak eta kontsumo-ondasun iraunkorrak kreditutan erosteko eskaerak ere. Aurrezki horiek ez dira eskuragarri gastu korronteetarako. Hortaz, langileria zorretan sartu da, bere errentaren zati bat interesetan eta zama horietan gastatuz.
Ondorioz, langileria ustiatzeko modu berri bat ezagutu da, ez beraren txirotasun eta lanarekiko ohiko dependentziatik, beraren oparotasunetik baizik. Lehen munduan alokairuak nahiko altxatu dira; bitartean langileria aurrezki askotxoren sortzailea izan da, aurretik ordaindutako segurtasun sozialaren eran eta pentsio pribatuko planen forman. Horrela, langileak batera aurreztaileak eta zordunak dira. Behartuak dira zorretan egoteko, eta «segurtatuta» daude ekonomiaren merkatu finantzarioetan. Beste aldetik, lan-indarrak duen gero eta ez-segurtasun finantzario handiago hori lagungarria da alokairu-mailak ez igotzearren.
Lan-indarra ez dago esplotatuta Marxen plusbalioaren teoriaren arabera. Pentsio-fondoko kapitalismoak lan-indarraren aurrezkiak mobilizatzen ditu burtsa-baloreen booma finantzatzearren. Izan ere, aurrezki guzti horiek finantza-erakundeetan eta burtsa-baloreetan daude zuzendurik. Erretreta-fondoak eta segurtasun sozialeko fondoak ez dira zuzenki inbertitzen lanpostu berriak sor ditzakeen produkzio medio berrietan. Kapitalismo mota berri honetan saltzen direnak ez dira ondasunak eta zerbitzuak burtsa-baloreak, obligazioak eta jadanik existitzen diren beste aktibo batzuk baizik.
Titulu horien gainegiturak ez ditu gizartearen ahalmen produktiboak, alokairu-mailak, bizitza-kalitatea eta hobekuntza ekonomikoa gehitzen. Interesek gidatutako kreditutara zuzentzen dira aurrezkiak. Zuzentze horrek interes-zama batera eramaten du, ekonomiaren kalterako. Ondorioz, ondasun eta zerbitzuen produkzioetatik at jarduten du sektore finantzarioak.
Langileriaren aurrezkiak segurtasun sozialerako eta pentsioetarako behartuak izatetik kanpo, langileek beren etxerako alokairuetatik jasaten duten ordainketen interesa birziklatu egiten da kreditu berrietan eta finantza-inbertsioetan. Emaitza gisa, finantza-gainegiturak oinarri industriala gainditzen du. Horrela, lan-kapitalismoa finantza-kapitalismo bilakatu da, kapitalismo industrialetik erabat aldenduta dagoena.
Kargatutako komisioen bidez, finantza-gestiogileek aurrezki horien irabaziak eta dibidenduak eskuratu dituzte (langileek eskuratu gabe): 1980ean Txilen hasi zena, Britainia Handian ezagutu da, baita Alemanian geroago eta AEBetan gure egunetan ere, segurtasun sozialaren pribatizazioak burtsako baloreak areagotuz.
Hortaz, finantza-ekonomiak ekonomia errealetik dirua desbideratzen duen heinean, aktiboen prezio-inflazioa ondasunen prezio- eta alokairuen deflazioarekin batera joango da, produkzioa gutxituz. Horixe da gure egunotan nonahi ikusi dugu non Finantza-Kapitalismoak Kapitalismo Industrialaren lekua hartu duen, eta hori langileriaren izenean.
Konturatuko ote dira hemengo sindikatuak, batez ere sindikatu abertzaleak, zer-nolako tranpatan sarturik gauden? Izan ere, hemen ere, finantza-mundua gure aurrezkiekin jolasten ari da. Okerrena, gure aurrezkiek sistema finantzario berezi bat bultzatzen du, zeinak barneko merkatuak eta lan-indarra bera estutu egiten baitu.
Esan bezala, orain dela zenbait denbora, langile-gestiogintzaren bidez, uste zen sindikatuen bitartez langileek ekonomiaren aurrezkiak gestionatzen lagunduko zituzketela produkzio-medioak areagotzeko, hobetzeko, lanpostuak gehitzeko, eta langileriaren bizi-baldintzak hobetzeko. 1970eko hamarkadan, aurrekontu publikoek inbertsio publikoa baztertzen zutela salatu zen. Egun finantza inbertsioak inbertsio pribatu zuzena baztertzea mehatxatzen du. Gure egunotan finantza-ekonomia da nagusi eta horretaz deus gutxi eztabaidatzen da.
Wall Street Journal delakoan irakur daitekeenez, inbertitzaileen helburua segurtasun soziala da: milioi dolarretako dirutza, langileek erretretarako daukaten aurrezkien diru multzoa. Metodoa: segurtasun soziala pribatizatzea. Era honetan, eta atera daitezkeen mozkinak kontuan hartuta, inbertsio-bankarioek, segurtasun elkarteek, merkataritza bankuek eta artekaritza etxeek aparteko lobby presioak jartzen dituzte segurtasun soziala pribatizatzeko. Gaur egun, eta, kasu, AEBei dagokienez, dolar bilioi batzuez ari gara. Dirutza hori azpiegitura produktiboetan, enpresetan, makinerietan, teknologian, ikerkuntzan eta garapenean, irakaskuntzan eta lanpostuetan erabil zitekeen. Hori gertatu barik, burbuila finantzarioa handituz doa, etengabe gainera. Tartean ekonomialari gehienek balizko kapitalismoari eusten diote. Noiz arte?