Nola garbitzen dituzte hondartzak?

Garbitzaileek lan asko egiten dute gau, goiz eta arratsaldero, hondartzak  seguruak eta atseginak izan daitezen, eta, aspaldi honetan, baita leku jasangarriak ere.

23:00 Hondarra garbitzea

Iluntzean, jendea etxeratu ondoren, garbitzaileek zaborra bildu eta, makina baten laguntzaz, harea garbitzen dute. Hondarra garbitu egin behar da, hondartza garbi eta arriskurik gabe uzteko. Hondarra egunero-egunero harrotu behar da, oxigenatu dadin: horri esker, bakterio patogenoen inkubazio-arriskua saihestu egiten da.

6:00 Itsasertza garbitzea

Garbitzaileek itsasertza garbitzen dute, egunez hor biltzen baitira bainulari gehien. Horretarako, itsasoak gauean ekarri dituen zakarrak jasoko dituzte. Uste denaren kontra, hondartzako zaborrik gehienak ez dituzte bainulariek uzten, itsasoak baizik.Dena dela, hori ere gizakiak sortarazitako zaborra da, itsasontzietatik eta herrietako estolderietatik dator eta.

7:00 Sarbideen eta zerbitzuen egokitzea

Hondartza zeharkatzeko pasabideak eta sarrerako aldapak ura erabiliz eta erratzez garbitzen dira. Era berean, hondartza inguruko pasabideak eta oinak garbitzeko tokiak garbitzen dituzte, eta, horrezaz gain, dutxak ikuskatu eta komunak desinfektatu egiten dituzte. Gainera, zakarrontziak hustu eta hainbat material berritzen dituzte; esate baterako, plastikozko konoak, material ez-biodegradagarriak biltzeko balio dutenak: zigarro-puntak, pipak, etab.

9:00 Kabinen eta informazio- eta sorospen-guneen irekitzea

Osasun-langileak, sorosleak eta aisialdiko monitoreak goizeko 09:00etan biltzen dira lana banatzeko, botikineko materiala gainbegiratzeko, seinaleak begiratzeko, segurtasuneko balizak txukuntzeko, itsas egoeraren araberako bandera berde, hori edo gorria ipintzeko eta megafonia probatzeko. Hemendik aurrera atsedenik hartu gabe jardungo dute lanean, sei orduko txandatan.

10:00 Zerbitzuak martxan hasi dira

Txosna musika jartzen hasi da, hamakak bere tokian ipini dituzte eta toldoek itzala ematen dute. Hondartza prest dago, hamabi orduz egun eguzkitsu eta zaratatsu batean murgiltzeko. Zarata, hein handi batean, moteldu egiten da, hondarraren porositateari esker; bestela,  beste edozein tokitan, gortzeko moduko burrunba litzateke.

12:00 Bainatzeko eremua ikuskatzea eta uraren kalitatea neurtzeko laginak biltzea

Profesionalak aldian-aldian joaten dira ezarritako kontrol-guneetara, uraren azterketa mikrobiologikoa egitera. Lagin-guneak zenbait bainu-eremuri dagozkie eta kutsatu litezkeelakoan aukeratzen dira,  isurbideetatik, fabriketatik edota beste edozein toki arriskutsutatik gertu daudelako. Urak onargarri eta ezin hobeak moduan baloratzen badira, ez dago kezkatu beharrik; baina, kutsatuta badaude, herritarrei jakinarazi egingo zaie eta ur horietan murgiltzeko debekua ezarriko.

16:00 Arratsaldeko txanda: itsasoak ekarritako hondakinak bildu eta zakarrontziak aldatzea

Hondartza guztietan daude zakarrontziak, baina gero eta gehiagotan ipintzen ari dira gune garbiak, hau da, zaborrak birziklatzeko irizpideen arabera biltzeko esparruak.


B2
2006-07-28
16512679
5939