Urteberri on!
Arantzazuko Joxe Arregi fraileak Urteberri egunean emandako sermoia duzu honako hau.
Adiskideok: Hitz bat dabil gaur ahotik ahora: "Urteberri on!" Ez dakit zertan den gaurkoa atzokoa baino berriago, edo biharkoa baino zaharrago, baina gaurkoari esaten diogu "Urteberri", eta ongi da. Egutegiak eta jaiak behar ditugu gizakiok, egun guztiak berdinak izan ez daitezen, zer itxaro eta elkarri zer opa izan dezagun, berritasunaren pozak eguneroko zama arindu diezagun, berria zaharra baino hobea izango delako esperantzak aurrera bultza gaitzan. Ongi da, beraz, Urteberri ospatzea. Urteberri on bihotzez!
Gero, badakigu, eskarmentu luzeak halaxe erakutsita, zeinen gutxi irauten digun berriak eta zeinen arin bihurtzen zaigun dena zahar. Zeinen agudo zahartzen zaigun arropa berria! Zeinen agudo zahartzen zaigun etxe berria, eta auto berria, eta ordenagailu berria, eta telefono mugikor berria! Zeinen azkar zahartzen zaizkigun maitasuna eta bizipoza! Zeinen azkar zahartu zaigun berriro su-etena eta bake-itxaropena, heriotza eta beldurra eta oinazea berrituz! Eta, esateak ere tristura ematen dit, zeinen bizkor zahartzen zaigun adiskide berria, amodio berria, senar berria, emazte berria!
Daukaguna estreinatu orduko baztertu eta berriaren bila abiatzen gara. Berriaren premia eroak garamatza, eta beldur naiz ez ote dugun berriaren berriz eta berri-beharrez dena zahartzen, dena hondatzen. Zaharberritzen baino trebeagoak gara berrizahartzen. Erabili eta bota bizi gara, berriaren aseezineko egarriz, Corte Inglesetik Eroskira. Zeinen arin zahartuko zaigun urte berria!
"Urteberri on!" halere bihotzez! Baina zer opa diogu elkarri urte berrirako? Zer opa gaur zuri eta neure buruari? Adiskidea, ez dizut opa berri-gosea areagotu besterik egingo ez dizun gauza berri handirik. Ez dizut opa zure amets guztiak aseko lituzkeela iruditzen zaizunik ezer. Ez dizut opa loteriarik, loteria handirik behintzat ez. Ez dizut opa behar duzun baino gehiago irabazterik. Ez dizut opa lehian aurrena izaterik. Ez dizut opa gure mundualdi honetako urte berri guztiek inori eman ezin diotenik. Ez dizut opa, beraz, sasoi beterik. Eta, barkatu, ez dizut opa osasun osorik ere. Ez dizut opa lausorik gabeko bizitzarik. Ez dizut opa zalantzarik gabeko federik. Ez dizut opa ezertan perfektu izaterik, ezta zorion perfekturik ere. Ez sinesmen perfekturik, ez itxaropen perfekturik, ez maitasun perfekturik. Nahiago nuke hori guztia zuretzat eta guztiontzat posible balitz, baina ez da posible, eta ez dizut opa, adiskidea.
Zer opa dizut, bada, urte berrian? Zarena izaten jakin dezazula opa dizut, ezinaren saminik gabe. Duzuna gozatzen jakin dezazula, dena izateko irrikarik gabe. Datorrena hartzen jakin dezazula, erresumindu gabe. Daukazunarekin aski izaten jakin dezazula, eta gehiago esango nizuke, jakin dezazula gutxirekin aski izaten. Egunero on pixka bat, pixka bat bakarrik, egiten jakin dezazula opa dizut, on guztia egin ezaren damurik gabe. Zure inguruko edo mundu zabaleko pobre bati, pobre bakar bati, laguntza apur bat eskaintzen jakin dezazula. Gure herriko bakearen alde hitz bat edo keinu bat egiten jakin dezazula. Etxekoekin eta auzokoekin bakean bizi izateko zeure bake-aletxoa jar dezazula. Zeure zauriekin eta besteenekin errukior izan zaitezela opa dizut. Zeure akatsekin eta besteenekin barkabera izan zaitezela. Egun berri bakoitzari ongi etorri egin diezaiozula opa dizut, ekarriko duen itzal eta guzti. Gauero bakean lotaratzen jakin dezazula, egunak pilatu dizun nahigabe eta guzti. Eguneroko fede argi-ilunari eta eguneroko itxaropen hauskorrari eta eguneroko maitasun-ahalegin erorkorrari eusten jakin dezazula opa dizut. Eta egunero behar dugun bizipoz galkorra gordetzen jakin dezazula. Eta opa dizut, estuasunak estuasun, arnasa hartzen jakin dezazula, Jainkoarengan arnasa hartzen, Jainkoaren arnasa zabalean zeure arnasa zabaltzen, eta izaki guztiei zeure arnasan Jainkoaren arnasa zabala ematen.
Urteberri on opa dizu Jainkoak. Gandiagaren poema ederreko hitzez mintzo zaizu: "Maite dut bizitza, / maite dut, / eta bizipoza opa diot / bizitzari. Bizipoza opa diot / bizi naizela dasaidan / kontzientziari. Bizipoza bizirik / dakusadan inguruari. // Bizitzaren grazia / bizi duen bizidun / orori opa diot / bizipoza".
Adiskidea, horrela mintzo zaizu Jainkoa. Bizipoza opa dizu egunero, gaur eta bihar, urtezahar eta urteberri. Gauza askoren beharrik ez duen bizipoza opa dizu Jainkoak, gauza handien premiarik ez duen bakea, ontasun xumearen zoriona, Belengo zorion xumea. Jainkoaren desirak ez du huts egingo. Saia zaitez Jainkoaren desirak ez dezan huts egin. Zeure egunerokotasun apalean, zeure eguneroko nahigabe ezkutuetan, saia zaitez Jainkoak opa dizun bizipoza zeure buruari eskaintzen. Saia zaitez Jainkoak bizidun orori opa dion bizipoz sakon eta soiletik apurtxo bat eskaintzen. Urteberri on!
***laburtua