"Hizkuntza eta matematika asmatu zituelako dago gizakia eboluzioaren tontorrean"

Euskadi ikerketa saria jaso berri duen matematikariarekin elkarrizketa. Enrike Zuazuaren lana nazioarte mailan goraipatua izan da.


2006ko euskadi ikerketa saria, zientziaren eta teknologiaren alorrean


Amagoia Mujika

Cambridgen dago orain lanean eta bertatik kontatu digu nola jaso duen 2006ko Euskadi Ikerketa Saria. Hara eta hona ibiltzea bere lanaren parte da, zientzia ez baita txoko batean egiten, «munduan, planetan egiten da». Matematika ikusezina da, baina toki guztietan dago. Horixe da eman digun irakasgaia. Eta bere begietara, ikusezina ez ezik liluragarria ere bada.

(...)

Hitz egiten duzun moduan, matematika liluragarria dela dirudi. Eta topikoek ez dute halakorik esaten.


Liluragarria da hasiera-hasieratik, gizakiaren jatorritik, hor dagoelako. Gizakiak hizkuntza eta matematika asmatu zituen eta horregatik dago eboluzioaren tontorrean. Ez autoak gidatzen dituelako, hizkuntza eta matematika asmatu zituelako baizik. Ez nuke esango matematika polita edo zatarra denik, gizakiaren kulturaren zakuan datorrela esango nuke. Alde horretatik, beharrezkoa da. Eta, noski, gizakiak asmaturiko jarduera guztiak bezala, ondo eginez gero, polita da. Artea bezala, olerkiak bezala edo dantza bezala.

Noiz liluratu zintuen matematikak?

Eibarren -ikastolan, La Sallen zein Unibertsitate Laboralean-, irakasle onak izan nituen. Gainera, garai hartan garrantzia handia ematen zitzaion matematikari eta hizkuntzari. Haur mordoa ginen gelan, 60 baino gehiago, eta diziplina handia ezartzen ziguten. Eragiketak egin eta egin jarduten genuen. Gero eta zailagoak ziren eragiketak, baina nik azkar ikusi nuen erraz egiten nituela. Ondorioz, oso gustuko nituen. Gero izan nituen zalantzak, karrera hasterako orduan, matematikak irtenbiderik ez zuela esaten baitzen. Anaiak eman zidan azken bultzada. Gustukoa nuelako hasi nintzen matematika ikasten eta, dirudienez, ez nuen hain txarto aukeratu.

Lanerako irtenbideak aipatu dituzu. Matematikak ba al du irtenbiderik?

Matematikariek nahi duten lekuan egiten dute lan. Gainera, baldintza oso onetan. Egun finantza munduan matematikari asko daude lanean. Matematika asko behar da hamabost urtetik hona bankuen munduan ematen ari diren kredituak eta produktu berriak sortu eta menperatzeko. Bankuetan matematikari mordoa dago lanean. Matematika gustatzen zaien gazteei deia luzatu nahi diet matematika ikas dezaten. Ondo bizitzeko modua eskaintzen du matematikak.

Etengabe matematika arazoak konpontzen aritzen zara. Bizitzan sortzen direnak konpontzen laguntzen al dizu horrek?

Analisirako gaitasunak eta pentsamendu logikoak arazo praktikoak konpontzen laguntzen dute. Hori bai, bihotzeko arazoak salbuespena dira, emozioek matematika iluntzen baitute. Salbuespenak salbuespen, matematikaren pentsamena, metodologia eta egiteko modua baliagarriak dira beste zientziatan, baita ekonomian, medikuntzan eta beste alor askotan ere.

(...)


C1
2007-04-04
16509531
3401