Homo consumens, lotsati patologikoa

Gutako bakoitzaren barruan badira, hor nonbait, bi marra: naizena eta izan beharko nukeena. Gure eraikin psikologikoak bi solairu horiek ditu, eta gizaki (pos)modernook behetik gorako eskailerak igotzeaz obsesionaturik bizi gara.

Gizaki (pos)modernook, beste inork baino nabarmenago, goiko langa oso goian dugu, oso altu jarrita, zeru goietara heltzen da sarri, handik goitik baloratu behar direlakoan hemengo behekoak. Tontor ideal(izatu) horretatik guztia ikusten dugu txiki. Eta zenbat eta goialde urrunagoetara eroan norbere desioa, orduan eta handiagoak txikitasunak, noski. Eta are mingarriagoa erortzea. Bi langek bat egitea, promesa horrek bizi du perfekzioaren utopiak irentsia duen ego (pos)modernoa.

Bi langa horien arteko distantzia da lotsa: nia handik goitik begiratzen denean sortzen den sentimendua, «desegokia naiz» dioena. Autogutxiespen, autogorroto eta lotsa kolektiboak beste horrenbeste, bi langa horien arteko luze-zabalean erne ohi dira: garena motz, eskas, erdipurdiko geratzen da izan beharko genukeenaren goiko talaiatik ikusita. Bi langen arteko espazio psikiko horrek nolako tamaina, halako ongizatea biziko dugu, bakea ala gerra gailenduko dira gure baitan. Bi horien arteko distantziaren kudeaketak egiten gaitu izaki irribarretsu ala alproja kakanarru.

Talde dominatzaileek ondotxo ikusi dute hori, jakin izan dute autogutxiespenaren errubera psikikoa eragiten dominatu nahi dituztenengan, demagun zuriek beltzengan, gizonek emakumeengan, aberatsek pobreengan, espainolek euskaldunongan, edo heteroek homosexualengan. Dominazioa eraginkorra izango bada, bi marren arteko espazio psikiko hori ireki behar du bestearengan.

Egungo sistema ekonomikoak ere ikusi du zinez errentagarria dela distantzia horretan eragitea, gizaki kontsumista hori baino ez baita: bi langok sintonian ez dituen lotsati patologikoa.

Izan ere, gauza jakina da gaur ez dugula erosten behar objektiboak asetzeko. Gaurko kontsumo-ekintzak ekintza sinbolikoak dira, nor indibidual edo kolektiboa apaintzeko tresnak dira. Ni nor naizen, gu nor garen azaltzeko bideak. Bidaiak, elikadura, etxeko dekorazioa, Nike zapatilak edo Gore-Tex arropak, horien bidez egikaritzen da gizaki posmodernoaren bizi-estiloa eta identitatea, identitate merkantilizatua.

Marka multinazional handiek sekulako plusbalioak eskuratzen dituzte langile merkeen izerdi jarioari esker, baina, hori baino gehiago eskuratu dute: iruditeri kolektiboaz jabetu dira, identitatearen eraikuntzarako tresna sinbolikoak bilakatu dira, autoafirmazio pertsonalerako erremintak, eta norbanakoak kontsumitzaile amorratu bihurtzeko ahalmena dute. Kolonizazio kultural-psikologikoa da kapitalaren estrategia hiperkontsumismoaren aro berrian.

Identitate ez nahikoak, lotsatiak sortzea da makinaria ekonomikoaren lehen eginbeharra. Subjektu gutxituak sortu behar ditu, barru arrakalatuak, hortxe datza publizitatearen artea: gu denongan beharrak piztu, etengabeko aseezintasuna eragin, barruko bi langen arteko aldea sortu edo handitu. Errespetua zor diegu publizistei, hain zaila omen zaigun hori lortzen baitute artista horiek: eskua poltsikoan sartzea eta banku-txartela paseatzen ateratzea, irribarrea ezpainetan dugula.

Bi langen arteko espazioa sortu eta handitu ostean, sinetsaraziko digute kontsumo-ekintza bakoitzak promesa bat dakarrela: ipuinean apoa printze bilakatzen den bezalaxe, goiko langarako jauzia eman dezake norbanakoak, saltoz salto desiraturiko nitasunaz jabetu daiteke, esperientzia edo emozio jakin bat bere egin dezake. Merkatuak zelofanez paketaturiko identitateak saltzen dizkigu, lantzean behin eskua poltsikora sartzearen truke. Ni defizitarioa, nor ez onetsia gainditzeko modua saltzen digu. Hortxe bere indarra: goiko langa hori da kapitalak gure espazio psikikoan jarria duen frankizia. Eta negozioa borobil ateratzen ari zaio.

Mendebaldeko hasierako konstituzio politikoetan, populuaren zoriontasuna lortzea zen helburu esplizitua. Gaur, Mendebaldean, makinaria ekonomikoak du ardura hori eta, paradoxikoa bada ere, horretarako masiboki sortu behar du konformagaiztasuna, ondoeza, garenarekiko ezinegon gutxitan aitortua, baita nolabaiteko lotsa fina ere.

Kontsumo-kulturari berdin dio ingurumena likidatzeak, berdin dio hurkoaren izerdia irensteak laranja-zukua bailitzan, edo norbanakoaren barrua zuloez, gabeziez betetzeak. Halere, kontsumo gizartea irrazionaltasunari eraikitako monumentua bada ere, gaurko errespetagarri gehienek belarriekin txalo egiten dute sistema ekonomiko, sozial eta kultural horren alde. Eta anorexiaren bidea ibiltzen hasia den gaztetxoari lehen bi kiloak galtzean animoak nola ematen zaizkion, halaxe animatzen gaituzte, guk geuk ere sisteman sinets dezagun, berau izadiaren (naturaren, hurkoaren eta niaren) aurkako krimen izendatu beharrean.

Merkatuak bi marra horien arteko distantzia handitzea, horixe lortzen du, preso dagoen super-heroiak eskuekin ziegako burdin hesiak tolesten dituen erraztasun berarekin. Bi marren arteko aldea kudeatzen ikusi nahi gaituzte, gure bizi-ibilbidea antola dezagun behetik gorako ahalegin etengabean, jauzi horietan inbertitu dezagun bizi-gogoa. Kapitalismo globalaren aroan, espazio psikiko horretan egosi ohi den asegaiztasunak sostengatzen baititu inoizko fortunarik eta plusbaliorik handienak. Norbanakoon lotsa isil hori da urrezko arrautzen oilo posmodernoa.

Burmuinak ahazten omen du gure umetako zein gaztetako aurpegia: bizirauteko mekanismo ebolutibo bikaina. Berdin lausotu dezake duela hiruzpalau urte sufrimendu izugarria izan zena, minak ia guztiz baretzeraino. Bizirauteko nolabaiteko engainua behar dugu, alegia. Eta, idealaren bila bizitzeak duen engainua, beheko marrari gorantz bultza eginez bizitzeak duen tranpa neoliberala, zelan esan, sibilinoa bezain ankerra da: beheko marraren neurri berean mugitzen da goikoa gorantz. To, desioa betetzetik berdin-berdin gaude urrun, asetze kontsumista iheskorraren ostean.

Bizi-estrategia alternatiboa proposatzera natorkizue, Gabon giroak irentsi gaituen honetan eta herritarron ondoeza handitzera zuzendutako biolentzia sinboliko-mediatikoa hain onetsia dagoen aroan: behekoari gorantz bultza ez, goiko langa lehertzea proposatu nahi dizuet, izan beharko genukeenaren globo puztua zulatzea, lehergailu andana jartzea merkatu produktuek gure barruetan ezarriak dituzten frankizia psikikoetan. Ez dago lotsagabetasuna aldarrikatzea baino kontrakultura beharrezkoagorik.

«Ama, noiz jakingo dut nagusi egin naizela?», galdetu zion umetxoak. Eta amak: «nik musu eman eta tristeziak alde egin ez dizula sumatzean, orduantxe ume». Helduaroa horixe da, tristezia halabeharrez kudeatu behar deneko bizi-aldia, onartzea kanporatuak izan ginela plazer guztiak baimenduta zituen umeen paradisutik. Kontsumo-kultura, plazer guztiak paradisu artifizialetan berrezartzeko ahalegina da. Homo consumens: utikan, heltzeari uko egin nahi dion infantilismo lotsatia.




C2
2007-12-15
  • Azkarraga Etxegibel, Joseba
16505704
7293