detalle dokuteka-generico-fitxa

Aintzane Giralt: erizaina ebakuntza-gelan

Aintzane Giralt erizaina da. 1997an hasi zen lanean Mendaroko Ospitalean, unitate kirurgikoan. Azken 3 urteetan gainbegirale orokorra da arratsaldeko eta gaueko txandetan.
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEEk) duela urte batzuk martxan jarritako Agote Sariaren azken edizioa irabazi du Aintzanek, Marisa Meizoso, Roberto Cano eta David Sotorekin batera. Eta gure asmoa, besteak beste, proiektu horren nondik norakoak ezagutzea da.

Erizainak ebakuntza-gelan, oinarrizko hastapenak, hori da saria irabazi duen lanaren izena. Zer kontatzen duzue bertan?
Berez, lana gidaliburu baten proiektua da eta proiektu horrekin ikusten genuen hutsune bati irtenbide bat eman nahi genion. Alde batetik, ebakuntza-gelan lanean hasteko erizainentzat baliagarri den prestakuntza jasotzea nahi genuen; eta bestetik, euskaraz lan egiten lagunduko duen tresna bat izatea. Hortaz, ebakuntza-gelan lan egiten duten erizain guztientzat dago bideratuta; eta baita erizaintzako ikasketak burutzen ari diren ikasleentzat gere.

Arreten artean, garrantzi handia eman diozue pazientearen segurtasunari zuen lanean. Zenbateraino baldintzatzen du segurtasunak ebakuntza-gelako lan hori?
Erabat baldintzatzen du. Hain zuzen ere, lehenengo kapitulua eskaini diogu pazientearen segurtasunari, gure ustez oso garrantzitsua delako. Ebakuntza-gelaren barruan egiten den guztiak du zerikusia pazientearen segurtasunarekin: pazientearen identifikazioa, alergiarik duen, nolako ebakuntza egin behar zaion, zer aldetan egin behar zaion ebakuntza, hori egiaztatzea, material guztia prestatuta dagoen, tresna guztiak funtzionatzen duten... Hori dena begiratu behar da, ezin da ezer utzi alde batera, eta denak dauka lotura zuzena pazientearen segurtasunarekin.

Gidaliburua oso grafikoa da, aski erraz erabiltzeko modukoa, eta bertan garbi ikusten da zein bide jarraitzen duen paziente batek ebakuntza-gelan sartzen denetik irteten deneraino. Bertan aipatzen duzuen puntu bati helduz, zenbaterainoko garrantzia du kirurgiako unitatearen kokapenak?
Garrantzitsua da, bai. Alde batetik ondo kokatuta egon behar du. Urruti jende asko mugitzen den tokietatik -adibidez, kontsultetatik edo ospitalizazioko solairuetatik-, zeren zerbitzu horiekin ez dauka erlazio zuzenik ebakuntza-gelak; gainera, leku horietan jende asko mugitzen denez, ebakuntza-gelako ezaugarriak (tenperatura, asepsia...) zailak dira mantentzen jende-mugimendu handiarekin.
Bestalde, beste zerbitzu batzuetatik gertu egon behar du, edo behintzat komunikazio ona izan -adibidez, larrialdiekin, erditzearekin lotutako zerbitzuekin, bizkortzearekin lotutakoekin, laborategiarekin... horiekin lotura zuzena baitauka. Esate baterako, ebakuntza batean odol-transfusio bat behar bada, laborategiarekin ondo komunikatua egon behar du.

Ea nola azaltzen diguzun zer diren gune murriztua, erdi murriztua, eta murriztu gabea?, zer ezkutatzen da hitz horien atzean?
Ebakuntza-gelako gune guztiak dira hiru gune horietan sailka litezke, ezaugarri batzuen arabera. Ezaugarri horiek zerikusia dute asepsiarekin eta janzkerarekin batez ere. Gune murriztu gabeak izango lirateke, adibidez, ebakuntza-gela barruko bulegoak; hor unitateko pijama eta oinetako bereziak erabili beharko lirateke. Erdi murriztua, adibidez pasilloa edo biltegiak lirateke; hor oinetako eta pijamaz gain, txanoa erabili beharko litzateke. Eta azkenik, gune murriztua ebakuntza-gela bera izango litzateke, eta hor, jada, aipatu ditudan jantziez gain, aurpegiko mozorroa ere erabiliko beharko litzateke. Hori guztia asepsia-ezaugarri batzuk mantendu ahal izateko; horregatik sailkatzen dira gune ezberdinetan. Bakoitzean arau batzuk daude eta bete egin behar dira.

Arauturik al daukazue ebakuntza-gela batean zenbat erizainek lan egin behar duten?
Berez hiru erizain egon beharko lukete. Batak instrumentista jardungo luke lanean, beste batek zirkulatzaile bezala eta hirugarrenak anestesiarekin lotutako zereginetan. Baina gertatzen dena da ebakuntza motaren arabera edo ospitale bakoitzaren ezaugarri edo plantillaren arabera, zirkulatzaileak betetzen dituela anestesiako erizainaren funtzioak, eta azkenean, ia beti, bi erizain egon ohi dira: bata instrumentista eta bestea zirkulatzailea edo kanpoko erizaina.

Funtzio ezberdin batzuk aipatu dituzu. Anestesiarekin lotutakoa ezagunagoa egiten zaigu, baina instrumentista, zirkulatzailea...

Erizain instrumentistak kirurgialariari laguntzen dio ebakuntzan. Funtzio asko dauzka, baina erizain horrentzat oso garrantzitsua da planifikazioa eta aurre hartzea, sor litezkeen arazoei aurre egiteko era egokian. Eta zirkulatzailea edo kanpoko erizaina da, nolabait, ebakuntza-gelan gertatzen den dena koordinatzen eta kontrolatzen duena eta pazienteari kontu egiten diona.

Begirale moduko bat dela esan daiteke.
Bai hori da, gutxi gorabehera.

Eta ebakuntza-gela berean bi ebaketa egin behar badira, taldea aldatu egiten al da ebakuntza bakoitzean?
Ez, ez da aldatzen. Gehienetan, txanda bakoitzean bi erizainez osatutako talde berak jarduten du.

Amaitzeko, esango al diguzu zer den Kiromenda izeneko programa informatikoa?
Kiromenda da ebakuntza-gelako programa informatiko bat, Mendaroko Ospitaleko erizainek eta erizaintzako laguntzaileek erabiltzen dutena. Bertan, adibidez, ebakuntza guztiak azaltzen dira: nola egiten den ebakuntza, zer material behar den, zer anestesia erabiltzen den, pazientea nola kokatu mahaian, etab. Baita ere, ikus daiteke nola muntatu eta  desmuntatu behar den materiala, nola garbitzen den; argazki batzuen bidez dena ikus daiteke. Informatzeko eta komunikatzeko ere erabiltzen dugu; bakoitzak sarbide bat dugu programa horretan sartzeko, eta ebakuntza-gelan gertatzen den guztiari buruzko informazioa jasotzen dugu: irtenbideak, proposamenak...

Beraz, gerora informazioren bat beharko balitz, guztia jasota uzten da?

Hala da, bai. Programa interaktibo bat da, bizia, eguneratua dagoena, eta eguneroko beharrei aurre egiten diona.

Osasungintzan ere teknologia berrien eragina nabaria dela.
Gero eta nabariagoa.


x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2008-09-05

x61pRelaContWAR

  • Giralt , Aintzane
16503550

x61pViewCountWAR

1564

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR