Gidatzen baduzu ez pentsatu

Autoa gidatzean izan beharreko arretaz ari da. Horretarako ikerketa baten berri ematen du, eta, dirudienez, pentsatzea bera ere arriskutsu omen da.

Gidatzen baduzu, ez edan alkoholik, ez erabili telefonorik, ez piztu zigarrorik, ez hartu arreta ahul dezakeen botikarik Eta ez pentsatu, hori ere -arreta ahultzen duen neurrian- jarduera arriskutsua izan daiteke-eta esku artean bolantea daramanarentzat.

Urtetik urtera ugaltzen diren trafiko istripuen erantzule nagusia gidaria bera izan ohi da. Eta, bigarrena, beste gidariren bat... istripu gutxi batzuk baino ez zaizkie egozten gidarien arduratik at gelditzen diren faktoreei; hau da, autoaren matxurei eta errepidearen egoerari. Gainerakoetan istripua jasaten duen gidaria bera edo errepidekide duen beste gidariren bat da horren erantzule. Kasurik gehienetan gidatzeko era ezegokiak eragiten du istripua. Gehiegizko abiadurak eta aurreratze arriskutsuak daude istripu eragileen zerrendaren buruan.

Baina horiek ere badute nonbait jatorria. Nahita era arriskutsuan gidatzen duen axolagaberik badago, noski, errepideetan, baina kasurik gehienetan arreta ezaren ondorio izan ohi dira istripuak. Badira arreta berez moteltzen duten faktore ezagunak, hala nola alkohola, nekea, logura edo botikaren batzuk, baina ezagun ziren horiei berri bat gehitu zaie, Madrilgo Complutense Unibertsitateko psikologo talde batek egin duen ikerketaren emaitzak ezagutu ondoren: gidatzen den bitartean pentsatzen jardutea. Unibertsitateak eta Trafiko Zuzendaritza Orokorrak elkarlanean burutu duten ikerketan erabili zuten autoak gidariaren erreakzioak neurtzen zituen gailu berezi bat zeraman, eta horri esker jakin dute zer eragin duten ariketa intelektualek arretan eta gidatzeko gaitasunean.

Burua pentsamendu sakonetan murgiltzen denean, gidariak abstrakzio horretan murgiltzen du begirada ere, eta askoz ere arreta gutxiago eskaintzen die ispiluei edo errepideari. Pentsamendu horietan irudiak ere agertzen direnean, begien ikusmen eremua %;70 murrizten da.. Aurrerapen ariketek ere asko moteltzen dute arreta. Ondoren zeharkatu behar ditugun kale edo errepideak aurreikusten eta irudikatzen saiatzea komenigarria izan daiteke batzuetan, baina ikerketaren arabera segurtasuna zalantzan jar dezake gehiegi aurreratzeak, unean uneko lanak ongi betetzeko beharrezkoa den arretaren kalterako izan daiteke-eta hori.







C1
2000-04-08
16443018
1698