Kalamuaren efektuak osasunean

Artikulu teknikoa. Kalamuak gorputzean eragiten dituen kalte eta onurak azaltzen dira. Bi sailetan banatua; balizko efektu negatiboak, erabilera terapeutikoa.

BALIZKO EFEKTU NEGATIBOAK

Inmunitatea. Ebidentzia klinikorik ez badago ere, zelula inmunitatea kaltetu dezake, baina kaltea behin behinekoa da, neurri txikian ematen da eta inmunitatea berreskuratu daiteke

Kromosomak. Kromosometako anormaltasunean hazkunde txiki bat ekar dezake, baina gaia sakon aztertzeke dago oraindik.

Haurdunaldia eta fetuaren garapena. Haurdunaldian zehar kontsumitzeak, jaiotze pisu txikiagoa, gestazio laburragoa eta malformazio gehiago ekar ditzake, inkesten emaitzen arabera, baina klinikoki ez da oraindik horrelakorik frogatu.

Zelulen metabolismoa. Kalamua erretzea, tabakoa bezala, kaltegarria da biriketako zelulentzat.

Psikopatologiak.

- Ikara erreakzio larria. Esperientziarik gabeko kontsumitzaileek dosi handiegia hartzean gertatu ohi da. Kontrol galera dakar, baina berehala itzuli ohi da normaltasunera.

- Delirio toxikoa. Memoria galtzea eta nahasmendua sor dezake, baina dosi altuak hartuta soilik.

- Paranoia egoera larriak. Drogaren egoera ilegalak eta hartzailearen paranoiarekiko joerak eraginda ager daitezke.

- Psikosia. Hipomania, pertsekuzio-mania, entzumen haluzinazioak... ekar ditzake baina gehienetan kontsumo jarraituak psikosia sortu baino joera azaleratu egiten du.

- Analepsia. Hartzaileak flashback modukoak izan ditzake. Drogarik hartu ez duenean drogarekin izandako esperientziak bizitzen ditu berriro. Erreakzio arinak dira eta ez dute tratamendu jakinik behar.

- Biolentzia. Agresibitaterako joera berezia dutenengan eragin dezake zenbait kasutan. Orokorrean agresibitatea apaltzen du gehiago, eragin baino.

- Motibaziorik ezaren sindromea. Gehiegizko kontsumoak motibazioak behera egitea ekar dezake zeharka, baina ez da klinikoki harreman zuzenik frogatu.

- Psikomotrizitatea. Kontsumo oso handiak kalteak eragin ditzake.

- Garun atrofia. Alkoholarekin bezala, kantitate oso altuek garun atrofia eragin dezakeela pentsatzen da, baina oso zaila litzateke.

Dependentzia fisikoa. Oso arraroa da abstinentzia sindromea eragitea. Dosi handiak eta jarraituak behar dira eta sintomak arinak izaten dira.

Efektu endokrino eta metabolikoak. Testosterona mailak behera egiteko dosi jarraituak luzaroan beharko lirateke. Emakumeei dagokienez, kontsumo jarraituak obulaziorik gabeko hileko gehiago ekar dezake. Hipogluzemia sor dezakeela esan izan bada ere, egun hainbat azterketak hori ukatu egiten du.

Biriketako arazoak. Klinikoki frogatzeke badago ere, kontsumitzaileak joera handiagoa izan dezake biriketan bakteriek sortutako infekzioak hartzeko. Erretzen den neurrian, bestelako arazoak ere sor ditzake, baina tabakoak baino neurri txikiagoan.

Arazo kardiobaskularrak. Dosi handiak takikardia sortzen du, horregatik kaltegarri izan daiteke bularreko angina edo bihotz arazoak dituztenentzat.

Ikusmen arazoak. Fotofobia, begi globoaren injekzioa, korneako nerbioen ikusmena areagotzea... gerta daiteke kontsumitzeko unean. Pupilaren erreakzioak motel daitezke, baina ikusmenaren zorroztasunean ez du eraginik. Efektuak iragankorrak dira eta ez dira metatzen.

Droga akumulazioa. Kalamuaren elementu aktibo nagusia, THC, ez da prozesu metabolikoei esker ezabatzen; eraginik ez duen gorputz ataletan, gorputz osoko eta garuneko gantz guneetan gordetzen da. Baina sustantzia ez da une horretan aktiboa eta ez du ondorio negatiborik ekartzen.

Arazoak gidatzeko orduan. Gidatzeko ahalmenean kalteak sortzen ditu, baina alkoholak baino neurri txikiagoan.

ERABILERA TERAPEUTIKOA

Kimioterapian dauden minbizi gaixoentzako antiemetikoa. Kimioterapiak goragale egoera larriak ekartzen ditu, kalamuaren THCarekin saihestu daitezkeenak.

Glaukoma. Kalamuak begi presio intraokularra jaisten du eta glaukoma saihesteko egokia izan daiteke horregatik. Esparru honetan ikerketak asko garatu beharko du, ordea, kanabinoideen artean begiaren presioa jaistea lortzen duena zein den jakiteko




C2
2000-07-22
16440452
3106