Otsoak bolantean

Jendeak autoa hartzean nozitzen duen izaera aldaketa du hizpide artikulu honek. Jendeak nolako autoak erosten dituen ere mintzagai du.

PAKO ARISTI

Gaur, ingelesean, nire gustuko klasea izan da. irakasleak idazlana agindu digu, honako izenburu honi erantzunez: Zergatik automobilak jendea biolento jartzen duen.

Aspalditik konturatua nengoen bai: pertsonarik normalena ere otso bilakatzen du bolanteak. Autozaleak uste du oinezko guztiek lekua utzi behar diotela, ezin dituela hi segundo galdu aurreko autoan zalantzan dagoenarekin. Autoaren hiztegi urrian «ostias, «gilipoias» eta «mekauen dios» dira hitzik errepikatuenak.

Zergatik? Azkenaldian jendeak oso auto eleganteak erosten ditu: nik ez dut hainbat jende arrunt, kideak direnak, umoretsuak, auto ederraren barruan doazenean ezagutzen, errekonozitzen. Kostatu egiten zait. Begira gelditu behar denboraldi batez. Auto horiek ez datoz bat, inondik inora ere, jende horren eguneroko izaerarekin bizitzaz dituzten iritziekin, arazoen aurrean agertzen duten elkartasunarekin. Burugabea ere bada, Euskal Herriko orografia ezagututa, bidaia luzeagorik egiten ez duenak sekulako abiada eta prestazioak dituen autoa erostea.

Batetik, autoa ez da espazio fisiko bat, nahiz eta zenbaitek bazkaldu, egunkaria irakurri edo larrua jo bertan egin. Ez da etxe bat, ez lorategiko aurkia, ez mendi gailurra. Beste norabaitera garamatzan tresna bat da.

Baina nora garamatza? Gure gizarte maila erakustera. ez beste inora, gauzak ondo doazkigula demostratzera.

Gizartean gure gristasunak inongo arrastorik uzten ez duenean, hor dago autoa, markagatik ezagun zaitzaten denek. Asko ordaindu duenak, edozertarako eskubidea duela uste du.

Pertsonak gero eta gutxiago baloratzen dituen gizartean otsoak bakarrik dauka aukera egiteko ahalmena. Eta beti presaka gainera. autoak ez baitu denborarik aurrezten. Autobusean goiz osoan egiten genuen bidaiara autoan azken minutuan ateratzen gara, eta presak beste ezer gozatzeko ahalmena irentzen du. Jadanik ez da ezta abiadurarekin ere gozatzen. beste autoek galarazten dutelako. Eta haserretu egiten gara. ordaindu dugun prezioak ez digulako, azken batean, haserre egoteko beste eskubiderik ematen.




B2
2000-08-09
  • Aristi , Pako
16439074
937