Kortesiaren nostalgia

Kortesia galtzen ari dela dio artikuluaren egileak. Nolakoa zen lehen eta baita beste lekuetan ere azaltzen du. Gaur egungo gazteei kortesia gutxiegi erakusten zaiela uste du.

RAMON SAIZARBITORIA - Idazlea


Behin adin batetik aurrera, afaldu ondorén kontua ordaintzerakoan, "eskerrik asko" esan diezaguten gustatu ohi zaigu. Kortesia maite duzula alegia. Beste gauza askoren artean, kortesia aginteari begiramena eta ahulari babesa segurtatzeko gizalegea delako izango da, eta zahartzaroari, gehiago edo gutxiago, bietatik dagokiolako zerbait. Bestalde, nostalgia bera, adintzearen adierazle bada, zer esan kortesiaren nostalgiaz.

Ez da, gure maite hau, kortesiaren eremua. Hitzaren etimologia berak, eta inguruko hizkuntzetan ugariak diren sinonimoenak, urbanidad, urbanité, politesse, ongi adierazten dutenez, kortesiak saloietan izan du garapena eta ezin sustraitze sobera izan hemengo partean kontuan hartzen bada kaletarrena ere atzo goizean menditik jaitsia dela.

Pixaren kimika florarentzat ongarria den ustetan, oraindik ere nire Donostia kosmopolita honetan, arbolarik ezean, San Bizenteko hormaren kontra egiten dute pisa gautarrek, atxikimendu nekazale zahar bati jarraiki. Gure aiton-amonei ez zieten baserrian Erasmoren De civilitate morum puerilium irakurtzen eta, ez zekiten eskuzapia ezkerreko besaburuan jarri behar zenik ezta gaizki zegoenik ere otsoa bezala eseri bezain pronto azpilari eskua luzatzea.

Guri irakurri ziguten zerbait, ez asko. Eta eskolan irakatsi zigutena ez zitzaion gehiegi egokitzen jada, gure eguneroko beharrei. Gogoan dut, gaingiroki, nola ikasgaietako batek zera erakusten zuen, zein zen autoan dama batekin gindoazenean eserleku aproposa, eta zein, txoferrarekin bakarrik egokitzen ginenekoa. Artean seiszientosa asmatzeko zegoen oraindik, txoferrari mekanikoa esaten zitzaion, pentsa, eta ez zen autoan ibiltzeko aukera handirik izaten.
 




C1
1999-08-31
  • Saizarbitoria , Ramon
16438727
2295