Maileguen biribiltzea

Kontsumitzaileen elkarte batek bankak egiten duen ekintza bat auzitegietan salatu du. Maileguen interesen biribiltzearen ingurukoa da iruzurra. Horren azalpenak ematen ditu artikuluak.

DANIEL UDALAITZ /

Bankak eta aurrezki kutxek negozioa egiteko bide ugari dute. Oso erraza eta onura handiak ematen dituen bat interes aldakorreko maileguen biribiltzea bere alde egingo dela ezartzen duen klausula da. Biribiltze horren ezarpenak areagotu egiten du bezeroen maileguen kostua, eta urtean 45.000 milioi pezetako (1.800 milioi libera) onura eragiten die finantza erakundeei. Horrela adierazten da Bankuko Zerbitzuen Erabiltzaileen Elkarteak (AUSBANC) egin eta duela gutxi argitaratutako txostenean. Elkarte horren iritziz klausula hori "fede onaren aurkakoa eta gehiegikeria" da eta epaitegietara jo du horren aurka. Aldi berean, kontsumitzaileak animatu nahi dituzte, hauek ere bide horretatik abia daitezen.

Horrela, milaka pertsona ari dira bere maileguan prezio gehigarri bat ordaintzen, kontratuetan sartzen den eta finantza erakundeei %0,25 goraka biribiltzeko ahalmena ematen dien klausula horren ondorioz, batez ere hipoteka maileguetan. AUSBANCek adierazitakoaren arabera, 20 milioi pezeta (800.000 libera), %5,76 interes tasarekin, 20 urteren buruan ordaintzeko hipoteka-mailegua egiten duen bezeroak, biribiltze klausularen ondorioz ordainduko duen %6ko interes tasagatik, kontratuaren amaieran 603.462 pezeta gehiago ordainduko ditu.

Gorakako biribiltzearen klausula bidegabetzat, ezlegezkotzat eta okertzat jo ondoren, AUSBANCeko arduradunek diote biribiltze hori, beti, mailegu emailearen alde adosten dela eta inoiz ere ez hartzailearen alde, eta horrek, batez beste, 0,11 puntuko garestitzea eragiten duela hipoteka maileguetan.

Horregatik, AUSBANCek gutun eredu bat egin du mailegu hartzaileentzat, maileguetako gorakako biribiltze horren klausula Kontsumitzaileen Babeserako Lege Orokorraren arabera gehiegikeria dela arrazoituz, eta horrelako klausularik ez ezartzeko eskatuz, aldi berean, jarduera horren ondorioz finantza erakundeek bereganatu dituzten zenbatekoak itzultzeko ere eskatuz.

Finantza-zerbitzuen erabiltzaileen alde aritzen den elkarte honek jarria du salaketa bat aurrezki kutxa baten aurka, epaitegiek gehiegikeria eta zuzenbidearen aurkako jokabidea dela erabaki dezaten, beren ustez Kontrataziorako Baldintza Orokorren Legea urratzen duelako. Halaber, elkarte honek mailegu kontratuetan biribiltze klausula ezabatzeko eskatu du, gaur egungo teknologi baliabideekin inolako justifikaziorik ez duelako, hamartarrak erraz kalkula baitaitezke.

Pentsa daiteke bankak eta aurrezki kutxek jarduera horrekin jarraitzen badute, euroa iristen denean ere biribiltzea finantza erakundeen alde erabiliko dela. Zentzu horretan guztiz txalogarria da bankuetako zerbitzuen erabiltzaileen elkarte hori egiten ari den lana.

 




B2
2000-12-14
  • Udalaitz , Daniel
16435379
1144