Antropologiaren miseria
Iritzizko artikulu honetan abertzaletasuna antropologian eta orokorrean historian oinarritu nahia kritikatzen du idazleak. Horretarako Atapuercako aurkikuntzak ditu aipagai.
Koldo Izagirre
Ez da pose anti-abertzale bat egitearren aitortzen baldin badut asko poztu nintzela Homo Antecessor delakoa, gure eta neandertalekoaren arbaso mankomuna, Burgosen aurkitua izan zela jakin nuenean. Pentsatu nuen mesede egiten zigula nazionalismo merke bat gainditzen hasteko, gure hezurrezko antzinatasuna erlatibizatzeko. Espainiako ikerlariek halako publizitate ezohiko batean erakusten dituzten gorpukin horiek nire aiton-amonenak dira, Alpeetako harenak bezalaxe; alabaina, inork manipulazio politikoa egiteko tentaldia baldin balu, nik behintzat pozik onartuko nioke, nire abertzaletasuna ezkutatu behar izan gabe, euskaldunok, dagoeneko, ez garela «Europako herri zaharrena» edo «Europako lehen familia», espainiarrak hainbeste aztoratu zituen National Geographic-en izenburu hura gogoratzeko. Noizbait behar eta, engoitik gure antropologoek orainaren zantzuak ikertu beharko dituzte gizartean, ez iraganeko puskailak lurrean... Dagoela iragana besteren ardurapean! Antzina ez baina aitzina gu! Onura besterik ez diot ikusten aurkikunde garrantzitsu hori Atapuerca-n gertatu izanari, eta ez Ataunen.
Baina horra non gure antzinazale gazteek jakinarazi diguten, Atapuercakoaz jeloskor edo, euskaldunoi dagokigula orain garrantzi bereko aztarnategiren bat aurkitzea Euskal Herrian. Eta zaputza hartu nuen, bai baitakit azalduko dela Euskal Herriaren mugapean, ez haratago, behar den unean, ez lehenago ez beranduago, Atapuercakoa baino aztarnategi zaharragoren bat. Ekain aipatu da probaleku. Aurkituko zaio, bai, gero eta atzerago doan «iragan bat gure etorkizunari», Txepetxen liburu ospetsuaren titulua atzekoz aurrera ekarriz. Zaputza hartu nuen, nire abertzaletasuna nazionalismotik urrun begiratu nahi nukeelako.
Arkeologoak, teologoak, hermenautak eta politikoak ere asaldatu zituen Itsaso Hileko bazter batean duela mende erdi ezustez aurkitu zen altxorrak: Kristo aurreko 300. eta Kristo ondoko 68. urte bitarteko 850 eskuizkribu, 40.000 zatitan. Testamentu Zaharreko «originalak», juduen historia pasarteak, Kristoren zinezko bizitza, ebanjelioen zati berriak... Itsaso Hileko Eskuizkribuak, antza, ez dira faltsuak. Antzinatasunaren berme dauzkate ikerlariek Karbono 14a, paleografia eta ADNa, eta ez naiz ausartuko ni orain esaten mundua liluratu zuen hura manipulazio handi baten ondorioa izan zela. Baina inork ez dit ukatuko aurkikundea gertatu zen 1947 hura urte berezia zela... Nazio Batuen Elkartea sionistei Israelgo estatua sortzeko eskubidea aitor ziezaion presionatzen ari ziren une hartan bertan, ez lehenago ez geroago, aurkitu ziren eskuizkribuak. Azaldu ere Qumran herriko harpeetan azaldu ziren, Israel izan behar zuenaren mugapean, ez haratago. Eta rollo haietan idatzia zegoena judutarren bertakotasunaren froga zen, inork behar bazuen. Palestinarrena baino zaharragoa, jakina. Jainkoak ez du bere herria eskutik uzten.
Ez ote da kasualitate susmagarria, esanen didate ez gutik, euskaldunok europartasuna ozenkien aldarrikatzen duguneon Europako biztanlerik zaharrena Burgosen aurkitu beharra, eta ez Araban, Historiak agintzen zuen moduan?
Duela urte batzuk Zubialden gertatu zen faltsutzea ez zen izan irakasle umetu baten lana, edo ez hori bakarrik; egoera politiko-kultural baten isla ere bada. Birritan gaztigatu zuten aditu ingelesek, Euskal Herritik igortzen zizkieten diapositibak aztertuta, pintura haiek faltsuak zirela. Baina guk sinetsi nahi ez, guk iragana eraiki behar izaten baitugu, oraina ezin eta. Atzodamu batean finkatzen ditugu guk geure eskubideak eta gure ametsak. Gertatuko dira berriz ere, faltsutzeak eta mito sortzeak. Girotzen ari gara, kitzikagarri berria daukate orain euskal zibilizazioaz arduratzen direnek. Eta azalduko da, behar den unean eta lekuan, ez lehenago ez geroago, eta Euskal Herriaren mugapean, ez hatago, Atapuercakoa atzean lagako duen kate-maila, lur puska honen gaineko gure lehentasuna behin eta betirako frogatuko duena: ez dago alde handirik «guri dagokigu orain aurkitzea» batetik, inperatibo historiko batera.
Jainkoak ez du bere herria eskutik uzten. Eta denok dakigu Jainkoaren herria hiru herri direla, jainkotasunaren misterio esoterikoan: Israel, Irlanda eta Euskal Herria. Behar den unean, behar den lekuan, azalduko da, Jainkoak hala nahita, gure miseria agerian utziko duen aztarna.