Ekofeminismoa, ekologismoaren eta feminismoaren batura

Feminismoaren barruan eta, batez ere, hirugarren munduan sortu den joera berri hau azaltzen du. Feminismoa eta ekologia lotzen ditu. Hainbat ikusmolde biltzen ditu bere barruan. Hauek azaltzen saiatzen da.

ITZIAR MIELGO

Munduko hegoaldeko herrialdeetatik indarrez datorkigu iragan mendean sorturiko pentsamendu hori.

Ekologismoa, feminismoa eta emakumeen izpiritualtasuna dira, funtsean, ekofeminismoa janzten duten ideiak. Izan ere, feminismoak bokazio internazionalistari erantzun nahi badio, ekologismoa kontuan hartu beharko du, ingurugiroaren txikizioaren lehenengo biktimak hegoaldeko emakumeak baitira. Gure etxeetan ditugun produktu asko (oihanetako zurez egindako altzariak adibidez) hegoaldean egindako txikizioen ondorio dira. Oihan galtzearen ondorioz, adibidez, herrialde horietako andrazkoek lehen etxetik hurbil zuten ura, baina, orain, kilometroak ibili behar izaten dituzte ura aurkitu ahal izateko. Lehen oihana zena orain desertu bat besterik ez da, eta emakumeek, sua pizteko beharrezkoa duten egurra jasotzeko herritik kanpo joan behar dute haren bila.

Ekofeminismoan, beste pentsaera politikoetan bezala, hainbat joera daude, eta hein handi batean, joera horien arteko kontraesanak gainditzearen ondorio da. Simon de Beauvoirren ustez, emakumearen naturalizazioa zen patriarkatuaren legitimaziorako bide bat. Beauvoirren hitzetan, gizonak zibilizazioaren etekinak jasotzen zituen, eta emakumea bizitza publikotik kanporatzen zuten. XX. mendean feminismoa berformulatu zuen pentsalari horren arabera, beraz, naturarekin hainbesteko lotura izatea emakumeen kalterako zen.

Emakumea naturarekin lotuta

Baina 7Oeko eta 8Oko hamarkadetan, feminista batzuek andrazkoaren eta natura patriarkalaren identifikazio zaharra berreskuratu zuten esanahi berri bat emateko. Haien ustetan, gizonen kulturak —boterearekin itsututa— gudak eta lurraren, airearen eta uraren pozoitzea ekarri dute. Emakumea, naturarekin lotuagoa dagoenez, bizitza kontserbatzeko itxaropena da. Garai horretan, ekofeminismoak oinarrizko kezka bat plazaratu zuen: osasunaren eta gorputzaren gaineko kontrola berreskuratzea. Gaur egun, ekofeminismo hori «klasiko» gisa identifikatzen dute.

Orain, hegoaldeko herrietatik, mistikotasunarekin edo erlijioarekin harremana duen ekofeminismo berri bat heldu da. Indiatik, adibidez, Euskal Herrian izan berri den Vandana Shivaren pentsamendua heldu zaigu; globalizazioaren aurkako mugimenduan sarri aipatzen den mezua. Shivaren arabera, Mendebaldeko garapen teknologikoak mundu osoa kolonizatu du. «Garapena esaten dioten hori, garapen txar bat izan da: emakumearen eta naturaren aurkako biolentzia iturria. Garapen txar horren oinarriak homogeneitatea, dominazioa eta zentralizazioa defendatzen duen patriarkatuan daude», azaldu zuen Euskal Herrian emandako hitzaldietako batean. Baina hitzetatik haratago, ekintzak ere bultzatu ditu Shivak. Esate baterako, chipko emakumeekin batera, Himalayako oihan guztiak galtzea eragotzi zuten: txandaka, moztu nahi zituzten zuhaitzetara lotzen ziren.Borroka horretan, basoak saldu nahi zituzten gizonei —haien senarrak kasu askotan— aurre egin zieten, eta talde kontzientzia hartu zuten. Batzuek kutsu erlijiosoa; beste batzuek ez.

Hegoamerikan, berriz, pentsamendu teologiko-ekofeminista bat eratu dute: Txilen, Brasilen, Mexikon, Argentinan... Yvone Gevara brasildar teologoak, adibidez, giza justiziak ekojustizia eskatzen duela dio. Ekofeminismo horren ezaugarririk nabarienak emakume txiroen eta naturaren txikizioaren biktimak diren herri indigenen defentsa dira. Dominazioaren, sexismoaren, arrazakeriaren, elitismoaren eta antropozentrismoaren aurka dago.

Anbientalismo feminista da ekofeminismoaren beste adar bat. Horrek ez dauka hegoaldetik iritsitako korronteen kutsu erlijiosorik; familiako ekonomian emakumeak duen arduran oinarritzen du andrazkoen eta naturaren arteko harremana. Ildo horretatik, emakumearen ezaugarriak ez datozkiola bere sexutik esaten du, ingurunearekin duen interakzioagatik heldu zaizkiola dio: ortua zaintzea, egurra biltzea... Ingurunea zaintzen txikitatik ikasi dute, beren bizimodua naturaren menpe zegoelako.

Globalizazio ekonomikoak ekarri duen naturaren txikizioaren aurkako ahotsak entzuten dira hegoaldeko herrietan. Ahots horiek hegoaldeko emakumeenak dira gehienetan. Haien bizimodua hil nahi duen globalizazio ekonomikoari kritikak zabaltzen ari dira mundu osotik: mendebaldeko gizarteak ere kritika horiek jaso beharko lituzke eta bere ohiko zereginetan aplikatu.

Mujeres en red: www.nodo50.org/muneresred
Bilboko La Bolsa Auzoetxean dagoen Emakumeari buruzko  dokumentazioa zentroan (Pilota kalea, 10)
En pie de Paz aldizkaria: 27. eta 28. Zenbakiak
Eguzkiak antolaturiko Emakumeak eta ekologismoa jardunaldia




B2
2001-12-15
  • Mielgo , Itziar
16427102
2998