Ingelesaren sarrera goiztiarra eskolan

Hizkuntza aniztasunak nolako eragina izan dezakeen aztertzen du artikulu honek. Hizkuntza gutxituei nola eragin diezaieken aztertzen du eta, batez ere, eskema idealetatik errealetara jaisteko eskatzen du.

JOXE MANUEL ODRIOZOLA/

Nafarroan sindikatu batzuk kezkaturik omen dabiltza gai honetan. Dirudienez, Hezkuntza Sailaren aldetik euskararen kontrako maniobratzat hartua izan omen litekeen sarbide goiztiarra planteatu da hezkuntzaren lehen urratsetan. Ni ez naiz oso aditua gai honetan, baina beti izan dut susmo saihestezin bat auzi honen inguruan. Eta susmo horri darizkion ohar kritiko moduan isuri nahi ditut ondorengo iritziok.

Lehen uste okerra. Hizkuntza guztiek -oraingoan hiru: espainiera, euskara eta ingelesa- izan dezakete beren lekua gizarte-esparru honetan eta hartan eta bestean. Maila pertsonalean beste horrenbeste: bat edo bi edo hiru jakiteak eta erabiltzeak ez du inolako ondoriorik ez hiztunarengan ez hizkuntzen estatusetan. Hizkuntzek ez diote elkarri enbarazurik egiten.

Gezurra, eta galanta gainera: bai maila sozialean eta bai maila pertsonalean hizkuntzen ezaguera eta erabilera elkarrekiko harremanetan dauden gauzak diren fenomeno sozialak direnez, kengarriak edo osagarriak izan daitezke. Hau da: hizkuntzen mundua izaera soziala duen fenomenoa den unetik beretik, hizkuntz komunitateen, hiztunen eta hizkuntzen arteko osagarritasun/aurkaritzak harreman horien lege bihurtzen dira. Kontraizan horien arabera antolatzen da hizkuntza bakoitzaren lekua eta egitekoa giza komunikazioen sarean.

Bigarren uste okerra. Osagarritasuna nagusitzen zaio kengarritasunari. Elebitasuna nahiz hirueletasuna osagarriak dira, ez kengarriak. Haurtzaroan edo gaztaroan bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasi eta erabiltzeak ez dio inori kalte egiten: ez hiztunari, ez hizkuntza komunitateari eta ez hizkuntzari berari. Alegia, bost axola dio hizkuntz ikasketa eta erabilera hauen egoera soziolinguistikoa eta hizkuntzen status quo-a zertan den jakiteak. Kontua zera da, nonbait: hizkuntzak hizkuntz komunitateak bezalatsu berez direla adiskide eta lagun, osagarri eta oparo-bide, euren arteko estatus-harremanetan ondorio makurrik gabeak.

Gezur hutsa: horietako hizkuntza bat egoera minorizatuan egotea aski eta gehiegi izango da hizkuntzen aldeko apologia merke hori interes jakin batzuen mirabe dela ikusteko. Interes horiek, ordea, ez dute nahitaez UPNkoak izan behar; apologia honen aldeko mezuak eta jarrerak euskaltzaleen munduan bertan dauzkagu inora joan gabe. Koitaduak, halakoak!

Hirugarren uste okerra. Gure ustez haurtzaroko edo gaztaroko elebitasuna edo eleaniztasuna osagarria izango bada, sozializazio linguistiko hori eredu ideal baten gauzapen ideal bat besterik ez da. Beraz, egoera soziolinguistiko ideal bat eskatzen du esperientzia horrek. Alegia, bi hizkuntz komunitate edo gehiagoren arteko estatus-harremanek orekatuak izan behar dute, hiztunaren elebitasuna gizartearen elebitasunak determinatzen baitu goitik beheraino. Eta egoera hori sekula ez da halakoa.
Horregatik, hizkuntzen ikasketa eta erabilera goiztiarraz liburuetan eta agertzen diren esperientzia-ereduak dira diogunaren lekuko argienak: salbuespenak, ez dira besterik. Beraz, hizkuntza minorizatua tarteko den egoera soziolinguistikoa kontuan hartu gabe, eredu psikologiko eta psikolinguistiko idealak planteatuz datorrenari ez sinestu. Gezurretan ari da, berak ez badaki ere. Hizkuntzen mundua idealizatu egiten du halakoak, asmorik onenaz gainera askotan, eta horrexegatik hain zuzen, teoria eta proposamen hauek euskal mundutik datozenean are arriskutsuagoak izan ohi dira. UPNren hizkuntza politika ez dago ikertu beharrik, begien bistan baitago hori.

Bukatzeko: hizkuntz komunitateen, hiztunen eta hizkuntzen arteko joan-etorriak osotasunean ulertu nahi baditugu, ikuspegi dialektikoa behar dugu, garai bateko hizkera erabiltzea zilegi baldin bazait. Eta ikuspegi horretan faktore nagusiak hartu behar ditugu aintzat eta gidaritzat, hots, hizkuntzen estatusak -egoera soziala eta corpus-garapena, alegia-, eta ez, jakina, esku artean darabilgun auzirako hutsaren hurrengoak diren ikaslearen ez dakit zein gaitasun-mota eta erraztasun-kontuak.

Hizkuntza baten egoera normaldu nahi bada, oinarrizko baldintzapen sozioliguistikoak ebaluatu behar dira, ez hiztunaren garuna. Eta, jakina, ingelesaren sarbide goiztiarra bera ere problematika zabal horren testuinguruan kokatu beharko da abstrakziorik egin gabe. Izan ere, ondo pentsatzen jarrita, euskararen normalkuntza aurreikusten ez duen pedagogiak, didaktikak eta metodologiak ba al dute sentidurik? Hizkuntza, irakastekotan, erabiltzeko irakatsi beharko baita. Bestela, zertan ari gara? Eta zer esanik ez hizkuntza hori jatorriz eta nortasunez bertakoa denean.




C2
2002-02-06
  • Odriozola , Joxe Manuel
16425720
5158