Herritargoaren erronkak

Identitate kultural eta politikoak eta gizaki guztien oinarrizko eskubideak maiz gatazka iturri dira, batez ere herrialde txiroetako etorkinak herrialde aurreratuetara datozenean. Honen inguruko gogoeta sakona egiten du irakasleak.

ESTEBAN ANTXUSTEGI

Asko hitz egiten da herritargoaz denboraldi honetan, euskalduna, espainola, europarra, gero eta globalizatuagoa den kontzeptu bilakatuz. Egin dezagun historia pixka bat. Herritargoa, batez beste, XVIII. mendea geroztik nagusituz joan zaigu, komunitate politiko baten partaide izatea (Estatu-nazioarena, batez ere) definituz. Ezaugarri horrek, bada, komunitate horretako kideek eskubide eta betebehar berdinak dituztela adierazi nahi du, bertako partaideak ikusmolde demokratiko eta berdintzailean bilduz.

Baina berezitasun hori barrura begira bakarrik ematen da, komunitate horretako partaideak baitira soil-soilik eskubide-izaera bakar eta berdinak dituztenak. Kanpora begira, Estatuen sistemak, subiranotasunean oinarrituz, lurralde eta komunitateak konpetentzian ezartzen ditu, kanpotik etor zitekeen inolako esku-hartzerik onartu gabe, barruko ziurtasuna eta interes nazionala ikur bakarra bilakatuz.

Baina herritargoaren sistema tradizional hau egun kolokan jarri da, bai komunikazio eta isuri ekonomikoaren globalizazioarekin, bai nazioarteko edo nazioaren gainetik dauden erakundeak ugarituz joan direlako eta gero eta gehiago direlako estatua gainditzen duten arazoak, edota Nazioarteko Zuzenbidean ezarritako legeak (NBEko Giza Eskubideen aldarrikapena, Giza eskubideei buruzko Europar Konbentzioa) gizabanako eskubideei buruz edo estatuaren menpe aurkitzen diren taldeek dituzten eskubideei buruz aritzen direlako. Horrekin guztiarekin kontrol estatala eta estatuek duten pretentsio inposatzailea murriztuz joan dira.

Badirudi horrelako gertakariek demokraziaren mundializazioa ekarri beharko luketela, baina halakorik ez da gertatzen. Gainera, emigrazioa bezalako fenomenoen aurrean estatuek ez dituzte printzipio unibertsalistak bultzatu, alderantziz, kanpotik datozenei ezarritako murrizketak handituz joan baitira.

Europar Batasunean (eta herrialde batzuetan nagusiki) emigrazioak hartu duen inportantzia nabarmentzen joan da, Iparraren eta Hegoaren arteko bereizketa gero eta gehiago areagotuz. Horrela, aipatu herrialde horietan —emigrazioa dela bide— status berezia duten pertsona asko bizi dira. Etorkin legalek, esaterako, estatuko jurisdikzio bera jasaten badute ere, ez dauzkate bertakoek bermatuak dituzten eskubide berdinak. Ez dira herritargo berekoak. Egia da zenbait eskubide zibil eta sozial izateak bereizten dituela atzerritar soiletatik, baina ez dituzte eskubide politiko berdinak erabaki politikoak hartzeko garaian. Beraien herritargoa bigarren mailakoa gertatzen da, eta bereizketa hori ezinbesteko bilakatzen da eskubideak bermatzeko edo handitzeko garaian. Horri guztiari, gainera, legez kanpoko etorkinen kopuruaren gorakada gehitu behar zaio, arazoaren larritasuna nabarmenduz.

Fenomeno horrek herritargo nozio klasikoaren aurrean zenbait arazo planteatzen ditu:

Lehenengoa, identitate kultural desberdinen arteko bateragarritasuna: etorkin taldeek lurralde berrian beren burua finkatua sentitu eta komunitate berrian integratu nahi dutenean, baina jatorrizko identitatea galdu gabe. Funtsean, multikulturalismoaren arazo eta errealitatearekin aurkituko ginateke.

Bigarrena, nola justifika daiteke emigranteekiko bazterketa bertakoen berdintasuna gizakiei dagokien duintasunean eta autonomia moralean oinarritzen badugu.

Orain arte herritargo-eskubidea Estatu-nazioan kokatua izan da, eta bertakoa izatea da (kriterio definitu batzuen bidez demos ezagun baten partaide bilakatuz) eskubide jakin batzuk eta status berezia ematen diguna. Zentzu horretan, herritarraren eskubideak egoera partikular batetik sortzen dira, eta komunitate politiko jakin bati dagozkio soil-soilik. Baina kanpokoak baztertzen dituen berezitasun hori gero eta arazo politiko handiagoa bilakatzen da, batez ere gizarteak ezin direnean itxiak mantendu eta gero eta jende gehiago bere egoera hobetzeko gizarte horietara etengabe hurbiltzen denean.

Aipatu arazoei immigranteek zenbait eskubide bereganatzeko jasotzen dituzten eragozpenak gaineratzen badizkiegu, edo herritargoaren eta nazioarteko eskubidearen arteko harremana aztertzen badugu, gizakiaren eskubide eta herritarraren eskubideak batzeak sortzen dituen arazoaren aurrean jarriko gaitu. Eta hemen galderak: Egokitu behar da herritargoa ikuspuntu unibertsalista batera, non oinarrizko eskubideek ez duten zertan adskripziozko baldintza batzuetara mugatuta egon? Edo, uko egin behar diogu herritargoari gizakiei dagozkien eskubideez hitz egin ahal izateko? Edota, herritargoaz ari garenean, gizakiak gizaki bezala dituen eskubideez edo, jatorriaren arabera, gizaki desberdinen eskubideez ari gara? Eta bukatzeko, badago herritargo kontzeptua birformulatzea zentzu kosmopolita baten ikuspuntutik?

Giza eskubideen historia labur bat egiten badugu, iraultza frantses eta amerikarreko testuetako iraultzaileen uste sendoek ez zuten herritargoa atxikitze baldintza soiletan oinarritzen, gizaki bezala daukagun duintasunean baizik. Iraultzaile horientzat leinu batetik etortzeak, jarrera hierarkiko natural batean aurkitzeak edo lurralde bateko partaide izateak ez zituen eskubide batzuk justifikatzen, gizaki bezala berdintzen gaituenak baizik, hots, bizitza duin batez disfrutatzeko behar ditugun gutxiengo baldintzak bermatuak izatean.

Ikuspuntu demokratiko horrek herritargoa modu ireki batez adierazten digu, aukera zabalak erakutsiz. Ez ditu, beraz, atxikitze adierazpenak erakusten (jaiotza, jatorria, leinua, arraza, hizkuntza etab.), gizaki bakoitzak beste batzuekin eta beste batzuk bezala aritzeko daukan gaitasuna baizik: irtenbide kolektiboak sortu, defenditu, eztabaidatu eta erabakitzeko ahalmenean (autonomia eta berdintasunaren ezinbesteko baldintza demokratikoan oinarrituta).

Zentzu horretan uler genezake emigranteen zenbait eskubide sozial ez direla bermatzen gizarte bateko partaide izateagatik, gizakiak direlako baizik, edozein gizakiri bermatu behar zaizkionak, hain zuzen ere. Hala, gizakiari dagozkion eskubideen eta herritarrari dagozkionen arteko lerro sendoa ezabatuz joan daiteke. Are gehiago muturreraino joango bagina, hots, herritargoaren oinarrian soil-soilik printzipio unibertsalistak jarriko bagenitu: orduan, ezingo lirateke murrizketak onartu, edo haietakoren bat ontzat emango bagenu moralki sostengaezina gertatuko litzateke.

Baina ez gaitezen inozoak izan, errealitatea bestelakoa baita. Hasteko, iraultza frantsesean bertan sortutako «Gizaki eta Herritarraren Eskubideen Aldarrikapenak» garbi agertzen zuen unibertsaltasun zibiko hori komunitate politiko bakoitzean gauzatu beharko litzatekeela, eta ez irudikatutako kosmopolis batean. Liberalismoa ere, jatorrizko printzipioetan unibertsaltasuna agertu arren, Rawlsek bere Liberalismo politikoa lanean esaten duen modura, komunitate politiko mugatu batez ari da etengabe. Honetan datza liberalismoaren paradoxa: herritargo-eskubideak gizabanakoari dagozkion eskubideetan oinarritzen dituela, baina etengabe frogatzen digula etorkinentzat herritar izatea mugaz jositako lasterketa bilakatu dela (hori bai, gizabanako orok emigratzeko eskubidea duela azpimarratuz). Gutxienez beste liberal batzuk muga horiek justifikatu nahi izan dituzte (Kymlickak, esaterako, etorkinei harrera eskaintzen dien komunitateko ondare kulturala babestean), sozialdemokratek Ongizate-Estatua oinarri nazionaletan kokatzen duten modura. Zentzu horretan, herritargo-eskubideak ukatzeko identitate komunitarioaren defentsa edo immigrazio bortitz batek sor dezakeen erasoaren ondorioa argudiatzen dira sarritan.

Hala ere, Habermasek jarrera irekiagoa proposatzen digu: beraren ustez, etorkinekiko ezarri beharreko neurriek komunitatearen identitate politikoa babestu nahi denean bakarrik ezar ditzakete baldintza murriztaileak. Etorkinei, beraz, harrera ematen dien komunitatearen kultura politikoari soilik eska dakieke atxikimendua, baina ez komunitate horrek daukan bizitza kulturalari. Estatu demokratikoak bere kultura politikoa babestu nahi izatea, inolaz ere ez dator bat kultura pribilegiatu bat ezartzearekin: Estatu demokratikoaren barruan zilegi direlako bizitzeko modu desberdinak.

Ikuspuntu horretatik, Estatu demokratikoaren erronka kanpotik datozenak onartzea eta, bertakoekin lana eta bizitza konpartitzen duten heinean, haiek duten statusa eta eskubide berdinak eskaintzea izango litzateke. Arazo horri erantzutea, beraz, edozein eraikuntza burutzeko ezinbestekoa gertatuko zaigu. Horretarako hartu beharreko neurriak gauzatzean egongo da gakoa.




C2
2003-01-09
  • Antxustegi , Esteban
16418377
1612