Kristalezko bolaren hautsak

Zientzia eta bestelako giza jarduerak ustegabeko ondorioak izan ditzakete. Horiei aurre egiteko hainbat proposamen egin ohi dira; besteak beste zuhurtasun printzipioa indartzea. Honen inguruko artikulu didaktikoa da hau.

HANNOT RODRIGUEZ, EHU-ko Miguel Sanchez-Mazas katedra

Gure ekintzen ondorio guztiak aurreikustea ez da beti posible izaten. Askotan A egiten dugu B gertatuko delakoan, eta, nahigabean, B-z gain (ala agian B bera gertatu gabe), C ere gertatzen da. Eta are gehiago: batzuetan aurretiaz jakin ahal izango dugu (ziurtasun handiagoz ala txikiagoz) C gertatzeko aukerak badirela, nahiz eta gure intentzioa C saihestea den, baina beste batzuetan ustekabean emango da C, hau da, aurretiaz C gertatzeko aukera bera ere haztatu ez dugula.

Inguratzen gaituzten aldagai guztiak kontrolatzea ezinezkoa egiten zaigu, eta horregatik normala izaten da gauzak gu hasiera batean proiektatu moduan ez ematea.

Aurrerapen zientifiko-tekniko-industrialak ez dira salbuespena, eta hauekin ere arazoak eta ustekabeak gerta daitezke: istripuak, kontaminazioak, intoxikazioak... Nahiz eta, hori bai, hauek guztiak saihestu eta kontrolatzeko estrategia zehatzak garatu diren gure gizarteetan. Estrategia hauek prozesu politiko-zientifikoa osatzen duen Arriskuaren Analisia deritzogunean gorpuzten dira. Hemen, funtsean bi gauza egiten dira: (i) aplikazio zehatz baten arriskuen nondik norakoak zientifikoki finkatu (arriskuak ebaluatu); (ii) ebaluaketa horren arabera neurri politikoak hartu (arriskuak kudeatu), erregulazio mota bereziak bultzatuz edota neurri legal zorrotzagoen bitartez esate baterako. Beraz, arriskuaren analisian bi galderei erantzun behar zaie: «zer dakigu arriskuez?», bata, eta «zer egin arriskuekin?», bestea.

Zer gertatzen da ordea arriskuak zehatz-mehatz zeintzuk diren ez dakigunean? Horrelakoetan, arriskuez baino ziurgabetasunez hitz egiten da. Egoera honetan, gerta daitekeenari buruzko ezjakintasuna erabatekoa ez bada ere, ez dago ezagutza nahikorik sor daitezkeen arazoei probabilitate kalkuluak esleitzeko. Hau da, eskuragarri dagoen ezagutza mailak ez du posibilitatea kuantifikatzeko (probabilizatzeko) haina ematen. Zer egin bada egoera hauetan?

Erantzuna -Europan batez ere- Zuhurtasun Printzipioa bezala ezagutua den irizpidearen eskutik iritsi zaigu. Ziurgabetasunak kudeatzeko estrategia politiko honen arabera, ziurgabetasun egoeretan aplikazio ezberdinak paralizatu egin behar dira, aplikazio horiek izan ditzaketen arriskuen nondik norakoak determinatu artean.

Askok iraultzailetzat hartu duten estrategia honek hala ere ezjakintasuna noiz edo noiz ezagutza handiagoarekin ezaba daitezkeen ziurgabetasunetara murrizten du. Hau da, ez dio zientzia, industria eta oro har gizartearentzat inplikazio askoz erradikalagoak izanik gauzen bilakaeraren determinaziorako asmoa sustraitik ezeztatzen duen indeterminazio endemikoaren (murriztu ezina) errekonozimenduari lekurik egiten.




C2
2003-01-27
  • Rodriguez , Hannot
16417815
1728