Kerman mintzalagun bila. Teledenda

Harrituta gaudenean era honetako esaldiak botatzen ditugu: Bai gogaikarri zaudela. Gogoratu halakoetan aditz laguntzaileari -ELA jartzea. Merezi du oinak zaintzea esango dugu, nor kasua erabilita


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

 

Transkripzioa. Kerman eta teledenda

 

KERMAN: Janire, nik joan beharra daukat. Postetxera joan behar dut etxerako bidean, martxa honetan, itxi egingo dute…
JANIRE: Postetxera? Zertara? Zure maiteari gutunen bat bidaltzera? 
KERMAN: Ez... Bai gaiztoa zarela, e! Badakizu ez daukadala neskalagunik... 
JANIRE: Nahi ez duzulako... Lehengo egunean miresle pare bat gerturatu zitzaizkizun... 
KERMAN: Miresleak? Nahi bai... Ikasketa bidaiarako loteria saltzera etorri ziren...Ene... Bai gogaikarriak zirela neska haiek... 
JANIRE: Loteria? Bai! Gazte-gazteak ziren neskak eta. Gainera, herriko neska gazte guztiak txoratuta dauzkazu. 
KERMAN: Zu bai zaudela txoratuta.  Hori da hitz egin beharra, hori...
JANIRE: Bueno, eta postetxera zertara joan behar duzu ba? 
KERMAN: Pakete bat iritsi zait, eta hura jasotzera... 
JANIRE: Eta jakin daiteke zer den? 
KERMAN: Ene... Bai gogaikarri zaudela... Jakin daiteke, bai... Walking Fellows bikainak jasotzera joan behar dut!
JANIRE: Zeeeeer? 
 
AZALPENAK:
Harrituta gaudenean, era honetako esaldiak botatzen ditugu: Bai gogaikarri zaudela! Zu bai zaudela txoratuta! Bai gaiztoa zarela! Ez ahaztu era horretako esaldietan aditz laguntzaileari –ela ipini behar zaiola.
 
JANIRE: Zer arraio dira Walker Friends horiek?
KERMAN: Janire... Walking Fellows deitzen dira. Ez al dituzu ezagutzen, emakumea? Oinetakoetan ipintzeko zolak dira… Sekulakoak!
JANIRE: Eta nolatan ezagutu dituzu ba? 
KERMAN: Teledendan ikusita... Nola bestela? 
JANIRE: Teledendan? Kontuz, e! Telebistan txorakeriak baino ez dituzte saltzen 
KERMAN: Ba, esaten dute oin-zola horiek sekulakoak direla... Nik uste merezi duela probatzeak!
JANIRE: Gainera, dirutza gastatuko zenuen, e! 
KERMAN: Merke-merkeak ez dira, baina merezi du dirua ordaintzeak! Mirariak egiten dituzte: bizkarra zuzendu, masaje terapeutikoa eman pauso eman ahala, argaldu, estresa kendu... 
JANIRE: Aditu, lasaituko gara. Ez dituzu horrelako txorakeriak sinetsiko, ezta?
KERMAN: Ba, bai... Esaten dutenez, oin-zoletan puntu batzuk dauzkagu... Eta puntu horiek gorputzeko organo guztietan eragiten omen dute... Beraz, jakinaren gainean egon zaitezen... Merezi du oinak ondo zaintzeak!!!! 
JANIRE: Dirua xahutzen ari zarela uste dut... Nik, zure lekuan, burkoarekin kontsultatuko nuke gaur gauean... 
KERMAN: Ba, halaxe egingo dut... Eta ziur nago burkoak aholku berbera emango didala... Aurreko astean Wonder Pillow miragarria erosi bainuen! 
 
AZALPENAK:
«Merezi du oinak ondo zaintzea» eta «merezi du dirua ordaintzea» esango dugu, nor kasua erabilita. Kontuz, horrenbestez, baztertzekoak baitira «merezi du oinak ondo zaintzeak» eta «merezi du dirua ordaintzeak
 
KERMAN: Eta ikusi beharko zenuke igerilekua garbitzeko inguratu dudan gailua ere... Hori bai dela modernoa eta harrigarria!!! Merezi du ikustea... 
JANIRE: Baina, Kerman... Zuk ez daukazu igerilekurik eta
KERMAN: Arrazoi duzu, baina merke-merke zegoen. Eskaintza berezia! Merezi zuen aukera aprobetxatzea!
JANIRE: Zertarako, ordea? Ez daukazu igerilekurik!
KERMAN: Bai gogaikarri zaudela, Janire! Hemen ez dago jakiterik... Eta loteria tokatzen bazait, eta... 
JANIRE: Tokatuko ahal zaizu... Bestela, larri ibiliko zara litxarreria guztiak erosteko... 
KERMAN: Bai ezkorra zarela, e!... Merke-merke erosi dut eta 
JANIRE: Merke? Zola triste horiek 99,99 euro ordaindu dituzu 
KERMAN: Ikusten? Bai eskaintza paregabea topatu dudala! Miragarriak dira... Merezi du horrelako produktuak erostea!!!!
JANIRE: Begira, hobe zenuke postetxera joan amodio gutunak bidaltzera, neskalagun jator bat hartu, eta teledendak alde batera utzi. 
KERMAN: Neskalaguna? Et, et, et... Horiekin bai xahutzen dela dirua!
JANIRE: Kerman! 
 
AZALPENAK:
Galdakao aldean dabilela, harridurazko esaldiak erabili ditu gaur Kermanek: «Bai ezkorra zarela!», edota «Bai gogaikarri zaudela!». Esaldi horietan aditz laguntzaileari –ELA ipintzen diogula ikusi dugu.
Bigarrenik, merezi aditzarekin NOR erabiliko dugula errepasatu dugu: «Merezi du oinak ondo zaintzea», eta «Merezi du era horretako produktuak erostea» esango dugu. «Merezi du oinak ondo zaintzeak» eta «merezi du era horretako produktuak erosteak» saihestuko ditugu.
Hori gaur Galdakao aldean ikusitakoa. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu



A2
2010-11-15
16351819
3965