Kerman mintzalagun bila. Kerman ospetsu

Kermanek aktore izan nahi du, eta castingera aurkeztu aurretik famarekin ametsetan hasi da.
Egiturak:
- Beldurra adierazteko: *arratoien beldurra daukat / arratoiek beldurra ematen didate.
- Bere izenlagunaren gehiegizko erabilera: *honek badu bere garrantzia / honek badu garrantzirik.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]
SAIOA: Kerman, ez dakit nola irakurtzen dituzun aldizkari txatxu horiek.
KERMAN:Ez pentsa... Niri txu-txumutxuak bost axola! Baina nire telesail gustukoenaren laburpena egiten dute, eta...
SAIOA: Ba hobe duzu telesaila ikusi!
KERMAN: Ikusi ikusten dut. Baina atal bakoitzean horrenbeste gauza gertatzen direnez... Xehetasunen bat galtzearen beldurra daukat!
SAIOA: Kerman, mesedez! Aldizkari hau erostea dirua harrika botatzea da! Begira. Iker Brasillasen neskalagunari ebakuntza egin diote... Bularrak handitzeko... Ebakuntza hauen aldekoa zara?
KERMAN: Ni? Inola ere ez!Ebakuntzen beldurra daukat nik!
SAIOA: Hara! Begira zer autoa erosi duen beste honek: Christiano Robandok...Gustatuko litzaizuke halako kotxe bat edukitzea?
KERMAN: Inola ere ez! Kotxe azkarrek beldurtu egiten naute...
SAIOA: Ene! Ikusi al duzu Paris Tintoren txakur berria! Arratoia dirudi!!!! Begira, begira!!!
KERMAN: Ez erakutsi, ez erakutsi! Arratoien beldurra daukat! Ikaragarria gainera!!!
SAIOA: Kerman!!!!!

AZALPENA
«Arratoien beldurra daukat» edota «ebakuntzen beldurra daukat» esaldiak ez dira oso egokiak. Horien tokian, «arratoiek beldurtu egiten naute» edota «ebakuntzen beldur naiz» esan dezakegu.

SAIOA: Kerman... Benetan, hemen tontakeriak baino ez dituzte kontatzen! Tori!
KERMAN: Tira... Egia da gehienbat txutxu-mutxuak kontatzen dituztela... Baina ez pentsa... Artikulu batzuek badute beren interesa...
SAIOA: Benetan? Nik ez diet ba halakorik ikusten...
KERMAN: Ba... Hemen, adibidez, bada zerbait serioa... Xabier Pardelek bere iritzia eman du Koreako erasoei buruz...
SAIOA: Xabier Pardelek! Baina, zer ote daki hark Koreari buruz... Azkenaldian ez du deus zentzuzkorik erran...
KERMAN: Beste albiste serio bat, entzun! Honek badu bere garrantzia, ikusiko duzu...
SAIOA: Ea ba... irakurri... Zein da berri garrantzitsu hori?
KERMAN: Kataluniar askok eta askok Karmen de Maitenari eman diote beren botoa...
SAIOA: Ene... Kerman... Zaharrak berri... Hori bagenekien...
KERMAN: Hara! Hau bai albiste kaskarra! Natura eta Gizarteko Deborak bere hanka hautsi du eta ezin izango da hurrengo kapituluetan agertu...  
SAIOA: Kerman, mesedez!

AZALPENA
Bere izenlaguna gehiegitxotan erabiltzen dugu, eta kasu batzuetan soberan egoten da. «artikulu batzuek badute beren interesa» esatea baino zuzenagoa da «artikulu batzuek badute interesa» esatea. Edota «honek badu bere garrantzia» esan ordez, «honek badu garrantzirik».

SAIOA: Hara, Kerman!!! Ez al duzu ikusi? Zuri gustatzen zaizun telesailari buruzko lehiaketa bat badago! Eta, irabaziz gero, kapitulu batean parte hartu ahal izango duzu!!!!!
KERMAN: Ikusi dut bai... Baina niri kamerek sekulako beldurra ematen didate... Gainera... ni ez naiz aktore ona...
SAIOA: Ez zaitez txotxolo izan... Natura edo Gizartean ez dago aktore onik... Zuk horiek guztiek baino hobeto egingo (EGINEN) duzu...
KERMAN: Saioa! Rol guztiek dute zailtasuna!
SAIOA: Edonola ere, Kerman... Paper txikia emango dizute. Beraz, ez duzu aktore profesionala izan beharrik!
KERMAN: Saioa!!! Telesailetan pertsonaia guztiek dute garrantzia! Ez dago paper txikirik!
SAIOA: Tira. Ba, horrela jarriz gero, deus ez. Ez dugu parte hartuko.  
KERMAN: Bai, bai... Hartu behar dugu parte, bai! Ez uste zure mehatxuen beldur naizenik!!!!
SAIOA: Erotu egin al gara? Zu zeu ari zara oztopoak jarri eta jarri...
KERMAN: Gainera... Aktore ospetsua izateak badu abantailarik...
SAIOA: Kerman, mesedez, kapitulu batean paper txiki bat egiteagatik ez zara ospetsu bilakatuko...
KERMAN: Batek daki... Deborak hanka apurtu duenez, aktore berri baten bila arituko dira, eta agian niri emango didate! Eta, eskainiz gero, hartu egingo dut. Izan ere, erronka berriek ez didate batere beldurrik ematen! Lehen soldatarekin sekulako autoa erosiko dut, Christiano Robandorena bezalakoa... Eta bigarrenarekin ebakuntza estetikoa egingo dut, Xabier Pardelen antza izateko...

AZALPENA
Txutxu-mutxuzale galanta da gure Kerman. Gaurko atalean, «arratoein beldurra daukat» eta tankera horretako esaldiak ez erabiltzeko bitartekoak erakutsi dizkizuegu. «Arratoiek beldurra ematen didate» edota «arratoien beldur naiz» esan dezakegu, esate baterako.

Bestalde, bere hitza ere gehiegitan erabiltzen dugula ikusi dugu. «Honek badu bere garrantzia» edota «Horrek baditu bere abantailak» esaldietan, bere soberan dago. «Honek badu garrantzia» edota «horrek baditu abantailak» esatea nahikoa da. Horixe gaur ikusitakoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

A2
2011-03-08
16351548
1950