HABE Liburutegia: erabilera helburu

Badira hogeita hamar urte HABE bere liburutegia hornitzen hasi zela. Erakundearen beraren beharrei erantzuteaz gain, Liburutegiaren izaera publikoak, irakasle, ikerle, aditu eta herritar ugariren presentzia ekarri zuen eta, horrela, poliki-poliki, osatzen joan da gaur egungo Liburutegia, publikoa eta espezializatua. Berrogei mila dokumentu biltzen ditu eta urteotan sei milatik gora erabiltzaile bazkidetu dira bere zerbitzuak baliatzeko. Orrialdeotan, HABE Liburutegia aurkeztu nahi dugu, azken urteotan landu ditugun bideak eta egitasmoak azaltzeko.

1) Eleaniztasuna ardatz

Gure eguneroko errealitatea eleanitza da, eta geroz eta gehiago hala izango da. Mundu zabalean gertatzen ari den fenomenoa da hau. Gainera, hizkuntzei dagokienez, morrontza, gabetasun eta desoreka asko dituen gizartea da, tamalez, euskal gizartea. HABE Liburutegiaren xedea da, morrontza eta gabezia gutxiago eta oreka handiagoa erdiesteko erakunde, gizarte-eragile eta norbanakoen bidelagun izatea.

Helburua hori izanik, beheragoko gaiok jorratzen ditugu Liburutegian eta edozein erabiltzaileren (herritar soil, aditu, ikerle, irakasleren...) esku dago osatu dugun hizkuntzen unibertso txiki hau.

Liburutegia hiru ataletan dago banatua:

1. Hizkuntzalaritza Aplikatua. 18.000 dokumentu
Hizkuntzen didaktika, soziolinguistika eta psikolinguistika, eta hizkuntzek hezkuntza-sistemetan duten tokia jorratzen dituzten dokumentuen atala. Hau da hiruretan atalik teknikoena eta zabalena. Zehazkiago gaiok jorratzen dira:
                                                                 
* Hizkuntzen didaktika: hizkuntzen ikasketa eta irakaskuntzaren inguruko gaiak, hala nola, programazioa eta ebaluazioa, metodo eta planteamenduak, irakasleen prestakuntza, aldagai psikologikoak (motibazioa, gaitasuna…), lau trebetasunak, hiztegia, ahoskera, xede berezietarako hizkuntza…

* Soziolinguistika: munduko hizkuntzen egoera, munduko lurraldeen hizkuntz egoera, hizkuntz plangintza eta hizkuntza politika, elebitasuna eta diglosia, hizkuntza normalizazioa, hizkuntza minorizatuak, hizkuntz ukipena, hizkuntzen bizirautea, ordezkatzea eta hiltzea, hizkuntzak eta legeak, hizkuntzak eta komunikabideak, hizkuntzak eta generoak, hizkuntzak eta klase sozialak, hizkuntzak eta erlijioa, hizkuntzak eta gazteak, hizkuntzak eta migrazioak…

* Psikolinguistika: haurren hizkuntza, hizkuntzaren jabekuntza, bigarren eta hirugarren hizkuntzaren jabekuntza, hizkuntzalaritza kognitiboa, biolinguistika, neurolinguistika, logoterapia…

* Hizkuntzak hezkuntza-sistemetan: irakaskuntza elebiduneko eta hirueleduneko ereduak munduan, hizkuntzak unibertsitatean, immigrazioa eskolan…

2. Euskal Biblioteka. 12.500 dokumentu.
Euskarazko ekoizpena biltzen duen atala: euskal literatura osoa eta, horrez gain,  jakintza-gai guztietan euskaraz argitaratutako gehientxoena. Edozein jakintza-arlo euskaraz landu nahi duenarentzat materialak eskura jartzea da atal honen xedea.

3. Material Didaktikoa. 6.500 dokumentu.
Hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodo eta materialak biltzen dituen atala. Modu sakonean euskara ikasteko eta irakastekoak, baina baita hiztun asko dituzten hizkuntzak ikastekoak (ingelesa, frantsesa, gaztelania, portugesa, arabiera, italiera, alemana, txinera, japoniera, hindiera...) zein hizkuntza txikiagoetara hurbiltzeko materialak ere (katalana, galiziera, eskoziera, errumaniera, kroaziera, suediera, finlandiera, norvegiera, txekiera...).



2) Presentziazkoa ez den erabilera helburu

Izenburuak dion bezala, gure helburua HABE Liburutegiaren erabilera bultzatzea da. Baina erabiltzaileek bibliotekekin zuten harremana aldatu egin da.

Interneten eztandak eragin zuzena izan du azken urteotan ikerleek, irakasleek, teknikariek eta adituek dokumentazioa eskuratu eta kudeatzeko orain gutxi arte izan dituzten ohituretan. Internetek ekarri duen egoera berriaren ondorioz, behera egin du biblioteken erabilerak, arazo orokor eta estrukturala bihurtzeraino mundu osoan.

Bestalde, biblioteka espezializatuek berez daukagu desabantaila nabarmen bat udal- eta unibertsitate-liburutegiekiko. Azken hauek, biblioteka espezializatuek ez bezala, udalerrian edo campusean bertan dituzte erabiltzaileak, geografikoki gertu; gure kasuan, aldiz, erabiltzaileak sakabanatuta daude. 

Horrek guztiak, ordea, ez gaitu inolaz ere kikildu behar; alderantziz, akuilu izan behar du estrategia eta bide berriak jorratu eta finkatzeko, garai hauetara egokitu eta, beti bezala, erabiltzaileari zerbitzu onak eta azkarrak eskaintzeko, berdin da liburutegira etorri edo bere etxean edo bulegoan egon.

Erabiltzaileen behar eta lan-molde berriei erantzun nahian, HABE Liburutegian azken lauzpabost urteotan lehenetsi dugun helburu nagusia izan da, teknologia berriak erabiliz eta dauden biblioteken sareetan parte hartuz edo sare berriak sortuz, presentziazkoa ez den erabilera bultzatzea (hau da, Liburutegira gerturatu gabe Liburutegiaren zerbitzuak jasotzea) eta helburu hau bera da etorkizunari begira lantzen ari garen egitasmoen ardatza ere.


3) Sareak

Sareak ezinbesteko gertatzen dira baliabideak eta informazioa partekatzeko eta erabiltzaileei zerbitzu egokiagoak eskaintzeko. Baita Liburutegiaren erabilera bultzatzeko ere. Sarean lan egiteak dakartzan onurekin konbentziturik, HABE Liburutegia hainbat saretan parte hartzeko bidea jorratzen ari da azkenaldi honetan.
 
3.1 Liburutegi-sareak
Esan bezala, gaur eguneko biblioteken egitekoa da elkarrekin aritzea erabiltzaileari zerbitzu zuzenagoak eta azkarragoak eskaintzeko. Erabiltzaileari berdin zaio behar duen dokumentu hori non dagoen; nahi duena da ahalik eta azkarrena eskuratu. Sarean lan eginez liburutegiak aukera du bere funtsetan ez dauden dokumentuak lortzeko, beste liburutegi eta dokumentu-zentroei eskatuz; halaber, bere funtsak besteentzat eskuragarri jartzekoa ere. Bibliotekoi dagokigu, beraz, denda-atzea antolatzea.

HABE Liburutegia zenbait liburutegi-saretako partaide da eta lankidetzan aritzen da beste liburutegi eta dokumentazio-zentroekin:

* Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea
Euskal Autonomia Erkidegoko udal bibliotekek osatzen duten sarea da hau. Katalogo bakarra du eta oso erabilgarria den LAM (Liburutegien Arteko Mailegua) zerbitzua eskaintzen du. 2012ko udazkenetik aurrera HABE Liburutegia ere sare honetako partaide da.

*REBIUN
Espainiako unibertsitateen biblioteken sarea da, Estatuko inportanteena, dudarik gabe. HABE Liburutegiak 2009az geroztik parte hartzen du erakunde elkartu gisa.

* Biblioteka nazionalak eta unibertsitateetakoak
Munduko biblioteka nazionalek eta unibertsitateetako bibliotekek gehienetan beren funtsak erabiltzeko aukera ematen dute, dela erreprografia-zerbitzuen bidez, dela liburuen maileguen bidez... Horrela, bada, biblioteka hauek dituzten baldintzak eta protokoloak betetzen ditugunok, berez, biblioteken mundu mailako sarea osatzen dugu.

* Biblioteka-lankideak
Gertutasun fisikoagatik batzuetan edota tematikoagatik, bestetzuetan, kontua da biblioteka espezializatuok lankidetza-harremanak josten joaten garela beste biblioteka batzuekin eta, zenbaitetan, egitasmo komunetan hartzen dugu parte. Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka, Lazkaoko Beneditarrena, Gasteizko Sancho el Sabio edo Kataluniako Generalitatearen Centre de Documentació de la Direcció General de Política Lingüística bikaina dira gure aspaldiko lankiderik finenak.

* Worldcat eta Dialnet
Gainera, badira munta handiko ekimen zehatzak Worldcat (mundu-mailako katalogo kolektiboa) eta Dialnet (estatu-mailako artikulu zientifikoen hemeroteka erraldoia) bezalakoak, kasu, eta bietan parte hartzeko bideak aztertzen ari gara.

3.2 Talde profesionalekin harremanak saretzen
HABE Liburutegiak lantzen dituen gai-alor berberak ikertzen dituzten talde profesionalekin harremanak ehundu eta sakontzen ari gara, alde batera, gure funtsen erabilera bultzatzeko eta, bestera, zerbitzu azkar eta doituak eskaintzeko. Hitzarmena da erabili izan dugun formula lankidetza horiek zehaztu eta finkatzeko.

Bost erakunde, talde edo ikergune hauekin sinatu ditugu hitzarmenak:

* Joanes Etxeberri Egitasmoa (Euskararen historia soziala) - Euskaltzaindia
2009ko apirilean sinatu zuten hitzarmena HABEk eta Euskaltzaindiak. Hitzarmen honen arabera, HABE Liburutegiak Joanes Etxeberri Egitasmoak arlo dokumentalean dituen beharrei erantzuteaz arduratuko da, betiere, behar horiek Liburutegiak finkatuta daukan eremukoak direnean.

Hitzarmenak onurak besterik ez du ekarri; batetik, egitasmo honetako ikerlariek azkar asko jaso izan dituzte eskatu dizkiguten liburu eta artikulu andana, ahal izan denean, modu digitalean gainera; eta, bestalde, HABE Liburutegiak goi-mailako zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna erakutsi du urte hauetan guztietan, bere funtsak ikerlarien esku jarriz eta ez dituen dokumentuak beste liburutegien bidez lortuz.

Lankidetza honek, gainera, izan du bestelako emaitzarik ere: Euskararen historia soziala (EHS): argibide bibliografikoak: lehen emanaldia liburuaren argitaratzea, hain zuzen. Beste liburutegi batzuen artean, HABE Liburutegiaren funtsak erabili dituzte lana burutzeko, neurri esanguratsuan erabili ere.

Horrela, bada, 2009an Euskaltzaindiarekin egin bezala, beste lau erakundeokin sinatu zituen hitzarmenak HABEk, 2011ko abenduaren 16an:

* IKER - Centre de recherche sur la langue et les textes basques
Euskal ikasketen alorrean frantziar estatuan dagoen egitura espezializatu bakarra.

* Soziolinguistika Klusterra
Ezagutza soziolinguistikoaren ikerketan, zabalpenean eta aplikazioan dihardu. Euskal Herrian hizkuntza-normalizazioaren prozesuan inplikaturik dauden erakunde eta taldeentzat arlo zientifiko aplikatutik datuak, metodologiak, eta bestelako materialak eskaintzeko egitasmoak lantzen ditu.

* Mintzola Fundazioa
Euskararen ahozkotasunaren ikergunea.
  
* HIZNET – Hizkuntza Plangintzako graduondokoa
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak kudeatzen duen online ikastaroa soziolinguistikaz.

Aurrera begira bide berean sakontzeko asmoa dugu erakunde eta ikergune gehiagorekin hitzarmenak sinatuz.


4) Zerbitzuak

HABE Liburutegiak azken urteotan lehenetsi duen helburua presentziazkoa ez den erabilera sustatzea dela esan dugu gorago eta, jakina, horrek zerbitzu berezituak antolatzera eraman gaitu.
                                          
Hala ere, hor diraute indar betez Liburutegira bertaratzen direnek jasoko dituzten ohiko zerbitzuak ere, presentziazkoak direnak; hala nola, maileguaren ingurukoak (mailegatu, itzuli, luzatu, erreserbatu...), katalogoa, fotokopiatzeko/eskaneatzeko aukera, artikuluak pendrive-ra jaistekoa, bilduma osoa eskura edukitzea, buruz-buruko kontsultak egitekoa...

Baina, informazioaren uholdeak eta teknologia berriak dira gaur egungo gizartea definitzen duten aldagai nagusietatik bi, eta horien ondorio da liburutegietako erabiltzaileek beren ordenagailuetan jaso nahi izatea ahalik eta zerbitzu gehiena, fisikoki beren etxetik/bulegotik mugitu gabe.

Alertak
Zerbitzu honen bidez, liburutegia harpidetuta dagoen aldizkari zientifikoen (asko eta asko, formatu elektronikoan) azken aleen alertak (aurkibideak, alegia) e-postaz jasotzeko aukera ematen zaie HABE Liburutegiko erabiltzaileei; eta jasotako aurkibide horietan intereseko artikulurik topatuz gero, artikuluaren pdfa jaso daiteke.

Zerbitzu honek bat egiten du, bete-betean, biblioteka espezializatuen helburuetako batekin, informazioaren banaketa selektiboarekin, alegia. Era honetan, erabiltzaileak jasotzen ditu soilik bere intereseko aldizkarien alertak eta, horietatik, soilik bere intereseko artikuluak eta, gainera, era ezin hobean saihesten da gaur egungo arazorik larrienetako bat, hots, gehiegizko informazioa eta horrek sortzen duen itomena.

Liburu berriak RSS bidez
Gutxi gorabehera, urtero, 1.500-1.800 dokumentu berri (liburu, DVD, artikulu, baliabide elektroniko...) sartzen da liburutegian eta horien guztien berri (osorik edo atalka) RSS bidez jaso daiteke.

Interneteko baliabideen kudeaketa
Dudarik gabe, goranzko bidea hartu dute aspaldi samarretik Interneten dauden baliabideak. Bi bide erabiltzen ditugu gure interesekoak diren Interneteko baliabideok kudeatzeko eta gure erabiltzaileentzat eskuragarri jartzeko:
1  Webguneak direnean, Delicious izeneko aplikazioan jaso eta antolatu egiten ditugu. Une honetan 230 webgune ditugu jasota, eta gure webaren bidez kontsulta daitezke: . Hizkuntzen didaktika, eleaniztasuna, hizkuntzen egoera, euskararen ikasketa eta irakaskuntzarekin… zerikusia duten webguneak dira.
2 Artikuluak, liburuak, tesiak, aldizkariak... direnean, berriz, katalogatu egiten ditugu eta katalogoaren bidez kontsulta daitezke; URLa jartzen dugu erabiltzaileak zuzenean dokumentura jotzeko aukera izan dezan.

Aldizkari elektronikoetarako sarbidea
HABE Liburutegiak 667 aldizkarik osatutako bilduma du. Aldizkari gehienak liburutegiak jorratzen dituen gai teknikoen ingurukoak dira: hizkuntzen didaktika, soziolinguistika, psikolinguistika, etab. Horrez gain, bigarren talde batean biltzen dira edozein gairen inguruan euskaraz argitaratutakoak.
 
Gure bildumako aldizkari batzuk modu elektronikoan ere kontsulta daitezke eta guk sarbide elektroniko hori eskaintzen diegu gure erabiltzaileei. Batzuen kasuan (“sarbide mugatua” oharra dutenak), HABE Liburutegiko ordenagailuetatik bakarrik kontsulta daitezke artikuluen testu osoak, Liburutegia harpidetzaren bidez heltzen baita eduki digital horietara. Gainerako guztiek sarbide librea dute Interneten.
 
Web-orria
Aurten berritu dugun webean agertzen da gure zerbitzuen inguruko informazioa eta,  oro har, liburutegiari buruzko informazio osoa.

Hemen aurkituko gaituzu:
http://www.ikasbil.net/web/liburutegia/home
liburutegi@habe.org
alertak@habe.org
Vitoria-Gasteiz 3, 4. solairua, 20018 Donostia
943022604
                                               (Artikulu hau Egan aldizkarian ere argitaratu zen, 2012ko 3/4 alean.)




C2
2012-12-28
  • Imanol Irizar eta Oihane Oliveri
16285596
4916