Dokuteka
Emea naiz
Etxarrin gertatu zitzaigun. Joan zen asteburuan. Bariku gauean, edo, beno, egia osoa esanda, zapatu goizaldean.
Haize handia zegoen. Karpa handia itxi egin zuten, eta kotxerantz abiatu ginen. Ez, guk ez geneukan kanpin dendarik. Zapatuan bertsotan egin behar nuen Bakion eta bueltatu egin ginen etxera kotxean lo apur bat eginda. Hiru neska gindoazen kotxerantz, gauean egindakoak barreka errepasatuz.
Txizalarri ginela eta lagun bi zulotxo batean sartu ziren eta ni espaloian nengoen haien zain. Errepide ondoan. Kotxe batek bozina jo zuen, baina ez genion kasurik egin. Leihoa ireki zuen. Euskaraz hasi zitzaidan: "etorri nirekin politta, nik eramango zaitut leku eder batera!". Gizona zen noski. Edadetua. Ile zuria zeukan. Betaurrekoak. "Inork ez deutsu esan gelditzekorik be, eta ospa!", erantzun nion. Ez zeukan Gazte Topagunetik zetorren antzik. Ez zeukan zorionez, Topagunearekin zerikusirik.
Kotxea baztertu eta niregana etorri zen. Ez nekien oraindik ziur zer egin. Ez nekien oraindik ziur bera zertara zetorren. Geunden lekua obretan zegoen eta atzerantz ezin nuen egin hutsera erori gura ez banuen behintzat. Zuzen-zuzen etorri zitzaidan eta gerritik heldu ninduen, "zatoz nirekin" edo antzerako zerbait esaten zuen. "Ni ez ikutu!" esaten nion, baina nik ere ez neukan ihesbide handirik. Atzera bultza egiten nion, baina nik baino indar gehiago zuen, ia nirelako bi zen altueran.
Txiza egiten zeuden lagunetako batek salto egin zuen zulotik, prakak lotu ere egin gabe. Errepidean atzerago zegoen bati laguntza eskatu zion (eskerrik asko!). Mutila zen. Nik baino askoz ere ahalegin txikiagoa egin behar izan zuen gizon hark ihes egin zezan. Ondo ote geunden arduratu zen mutila. Baietz esan nion. Ez ziola besteari ezertarako astirik eman. Ez dela ezer izan.
Baina zer edo zer izan zen. Hiru geunden eta mozkor samarrak geunden arren, erreakzionatu egin genuen. Suertez, nork lagundu izan genuen. Baina gu harrapatu gintuen lekuan kanpinerantz edo bakarrik zihoan neskaren bat harrapatu balu? edo geuregana mutil hura etorri ez balitz?
Buelta asko eman dizkiot buruari, eta zenbat eta gehiago pentsatu, nazka handiagoa ematen dit tipoak. Eta beldur moduko bat sartzen zait barruan. Ez zelako ezer gertatu, baina gertatu zitekeelako. Neskak garelako/naizelako bakarrik gertatu zitzaidan hori. Minduta nago. Haserre nago. Eta pentsatzen nago, zoritxarrez horrelako asko gertatzen direla. Gehiegi gauza onerako. Eta ia-ia gertatzen direnak haizeak eramaten ditu, baina egon badaude.
Ez dago eskubiderik. Ez, ez dago. Komunitate humanoan zaila da emea izatea; arrentzat egindako komunitatea da nonbait. Baina ez naiz horregatik orain arte esan gabekoak esaten hasiko: emea naiz eta harro nago!
