Klima-aldaketa

Klima aldatzen ari dela diote batzuek. Kataklismoa beste batzuek. Hurbil ote dago munduaren akabera?

Kalaka saioan landu dute gai hau, Pello Zabalaren laguntzaz.

 

52. DVDa


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Xabier Euzkitze kazetaria. Gaur azaroak 9 ditu oraindik. Puskatxo bat geratzen zaio azaroaren 9ari, eta giroa benetan epela izan dugu, eguzkitsua… Jendea, gaur bertako irudiak dira, jendea lasai bainatzen, hondartzan jende-mordoxka… Eta hau azaroaren 9rako parte onekoa al da, Pello? 

Pello Zabala eguraldi-gizona. Izan da batzuetan. Alegia, horrelakoak egiten badaki. Baina nik uste segido-segido dezentetan d(ih)oala eta udazken oso goxoak eta goxoegiak ere izaten ari garela. Gaur ere, esan duzun bezala, tenperaturak ere 20 eta piko. Ni Urbian izan naiz eta beti gustatzen zait garaitsu honetan aber (ea) kamamilarik badagoen. Beti banakakoak egoten dira. Gaur eskukada bat bildu dut, 1.100 metrotan, han goian. Eta ja ardiak eta joan direnean eta ja azkenekotxoak bakarrik gelditzen dira. Eta tximeletak ikusi ditut Urbian bertan, lau bai, txuri-txuriak, eta hantxe, hortxe, ballet hori egiten. Eta gero, behera etorritakoan, gehiago, 16 bat ikusi ditut gaur. Eta esaten duzu: “Hau dena?” Tximeletei buruz baita ere esan behar da aurten tximeleta, inor erreparatzen ibili bada, behintzat, tximeleta ikaragarri izan dugula eta gureak, gure lurralde honetakoak ez direnak ere bai beste nonbaitetik etorriak. Eta horiek, ez dakit, beste zer edo zerk mugitzen ditu eta nik horiekin denekin erreparo hartzen dut: benetan hemen gauzak ez dira lehen bezala. Gu ohartu gabe behar bada, lehen berotzen joan dena izan da goiz-partea edo  gau-partea, eta horrekin, ba, goizeko minimo horiek, horrekin ez gara ia akordatu eta urteetan hortxe joan da. Eta gero etorri dira baita ere goiengoak, eguneko goiengoak. Eta tenperaturetan gora goaz. Hori azken, aurten bertan, Europako beste batzorde batek eman duen eran, toki batzuetan gehiago, noski, eta besteetan gutxixeago, Europa osoan ja 0,95, ia gradu 1era iritsita gaude beroketa horretan, ezta? 

Xabier Euzkitze. Baina batzuek datu horietatik oso ondorio alarmistak eta larriak ateratzen dituzte. Munduaren, guk ezagutu bezala, munduaren akabera hurbil ote, Pello? Ez da hainbeste izango ala? 

Pello Zabala. Ez nuke esango. Bueno, tristeena beste kontu bat da. Bueno, batzuetan jartzen zaio epe bat munduaren akabera izan daitekeena edo martxa honetan ezin dezakegu jarraitu eta beste… Nik uste dut hemendik(an) 40 urtera edo 80 urtera dirudunenek hortxe jarraituko dutela. Orain, bidean gelditu diren besteak, hori izango litzateke. Horientzat ez dago ja, ez dago mundu onik horientzat. Beste kontu bat izango litzateke klimarekin batera, ze klimak ekartzen dituen kosketan beti egongo gara prestatuta gaudenak, adibidez, udaran egiten duguna, ezta? Zera horiek… 

Xabier Euzkitze. haize egokitua jarri eta… 

Pello Zabala. haize egokituarenak. Eta neguan kalefakzioarekin (berogailuarekin) baino gehiago gastatzen dugu ia horrekin. Baina hori gastatzen dugu guk. Alegia, 6(ta)tik 1ek edo 2k. Eta besteek ez daukate horrelako posibilitaterik, ezta? Horregatik hemen nahasten dira klimarekin batera munduaren egoera eta pertsona askoren atarramendu gaiztoa nolabait. 

Xabier Euzkitze. Gai hau gehiago sakontzeko beste datu batzuek ere on egingo digute. Amaia Artetxek eskainiko dizkigu. Amaia, gabon. 

Amaia Artetxe esataria. Bai. Gabon. Gabon guztioi. 

Bada, dakizuenez, orain dela gutxi Stern izeneko txostena plazaratu dute. Txosten honen arabera, aldaketa klimatikoaren ondorioak katastrofikoak izan litezke hemendik aurrera. Egia desatsegina pelikulak ere oso ondo erakusten ditu hondamendiok.  

Off ahotsa. Lurraren berotzeak ekar ditzakeen ondorioak ikaragarriak dira Nicholas Stern ikerlari britainiarrak osatu duen txostenaren arabera. Ekaitzak, oihaneko suteak, lehorteak, bero-boladak eta uholdeak gero eta bortitzagoak izango dira. Groenlandiako urtze-prozesua, adibidez, atzera-bueltarik gabekoa bilakatuko da. Klima-aldaketak gero eta bortitzago hasiko dira izaten eta gero eta eskala handiagoan. Honek zera ekarriko du, ekosistema askoren oreka hautsi eta espezien % 25 desagertu betiko. Arrezifeak suntsituko dira glaziarrak bezala. Ur-eskasia nonahi gertatuko da eta itsasoak gora egingo du Londres, Shangai, New York, Tokio edo Hong Kong bezalako hiri handiak mehatxatuz. Goseak dauden pertsonen kopurua handituko da Afrika eta Asia-ekialdean. Eta uztak eskualde askotan murriztuko dira. Azken batean, planeta osoko ekonomian sekulako ondorioa izango du aldaketa klimatikoak, Barne Produktu Gordinaren % 20 galdu egin liteke. Hala ere, nahikoa litzateke % 1 inbertitzea aldaketa klimatikorik ez gertatzeko, beti ere Stern txostenaren arabera.  

Amaia Artetxe. Entzun duzue ikus-entzuleok, eta hona hemen galdera zuzena zuontzat. Aldaketa klimatikoaren ondorio bortitzak gerta ez daitezen zuen eskuetan dagoen zer egiteko prest (al) zaudete?  Adibidez, autoa garajean utzi eta lanera autobusez joateko prest al zaudete? Gogoratu, zuen iritzia gurean plazaratzeko 7711ra bidali zuen mezua, edo nahiago izanez gero, 902.540541 gure ohiko telefonora deitu.  

Xabier Euzkitze. Entzun duzue zer dioen Sternen txostenak; laburpen bat izan da, baina oso adierazgarria. Egia desatsegina edo Egia deserosoa izeneko filmak dio hau guztia eta, eta hor dabil Al Gore, Estatu Batuetako presidenteorde izana, munduan barna film honen promozioa egiten. Pello Zabala, aintzat hartzen al dituzu zuk Stern txosten honetan agertzen diren kalamidade horiek denak? 

Pello Zabala. E, bueno, posible, posible badira. Orain, nik ez diet hainbesteko kasurik egiten, beti honelakoetan gertatzen delako ba nolabait gure atentzioari kax-kax jo nahi diozu, ezta? Eta medioek, hedabideek honetatik jotzen dute. Atzo bertan, eta ikusi ditugun zerak, irudiak, ba Malagan eta inguru hauetan gertatu direnak kotxeekin eta, ezta? Eta hori dena horrela ikusi eta esaten duzu, bueno… Baina gero gainerakoak galtzen ditugu. Ba adibidez aber (ea) zenbat litro izan ziren: ez al zegoen hori dena abisatuta? Hemen pentsatzen dut, Euskalmet-ekin eta dena, hori, horrelakorik abisatuko ez bagenu, asaldatu egingo ginateke. Horrek esan nahi du eguraldi-kontuetan dezente, ondo ere bagabiltzala. Baina beste alde batetik, hor zenbat detaile (xehetasun) galdu diren, eta ez gara, ez gara enteratu han zergatik(an) izan diren, adibidez, ba hori, beharbada ez dakit zenbateko etxeak egiten ari direlako pendiz handietan eta dena zikin-zikin dago eta han joan da ura eta auskalo, eta harrapatu duen guztia eraman du edo…  Baina imajinak halaxe eman zaizkigu, ezta? Orduan, alderdi hori egoten da. Eta bestea jakin beharko genukeena, ba ez dago. Aber (ea) hori nola sortu den, ez al zegoen iragarrita? Edo zer gertatu den, ze(ren) honelako, ez dakit, hori bera ez dakit, ezta?, baina uda-partean geurean, arratsalde batean, izan genuen han Zornotza alde horretan eta Arantzazun bertan, ba, benetan tragarroi horietako modu batekoa izan zen, ze(ren) Arantzazun bertan bota zuen gerri lodiko lizarra ez zuen bota kolpean,  horrela, haizeak alde batetik jota,  baizik bueltan rast, bihurrituta.     

Xabier Euzkitze. Zurrunbiloan atera zuen… 

Pello Zabala. …zurrunbilo batean. Eta esaten duzu: “Hau hemen ez zen, ez zen gertatzen. Kosta aldean eta jakin ditugu eta gertatu izan dira, ezta? eta beste horrenbeste bi metroko horma baten ondoan eta txokoan zeuden zakarrontziak hartu ipurditik eta han bota zituen barranko (amildegi) alde hartara. Hori, horiek gure inguru hauetan ba aspalditan, han behintzat, gogoratzen garela ez dira izan: itsasaldean bai.  

Xabier Euzkitze. Zuek, Pello, gainerakoak baino gehiago erreparatzen diozue inguruari… 

Pello Zabala. Bai. 

Xabier Euzkitze. …ingurumenari. Benetan aipatzen dizkiguzun datu hauek guztiak susmagarriak iruditzen zaizkizu, beldurgarriak ere bai agian? 

Pello Zabala. Bai. Susmagarriak batez ere beste, landarediak eta xomorroak eta daukaten jokabidea. Adibidez, ba esan dezagun, kamamila bera San Joanetarako ja biltzen ari nintzen, baina kamamila orain 50 urte guk biltzen genuen Ama Birjina Arantzazukoaren eguna pasata eta gero kurtsoa hasita. Alegia, irailaren azkenetan Urbiara joan arratsalde batean eta kiloka bildu. Gero, pixkana-pixkana lehenagotzen joan da, lehenagotzen. Baina gaur etorri da ja uztailaren lehenengo, lehenengo egunetara. Eta kamamila hainbeste nahastu al da? Beste horrenbeste esan liteke tila lorearekin. Tila lorea beti Ama Birjina abuztukoaren ondoren, San Bartolome inguru horietan edo irailean biltzen genuen. Ba gaur, uztailean, bildu beharra zegoen, bestela pasatu zen, e!  

Xabier Euzkitze. Beste datu bat emango dizut, Pello. Harrituta geratu gara baina… Gaur Ordiziako ferian udaberriko xixak omen zeuden salgai.  

Pello Zabala. Bai. Hori beste batzuetan ere pixkatxo batzuk azaldu dira. Eta aurten, nik uste dut, dagoen giroarekin, gehiago azalduko direla oraindik(an). Nik ere ikusi ditut batzuk oso lehorrak mendian. Orduan, ez dakit, zer edo zer badabil hemen naturala ez dena ze(ren) gehiago akordatuko dira patxarana egiteko basaranak biltzen dituztenak ba San Inazio-bezperan bildu nituen, eta hori Ama Birjina Arantzazukoaren ondoren, orain ere bildu ditut, e; atzo bildu nituen batzuk, oraindik ere badaude. Orduan, uda jarraitzen ari da, baina asko aurreratu da. Eta bueno, datuak hor badaude Bartzelona aldetik edo Katalunia aldetik eman dituztenak nola udaberria hiru aste lehenago hasten den eta bukatu beranduago. 

Eta badauzkagu, baita ere, esaera zaharrak. Ba nahi baldin bada enarekin. Enarak etorri Santa Krutzetan eta joan Santa Krutzetan. Etortzeko Santa Krutzak dira maiatzeko 3a, Santa Krutzak, Legazpiko festak eta. Bi hilabete lehenago hor ibiltzen dira ja, eta beste Santa Krutza izango litzateke iraileko 14a. Eta begira, bi hilabete pasa eta gero oraindik hor dabiltza batzuk, ez bandada (multzo) handiak baina hor dabiltza. Hau ez da ja naturala , niretzako (niretzat). Orain, horren eraginak izango diren hor agertu direnak. Gurean ez dut uste hainbestekorik, baina txikiagoak-txikiagoak, asko. 

Xabier Euzkitze. Dena den, datu susmagarriak dira, zalantzarik ez dago. Baina historiaren joanean, lehen Koldo Goitiak ongi esan bezala, lehen ere izan dira gorabehera latzak, eta esate baterako, Erdi Aroan sekulako beroa egin zuen eta ez hemen bakarrik, munduan oro har, ba orain egiten duena baino bero handiagoa egiten zuen. Datuak esate baterako, Pirinioetako glaziarrak orain baino dezentez txikiagoak ziren; Islandian garia ereiten zuten. Islandian, nork pentsa gaur egun. Islandian Erdi Aroan garia ereiten zuten, eta vikingoek herrialde berdea deitu zioten Groenlandiari. Pentsa, zer-nolako aldaketak! Beraz, oraingo honekin, hau jakinda, Pello, hainbatek galdetu lezake, eta neuk galdetzen dizut. Hori jakinda, zergatik beldurtzen ote gara ba horrenbeste oraingo aldaketok ikusita? 

Pello Zabala. Hori pixka bat osatuz esango nizuke gure, gure ibai hauetan barkuak ibiltzen zirela Oria ibaian Usurbileraino, eta hor egiten ziren barkuak. Urumea ibaia joaten zen Hernaniraino: han dago Puerto auzoa oraindik(an). Eta besteak horrela, o sea (alegia) garai hartan egon zen, eta itsasoa dezente gorago ere bai. Baita ere esan behar da XVI. eta XVII. mendean hotzaldi bat egon zela, eta oso serioa, eta hotzaldi horrek baita ere zuhaitzak dezente gora eraman zituela. Orain alderantziz gertatzen ari da. Baina oraingoak beste kontu bat dauka. Adibidez, gure kotxeen eta datuak. 1922an omen zeuden 10 milioi kotxe… 

Xabier Euzkitze. …munduan…  

Pello Zabala. …munduan. 9 milioi Estatu Batuetan, Frantzian batzuk eta Ingalaterran beste batzuk eta Europan eta, 10 milioi. Gaur motorretan, kamioi, autobus, kotxe eta motor, 900 milioi daude. Eta pentsa ezazu, horiek denak ez daude geldi egoteko, ezta? Orduan, horrek denak ematen duen berotze hori eta bueno, C02 kontu hauetan eta kutsadura-kontuetan ez ditu inork kontatzen hegazkinenak.                              

C2
2006-11-14
16280454
00:14:04
8840