Euskadi tropikaleko igela Nairobin egosia
Duela hiru aste San Martin izan da, eta hainbat etxetan zerria hil dute. Aurten, ia inoiz baino epelago izan da jaia, nahiz eta beste urte batzuetan San Martinen udatxoak lagunduta eguraldi ona gozatu dugun.
Baina, epelaldia ohikoa izaten bada be, ohikoa ez dena da oraindik gure baratzeetan tomateak, lekak, piperrak eta kalabazinak egotea. Ohikoa izaten da garai hauetan dagoeneko mendietan elurra egin izana, eta haranetan neguko lehenengo izozteak jasan izana. Baina orain arte, ezertxo ere ez. Aurten neguko azak eta porruak udako barazkiekin ari dira baratzea konpartitzen. Eta gu pozik, nola ez! Nork nahi du hotza pasatu?
Duela hiru aste inguru, Bretainia Handiko Gobernuko Ekonomia ministroak txosten izugarria eman zuen ezagutzera. Antza, klima berotzearen ondorioak ikaragarri kaltegarriak izan daitezke mundu osoko ekonomiarako. Aurreztuko dugu berogailuan, baina batera, ekonomia globalak oso kostu altuak izango ditu. Nicholas Stern ekonomialariak egindako txostenaren arabera, egun ekingo bagenio klima-aldaketa sortzen duten kutsatzaileak murrizteari, munduko Barne Produktu Gordinaren %1 kostatuko litzaiguke, baina ez badugu ezer egiten 20 aldiz garestiago aterako zaigu eta, ondorioz, munduko ekonomiak izugarrizko atzerakada izango du. Hori modu hotza da azaltzeko zer gerta daitekeen orain arte bezala segituz gero. Egia esanda, edozein tokitan irakurrita datu-andana izugarria aurki daiteke, dela egon daitezkeen uholdeak, lehorteak, eta urakanak, dela itsas-mailaren igoera eta suntsituko diren hiriak eta estatuak --New York eta Bangladesh, beste askoren artean-, dela sor daitezkeen izurriteak eta eritasunak, dela kaltetuko diren milioika eta milioika gizaki, dela suntsituko diren landare eta animalien espezieak. Hitz gutxitan esanda, kataklismoa.
Duela 14 urte jada, Rio de Janeiron erabaki zuten oraindik oso eztabaidatua zen klima-aldaketari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra. Bost urte luze iraun zuten gobernuen arteko eztabaidak, eta, azkenik 1997ko abenduaren hasieran Kyotoko Hitzarmena sinatu zuten hainbat eta hainbat estatuk. Etxerako lanak egiteko konpromisoa hartu zuten askok, baina gehienek oraindik ez dituzte egin, guk barne, jakina. Gainera, gehien kutsatzen zutenek, alegia Estatu Batuek, hitzarmenari muzin egitea erabaki zuten. Eta berdin segitzen dugu.
Ordutik hona, hitz egin --eta idatzi-- asko hitz egin da, baina benetan egin, gutxi. Hor daude, bestela, datuak. Berotegi-efektua eragiten duten gasen isurketa etengabe gora doa. Esaterako, duela berrehun urte, industria iraultzaren hasieran, CO2ren maila atmosferan 280 m.p.-koa zen, eta egun 430 m.p.-koa da eta orain arte bezala, ez gehiago, segituz gero, hogei urte barru 550 m.p.-koa izan daiteke. Badakit, ni ere zenbakiak eman eta eman, baina halabeharrez. Errazago uler dezagun, konparaketa txiki bat. Berdin segitzen badugu, mende honen bukaerarako munduko batez besteko tenperatura bost gradu igoko da, eta hori da azken glaziaziotik gaur egun arte izan den beste!
Nik uste nuen Stern ekonomialariaren txostenak eragina izango zuela gobernuetan, baina bistan dago berriro ere inozo bat izan naizela. Nola ulertuko dut, bestela, amaitu berri den Nairobiko bilera? Hara joan ziren agintariak munduko zoko guztietatik, eta han izan dute aukera, berriro ere, zerbait zehatza erabakitzeko. Jakina, antolatzaileen arabera, bilera arrakastatsua izan da. Berriz ere, datuen dantza, eta ez dakit noizko ez dakit zenbat eta abar, baina konpromiso zehatz, irmo eta zintzo gutxi. Bai, hitz on asko, keinuren bat ere bai, asmoak asko. Hara joan ziren gure agintariak, eta han landatuko dituzte milaka zuhaitz. Ondo. Baina Euskal Herrian berdin egingo dute?
Tokirik ez da falta, baina gogorik? Ala ezin da? Eta horrela bada,zergatik ezin da? Orain urte gutxi modan jarri zen Euskadi tropikala aipatzea. Txantxetan aipatzen genuen, eta grazia egiten zigun. Azken bolada honetan badirudi hori aipatzea modaz pasatu dela. Ohitu egin garen beldur naiz. Izan ere, ontzi batean ura irakiten jartzen badugu eta bertara igel bat bota, horrek ziztu bizian kanpora egingo du salto.
Baina, aldiz, bere gustuko uretan sartzen badugu igela eta poliki-poliki berotu, lasai asko egongo da igeltxoa, konturatu gabe ura gehiegi berotzen dela. Azkenean, tontotu eta egosi. Ez dakit nik, bada, guri ez ote zaigun hori gertatzen ari. Batzuek nahiago dutelako egungo ogia, nahiz eta biharko gosea izan, eta beste batzuek ez dutelako edo ezin dutelako ezer egin nahi, baina arazoa konpondu beharrean okerrera ari da etengabe. Aitzitik, Stern ekonomialariak zioen bezalaxe ezin luzagorik itxaron. Ezin. Bada, aitzakiarik gabe, gure gobernuen agendan lehentasuna bihurtzeko garaia. Hau gelditu behar dugu. Derrigorrez. Ezin da argiago esan, bai, aldiz, ozenago. Salba dezagun, munduko klimaren igela!
Irudia: Alexa, Pixabay