Klima aldaketa

2015a urte beroena izateko bidean da. Batezbesteko tenperatura gradu bat igo da.

2015. urtea historiako beroena izateko bidean dago, eta datorrena, 2016a, are beroago izan liteke 'El Niño' izenaz ezagutzen den fenomenoaren ondorioz, Michel Jarraud, Munduko Meteorologia Erakundearen idazkari nagusiak Genevan iragarri duenez.

2015eko meteorologiaren aurrerapena aurkeztu du erakundeak, urtea amaitzeko hilabete falta denean, eta lurrazaleko tenperatura industriaurreko garaiko tenperatura baino gradu bat altuagoa izatera iritsiko dela jakinarazi du. Gainera, "El Niño" fenomenoaren eragin handiaren eta gizakiak sortutako berotegi efektuaren arteko nahasketaren ondorio izango omen da.

Erakundeak urtarriletik urrira arteko tenperatura aztertu du, eta 1961 eta 1990. urteen arteko batez besteko tenperatura (14 gradu) baino 0,73 gradu altuagoa izan omen da, industriaurreko garaian (1880tik 1899ra) baino gradu bat altuagoa.

"Albiste txarrak dira Lurrarentzat", ohartarazi du erakundearen idazkari nagusiak. Izan ere, 2011tik 2015era arteko epean batez besteko tenperatura 1961-1990 epean baino 0,57 gradu altuagoa izan da.

Munduaren tenperaturaren gorakadak ez du aurrekaririk, eta eremu handietan (AEB, Australia, Europa, Hego Amerika eta Errusia) tenperatura maximoen errekorrak gainditu dira, "tarte zabalarekin".

Era berean, erakundeak azpimarratu du historiako hamar urte beroenak 1998tik aurrera izan direla; 2005etik aurrera, horietako zortzi. Gainera, datorren urtea inoizko beroena izan liteke, negutegi efektua eragiten duten gasak inoizko mailarik altuenean daudelako.
 

"Klima aldaketa munduaren  segurtasunaren aurkako mehatxurik handiena da"
Ban Ki Moon, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia

 


Parisen bildu dira munduko herrialdeen ordezkariak klima aldaketari buruz hitz egin eta erabakiak hartzeko.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Eitb-k garatutako infografia honetan klima aldaketari buruzko azalpenak aurkituko dituzu. Modu grafiko eta erraz baten klimaren aldaketan eragiten duten faktoreak aztertzen dira  bertan.
Gainera, historian zehar gertatutakoa, gaur egungo egoera eta etorkizunari begira egindako aurreikuspenak ematen dira.

 

Iturria: http://www.eitb.eus/multimedia/infografias/infografia-multimedia/klima-aldaketa.html (Flash motako edukia da)

 


B2 C1
2015-11-30
16272232
7468