Edgar Allan Poe

1809ko urtarrilaren 19an jaio eta 1849ko urriaren 7an hil zen Edgar Allan Poe, estatubatuar idazlea. Idazlearen biografia laburra duzu irakurgai.

Edgar Allan Poe idazlea ( Boston,1809- Baltimore, 1849) Elizabeth Arlold Poe eta David Poe aktoreen semea zen. Gurasoak herriz herri ibiltzen ziren antzezlanak eskaintzen. Bi urte zituenean, oso epe motzean hil zitzaizkion guraso behartsuak. Beraz,  Virginiako Allan senar-emazteek, John eta Frances aberatsek, Erresuma Batuan hazi zuten mutikoa 1815-1820 urte-tartean. Senarra negozio-gizona zen.

Mutikoa bere gain hartu bai, eta Edgar Allan Poe izena ipini ere bai, baina ez zuten ofizialki adoptatu. Edgar Londresko eskola batean hasi zen literaturara zaletzen, eta 11 urterekin Estatu Batuetara itzuli zen: eskola pribatuetan ikasten zuen. Virginiako Unibertsitateko zuzenbide-ikasle ere izan zen. Baina joko zalea zen, parrandak eta edatea maite zituen…  Eta John Allanek ikasketetarako diru gehiago ez bidaltzea erabaki zuen. Bota egin zuten unibertsitatetik, eta aitaordeak lortu zion lana ere utzi egin zuen. Aitaordearen eta semearen arteko harreman hau ia apurtuta, Poe bere jaioterrira itzuli zen, Bostonera. 

 

 

Hiri horretan, baina era anonimoan,  Tamerlane and Other Poems poema-liburua kaleratu zuen Poek. Liburuak ez zuen arrakastarik izan eta soldadu sartu zen. Bi urte egin zituen soldadu. 1829an bigarren poema-liburua argitaratu zuen, Al Aaraf. Aitaordea  saiatu zenez mutikoari berriro laguntzen, West Point-eko Akademia Militarrean hasi zen lanean, baina hilabete gutxira handik ere joatea erabaki zuen.

Poeren ustez, poesia zen literatura-adierazpiderik gorenena. Nahi bai, baina genero honi ez zion eskaini denbora nahikorik: ez zuen sosik ematen. Beraz, prosari heldu behar! Bere bizitzan zehar 60 bat ipuin idatzi zituen, besteak beste.

Esan bezala, jateko gutxi zuenez eta dirua ere eskas, poesiatik prosara egin zuen salto, bere egoera ekonomikoa hobetzeko. Maria Clemm izebak bere etxean hartu zuen. Ipuinak idazten hasi zen, eta literatura-kritikak, orduko hainbat egunkarirentzat. Bere estilo dotore baina ziztadatsuak, ospea ekarri zion. Lana zela-eta, Filadelfia, New York eta Baltimore hirietan bizi izan zen. Eta azken honetan ezkondu egin zen, 13 urteko neskato batekin, Virginia Clemm lehengusinarekin: 1836an gaude.

Garaitsu horretan ipuingile gisara, eta nobela laburrak idatzita, ari zen ospea lortzen mundu osoan, eta fama hori areagotu egin zuen 1845eko urtarrilean argitaratutako The raven (belea) poemak. Baina 1847an bere emaztea hil zen tuberkulosiak jota. Poeta lur jota utzi zuen heriotza honek. Eta hala ere, Eureka saiakera plazaratu zuen 1849an, Alexander Von Humboldt-i eskainia.

 

Gazte-garaiko Sarah andregaiarekin ezkonduko zen agian. Baina heriotzak bikotea banandu egin zuen, eta delirium tremens baten ondoren azken hatsa eman zuen Poek, 1849ko urriaren 7an.
 

Euskaraz aurki ditzakegun bere liburuetako batzuk:
Kontakizunak / Edgar Allan Poe ; itzultzailea, Koro Navarro Etxeberria (2000)
Rue Morgueko hilketak / Edgar Allan Poe ; itzultzailea, Iñaki Mendiguren (1996)
Ligeia izu ipuinak / Edgar Allan Poe ; itzultzaile Migel Anjel Unanua (1987)
Botila batean aurkitutako eskuizkribua eta beste ipuin batzuk / Edgar Allan Poe ; itzultzaile, Koro Navarro Etxeberria (1989)
Gutun ebatsia / Edgar Allan Poe ; itzulpena, Juan Mari Mendizabal (1996)
Urre-zomorroa / Edgar Allan Poe ; itzultzailea, Txiliku (1990)
Rue Morgueko hilketak / Edgar Allan Poe ; itzultzailea, Iñaki Mendiguren (2007)    


B1
2014-03-17
16265340
8728